ARANBARRI, Iñigo

(Azkoitia, 1963)

Filologian lizentziaduna, irakaslea da lanbidez. Poeta gisa da ezagun Iñigo Aranbarri, eta bere lana definitzeko orduan «hermetiko» hitza aipatu izan dute zenbaitek. Izendapen horrekiko bere ezadostasuna agertu du Koldo Izagirrek, sinbolismoan eta iturri literarioen aniztasunean finkatuz Azkoitiakoaren poetikaren gakoak. «Mitologia desberdinez elikatzen da sinboloa, aipu kulturalak anitzak dira, arte desberdinekiko erreferentzia ugari dakar, esangura berriz aberasten ditu hitzak... Honek guztiak testuaren indar konnotatiboa areagotzen du eta, beraz, irakurle adoretsua eskatzen du. Zailtasun hori, erran gabe doa, poetaren beraren hautu kontziente baten ondorioa da, poesia "pentsamendu logikoaren" etsaitzat hartu izan baitu beti, baita bere azken liburuko poemetan ere; zuhurtziaz haratagoko pentsamendua delako interesatzen zaio poesia, beste ezein jenerok eman ez dezakeen durduzatze ahalmena duelako» (in Izagirre, Koldo koord. Iñigo Aranbarri, XX. mendeko Poesia Kaierak, Susa, 2001).

Jonas Poisson (Susa, 1986) poemategia dugu Aranbarriren estreinako argitalpena. Iñaki Aldekoak azaltzen duenez, poetak «ez du ezkutatzen poemategia egituratzen duen mitoarekiko zorra: Jonasen mito biblikoa. Baina datu hori ez litzateke nahikoa izango irudi surrealisten sare oparo, aberats eta labirintikoa argitzeko, zeinak poetaren formakuntzan eragin handia izan duen zinema espresionista agerian uzten duen» (in Askoren Artean. Historia de la literatura vasca, UNED, Madril, 2000). Irudi horien artean genuke Lorelei, bidaiariak liluratzen zituen Rhin ibaiko sirena, zeinaren bertsio modernotzat jo daitekeen Leonard Cohen-en Suzanne, biak ala biak emakume desbideratuak, Aranbarrik gogora dakartzanak.

Estilo aldetik garbiagoa da bere hurrengo lana, Dordokak eta elurrak (Susa, 1989). «Poemategi honetan Paul Celanen Mitxoleta eta Memoria-ren oihartzuna antzeman daiteke. Celanen mitxoletak bezala, Aranbarriren elurrak ahanztura sinbolizatzen du eta dordokak memoria iraunkorra. Aranbarriren hermetismoa -ziur aski hermetismo oro bezala- bere burua ezkutatzeko beharrari erantzuten dio. Bestalde, arras iradokitzaileak dira poemategi honen orrietan biltzen diren poeten eta artisten maskarak: Celan, Hölderlin, Pavese, Ducasse, Giacometti, etab», azaldu du Aldekoak (in A. A. Op. cit).

Bien bitartean, Harrien lauhazka (Susa, 1998) lana Koldo Izagirre poetak Non dago Basques' Harbour? poemategian azalduriko imaginarioarekin harremanetan jarri du Aldekoak (ikus Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004). Narratibotasun handiagoa dute obra honetako poemek, bilakaera poetikoari begira «ilunetik argira egindako bidaia» suposatzen duena Felipe Juaristiren hitzetan. «Hala ere, badu liburu honek aurrekoek ezaugarritzat zutenik ere, giroa da, hitzak dira, han eta hemen errepikatzen direnak, gai batzuk ere han eta hemen azaltzen dira temaz eta indarrez» (in Juaristi, Felipe. "Harrien musika", El Diario Vasco, 1999-01-30).

Eleberri bakarra kaleratua du Aranbarrik, Emon bihar yako (Susa, 1994), «kontaketa bera abentura gisa hartzen duten eleberrien artekoa» (in Zabala, Juan Luis. "Laino trinkoz zehatz zizelatua", Euskaldunon Egunkaria, 1994-12-18). Bestelako generoak ere jorratu ditu, hala nola biografia -Sakabi, soinu txikiaren handitasuna (Trikitixa Elkartea, 2003)-, kronika -Zapataren oihana (Susa, 1997)-, zein saiakera -Gerraurreko literatur kritika (Koldo Izagirrerekin batera; Labayru, 1996), Gure mendea (Argia, 2000), Hitzak eta giltzak (Alberdania, 2001), Loiolarik ez balitz (Jose Luis Otamendirekin batera; Uztarria, 2005)-.


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:

© Iñigo Aranbarriren argazkia: argia.com

© Jonas Poisson: Susa

© Harrien lauhazka: Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa & Susa