ALONSO, Jon

(Iruñea, 1958)

Biologian lizentziaduna da. AEK‑ko irakasle modura lan eskarmentua izateaz gainera, Iruñeko udal ikastola batean irakatsi du. Bestetik, Nafarroako Legebiltzarrean eta Gobernuan aritu izan da itzultzaile lanetan. 1995ean Mikel Zarate Saiakera Saria jaso zuen Jon Alonsok Idiaren eraman handia (Euskaltzaindia-BBK, 1995) lanagatik. Sormen prozesua eta haren ingurukoak ziren saioaren ardatzak: literatur sorkuntzan nagusi den irudi erromantikoa
‑inspirazioa eta orijinaltasuna aipagai dituena- kritikatu eta lanari eta ereduei ematen zien garrantzia nafarrak. Askozaz orokorragoa zen argitaratu zuen bigarren saioa, Agur Darwin (eta beste arkeologia batzuk) (Pamiela, 2001), zeinarekin Juan Zelaia Saiakera Laburren Saria irabazi zuen.

Idiaren eraman handia argitaratu zuen urte berekoa dugu bere lehen nobela: Katebegi galdua (Susa, 1995). Intriga nagusi den obra honetan azaltzen zaigu nola eskuizkribu misteriotsu bat galdu den, Juandeaburre Fundaziotik lapurtuta, eta horren atzetik dabiltza era guztietako agintariak, hainbat hilketa gertatuko direlarik. Eskuizkribuaren balioa ez da edonolakoa. «Europa bitan banatu zuen zisma protestantea gertatu zen garaira garamatza obrak. Erreforma eta Kontraerreforma izan ziren gertakariaren ondorio. Eskuizkribu misteriotsuak Erasmoren Colloquiae delakoen espiritualtasun berriarekin bat zetorren, eta, hain zuzen, Erasmoren lan horretxek eragin zuen, bere gainerako idazkiekin batera, zisma protestantea. Liburua Nafarroako misiolari katoliko ezagun batek idatzi zuen arren, idazteko moduak hugonoteekin zerikusia zeukan. Aurkikuntza euskaldunak katolizismoarekin lotzen duen kontzientzia ahanzkorraren otzantasuna astintzera dator. Zalantza gehiegi azalarazten zituen euskaldunen iraganaren inguruan. Bere existentzia benetakoa izatekotan, Trentoko Kontzilio osteko geure historia berriro planteatzera bultzatuko gintuzke...» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004). Xabier Mendiguren idazle eta editorearen iritziz, Katebegi galdua-n «intrigaren jakinmina, eskuizkribuen xarma eta Euskal Herriko errealitatearen isla barregarria elkartzen ditu egileak artoski, beste hainbat ezaugarrirekin batean. Intelijentzia, sentsibilitatea, umorea eta ofizioa ageri ditu autoreak» (in Mendiguren Elizegi, Xabier, 'Jarraipena eskatzen duen opera prima', Argia, 1996-03-10).

Polizia nobelatik asko izan arren, Katebegi galdua-n jada antzeman daiteke Alonsoren genero nahasketarako joera. Ezaugarri hori nabarmenagoa da Elkarlanean Euskalgintza Fundazioaren Joseba Jaka Bekari esker osaturiko Camembert helburu (Susa, 1998) obran. Intriga nobela, kronika eta saiakeratik ere badu Tolouse-Lautrec-ek ustez margotu zuen koadro baten inguruan Alonsok egituratzen duen istorioak. Askozaz zailagoa da definitzen bere hurrengo argitalpena, Euskal Karma (Susa, 2001). Egileak bera «rapsodia» bati buruz mintzo zaigu, zeinetan ironia eta umorea nagusi diren. Istorioaren arabera, martetar euskaltzale bat jaisten da Euskal Herrira, eta frantziskotar bat jartzen du lanean, euskal literaturaren kanona egin dezan. Ibon Egaña kritikariaren arabera, «ezer ez da dirudiena Euskal Karma-n, eta ezin dugu liburua umorezko narrazio soil kontsideratu (edo ez hori bakarrik, bederen), izan ere, literaturaren eta, oro har, kulturaren gaineko gogoeta orokorrak aurkitzen ditu irakurleak liburuaren muinean. Azkenaldian puri purian dauden eta aldi berean betikoak diren bi auziren, bi gairen inguruan osatutako erantzuna da Euskal Karma: unibertsaltasuna eta originaltasuna. Hain zuzen, originaltasun-kontzeptu berri bat da liburua rapsodia-forma hartzera daramana: originaltasuna ez da besteek sortutakoaren gainean edo haien inguruan idaztea baino. Tradizio literarioa jaso eta norberak bere ikuspegitik ematean datza originaltasuna. Horregatik, Borges, Vazquez-Montalban, Txomin Peillen eta beste hainbaten testuak sartu-irtenean dabiltza etengabe. Borgesen Traidorearen eta heroiaren gaia ipuina oso presente dago liburu osoan zehar, eta idazle argentinarrak egin bezala, Alonsok etengabe ezbaian jartzen ditu pertsonaien rolak. Heroia heroi izatetik traidore izatera igarotzen da, bahitzailea bahitua ere bada aldi berean, borreroa bere buruaren biktima da... Idazle nafarrak ausart jokatu du literaturaren baliabideak erabili eta haiekin jolas egiten, literaturaren barruan bide berriak esploratzen; irakurlea txunditu eta gogoetarako ateak zabalduz. Eta hori guztia estilo arin eta umorez blaitutakoaz» (in Egaña, Ibon. 'Euskal zama', Euskaldunon Egunkaria, 2001-12-22).

Bien bitartean, nobelaren eta saiakeraren artean kokatu beharko genuke Hodei berdeak (Susa, 2003). «Frankismoaren azken aurreko urteetan, 60ko hamarkadaren bukaeran, EGIk, Alderdiko gazte adarrak, komandoak entrenatu zituen Ipar Euskal Herrian, armak erosi eta banatu, atentatuak prestatu. Nafarroako taldea gertatu zen biziena; ekintza ikusgarriak burutu zituen, Espainiako Itzulia zela-eta Urbasan paratu zuten bonba entzutetsua, kasurako. Gero, Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi iruinsemeak Ultzaman hilik gertatu ziren 1969ko apirilaren 6an, auto barnean manipulatzen ari ziren lehergailuak zapart egitean, eta horrekin bukatu zen jelkideen borroka armatua. Artajoren eta Asurmendiren heriotzaren inguruan ardazten da, hein handi batean, Jon Alonsoren Hodei berdeak. (...) "Bada informazioaz eta datu pilaketaz haratago dagoen egia klase bat, historia-liburuak irakurtzen harrapatzen ez den egia klase bat, egia sakonagoa, benazkoagoa, garrantzizkoagoa. Ispiluan beste aldean dagoena". Horrela dio liburu honetako protagonistetariko batek. Idazleak egia hori azaleratu nahi izan digu, Hodei berdeak idatzi eta gisa honetara moldatzerakoan. Batetik, egia, benetan gertatua, eskura ditugun datuetan egiazta daitekeena, eta bertzetik, izan zitekeena, gertakari historikoen alderdi ilunei literaturaren bidez argia emateko guraria. Eta horiekin guztiekin batean, juzku bat, balorazio bat, gogoeta egiteko bide bat, guti axola idazlearena berarena den edo berak sortutako pertsonaiena.
»Bide horretatik abiatuta, Nafarroako 60 hamarkadako lurpeko abertzaletasun klandestinoari begirada zorrotza eta aldi berean samur eta barkabera eskaintzen dio Jon Alonsok. Panegirikorik gabe, jende haien miseriak edertu gabe, doinu kritikoa eta ironia galdu gabe, iraute lan nekezean ari ziren haiekiko zorra aldarrikatzen du... haiekiko urrutiramenduarekin batean», idatzi du obraz Aingeru Epaltzak (in Epaltza, Aingeru. 'EAJk mendira jo zuenekoa', Nabarra, 2004-05).

Itzulpengintzan ere aritua da Alonso. Berak ekarri ditu euskarara Jose Samaragoren Lisboako setioaren historia (Ibaizabal, 1999) zein Julio Cortazarren zenbait ipuin -Julio Cortazar. Antologia apetatsua (Txalaparta, 2005)-; gazteleratu, berriz, Juanjo Olasagarreren El Africa de Mandela (Ediciones B, 2000). Bestalde, Asisko Urmenetarekin batera, gazte euskaldunak xede zituen lokuzio liburua argitaratua du: Mantxut.


Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Jon Alonsoren argazkia: argia.com

© Katebegi galdua: Susa

© Euskal karma: Susa

© Hodei berdeak: Susa