ANSELMI, Luigi

(Bilbo, 1954)

"Beti izan dut poesia zeregin pribatutzat eta desgogara baino ez dut jende aitzinean hari buruz mintzatu. Gil de Biedmaren hitzetan ez dago, nire aburuz, gezurrik, bertsogintza -ez bertsolaritza- bakarka burutzen den jokoa edo jolasa dela dioenean. Gehienez lau lagunendako onduko litzatekeen zerbait, Ezra Pound-ek dioen bezala ("I join these words for four people / some others may overhear them / Oh world, I am sorry for you:/ You do not know these four people").

Idazle baten bizitzak eta gorabeherek, bestalde, ez ohi dute muntarik izaten, egiazki. Muturreko kasu batzuetan salbu (gogora dezagun, esaterako, Fernando Villalón andaluziar abeltzain eta poeta, kasu), nekez berdindu edo gaindi dezakete haren lana, denik eta apalena izanda ere.

Eta nire bizitza, noski, nire lana baino are ezdeusago duzue. Euskal literaturari gagozkiola, 1985ean hasi zen, Pamiela etxeak Zoo Ilogikoa argitara eman zuenean. Ordukoz hainbat olerki idatzirik nuen, gaztelaniaz gutiz gehienak, baten bat ingelesez. Eta bakan batzuk kazeta edo aldizkari apaletan argitaratu baziren ere, gainontzeko guztiek zegokien patua izan zuten eta aienatu ziren betikoz. Salbatu ziren apur haietarik zenbait Cuando Arde el Agua (1988), Una botella al mar (1995) eta A la Orilla del Tiempo (1998) liburuetan plazaratuko ziren geroago, berriekin batera.

Luis Gutiérrez Larrea Bilbon 1954an jaio bazen ere, laurogeiko hamarkadaren hastapeneraino joan beharko genuke Luigi Anselmiren sorrera azaltzeko. Orduan hasi bainintzen euskaraz ikasten; orduan ezagutu bainituen gerora banaezinak izanen nituen adiskide zenbait (Larrea, Capeau, Aranaz...). Maisu eta adiskide. Zer-nori-nork eta haren / bere bereizten ez ezik, Lapurdi eta Zuberoako klasikoekin gozatzen ere irakatsi zidaten; Leizarraga, Axular, Tartas, Duvoisin, Laphitz edo Mirande... Sarrionandia eta Atxaga ere bai, jakina (izan ere, Aresti zen jadanik ezagutzen nuen bakarra itzulpenei esker). Geroago idatz nezan adoretuko ninduten (edo sutara plamak bota nitzan, hala iriztera); eta haiek hornituko zituzten ene liburuak oro irudi ederrez, baita argitara emanen ere.

Alhokol(a) Poemak (1984) izan zen Pamielan -garai hartan aldizkari eta argitaletxea- elkarrekin egin genuen lehen lana, nik uste. Geroago heldu guztia zehatz-mehatz azaltzea nekagarri liteke eta arrunt gogaikarri irakurle ezezagunarendako."


Bio-bibliografia

Luigi Anselmik, Luis Gutierrez Larrea benetako izenez, Filosofia eta Filologia Ingelesa ikasi zituen, eta hizkuntza horrek eraman zuen irakaskuntzara. Gaur egun, lanbide berari loturik jarraitzen du, baina ingelesa irakatsi ordez euskarazko klaseak ematen ditu.

Bere lehen poemategia, Zoo ilogikoa, 1985ean kaleratu zuen, garai hartan argitaletxe ez ezik literatur aldizkaria ere bazen Pamielaren eskutik. Daniel Abrisketa kritikariak esan bezala, lan hartan jada antzeman zitezkeen bere obran ohiko diren irudiak: "natura, hiria gauez, patua, denbora, heriotza, alkohola. Errealitatearen zoo ilogikoa" (in Abrisketa, Daniel. "Luigi Anselmi, esbozo de un poeta invisible", Zurgai, 2002ko uztaila, 108-111 orr.).

Iñaki Aldekoaren aburuz, "klasizismoz, errebeldiaz eta ardoz bustitako ibilbide poetikoa" erakustera zetorren Zoo ilogikoa. "Octavio Pazek ardoaren zentzu bizigarri eta espirituala gogora zekartzan zenbait poeta txinatarren, haien artean Tu Fu, itzulpen gogoangarrian: "Antzinako txinatarrentzat -antzinako mediterranearrentzat bezala- mozkorkeria munduarekiko adostasun egoera zen, bizitzaren joan-etorriarekiko bat-bateko adiskidetzea". Deus gutiago da Anselmirentzat, eta ironia finez irri egiten dio moraltasun -pacata- arrazoimenak eta senak ezarri nahiko lioketen lehorteari. Hala ere, poeta zoo ilogiko baten aldera lerratua zen jada, zeinetako animaliek beharraren kateak hautsiko zituzten askatasunaren erresuma ezartzeko. Elementuen subertsio hori irudimenaren eta poesiaren aldeko metafora argia genuke" (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

Handik hiru urtera, Desiriko alegiak (Pamiela, 1988) argitaratu zuen Anselmik. Liburu "hiritar" gisa definitu izan dute, eta poemetan Ezra Pound zein Jon Miranderen eragina antzeman daiteke. Abrisketarentzat liburua zera da: "Des-hiriaren poesia, hiriaren des-eraiketa poetikoa, edo gartzela-hiriaren labirintoa bizitzaren, tristeziaren erresumaren metafora gisa" (in Abrisketa, Daniel. Op. cit.). Desiriko alegiak poemategiarekin Xalbador Saria jaso zuen poetak, Patziku Perurenarekin ex aequo.

Bien bitartean, hedonismoari gorazarre argia genuke Bacchabunda. Catulus-en omenez (Pamiela, 1993), non handik eta hemendik azaltzen diren Catulori zein Omar Khayyami zuzenduriko keinuak. Poeta klasikoen eraginarekin batera, behin gehiago hiria, Bilbo, ageri da poemen hondoan. Amaia Iturbideren arabera, Bacchabunda. Catulus-en omenez-en Anselmik "itxuraldaketaren gaia harrapatu du, hiriko gauetan eta ardotan bustita". "Luigi Anselmik bere itxuraldaketetarako leku eta denbora jakin batzuk hautatzen ditu, sinbolo bihurtuz: hiria eta gaua. Hiri hori Bilbo da (Luigik Jon Juaristik bere Bilborako asmatu duen Vinogrado izena adoptatuko du), zoo ilogikoa edo desiriko alegien eszenatokia: "Hiri lohi eta ezain hau / eder bilakatzen da gauez". Bilbo hiriaren ezaugarrietako bat une batetik bestera aldatzeko duen abiada da, zaku bete desordena eta iruntzi izatearena. Ez da hiri egina, baizik eta bizia eta beti erdi desegina, guztiontzako lekutxo banarekin. Eta Luigi Anselmik bere txokoa aurkitu du Bilboko gauetan, ardo-kimika eta alkimiazko gauetan" (in Iturbide, Amaia. "Ardoaren graziaz", Euskaldunon Egunkaria, 1996-06-08).

Aurreko poemategien ildo beretik doa Gure ametsen gerizan (Pamiela, 2000). "Poesia liburuaren protagonista gaua da, eta gauarekin batean, haren itsu-mutila, alkohola. (...) Lagunen konpainiak bilakatzen du gaua parabisu. Alkohola bitartekoa dela, adiskideen gerizak eta solasak ematen diote zentzua gauari. Liburu honetako poema gehien-gehienei eskaintza gehitu die idazleak, izena eta guzti. Esker onekoa ageri da Luigi Anselmi, dela gaueko ibileretan dela orri hauek izkribatzerakoan izan dituen bidai-lagunekin; batzuk bat dira, izan ere", idatzi zuen poemategiaren harira Aingeru Epaltzak (in Epaltza, Aingeru. "Bizi dugun gaua", Nabarra, 2002-05).

Hurrengo lanari buruz, Gau ertzekoak (Pamiela, 2004), zera esan du Felipe Juaristik: "Luigi Anselmi poetaren gaiak betikoak dira, gai txikiak, bihotzaren neurrikoak, baina haren poesia, Luigi Anselmirena, gero eta poesia handiagoa da" (in Juaristi, Felipe. "Poeta", El Diario Vasco, 2004-08-27).

Bertzerenak (Pamiela, 2006) dugu Anselmik argitara eman duen azken poemategia.

Gazteleraz ere aritua da Anselmi; hizkuntza horretan hiru poemategi idatzi ditu: Cuando arde el agua (Pamiela, 1988), Una botella al mar (Pamiela, 1995) eta A la orilla del tiempo (Pamiela, 1998).

Bestetik, bereak ditugu Georg Büchner-en Woyzeck-en kondaira (Iru, 1989), Roal Dahl-en Azerri harrigarria (Alfaguara, 1991), J. S. Le Fanu-ren Maizter misteriotsua (Erein, 1991), Eduardo Apodaka-ren Lurretako atari gisa (EHU, 1991), John W. Polidori-ren Vanpiroa (Erein, 1993), zein C. Day Lewis-en Nabarra (Idatz & Mintz, 2004) lanen euskarazko itzulpena.


Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Luigi Anselmiren argazkia: Zaldiero

© Desiriko alegiak: Pamiela

© Gau ertzekoak: Pamiela