ARISTI, Pako

(Urrestilla, 1963)

Kazetaritzan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta orduz geroztik kolaborazioak egin ditu zenbait komunikabidetan -La Voz, Egin, Liberación, Euskadi Irratia, Herri Irratia, Euskal Telebista-. Birritan jaso du Kazetaritzari zuzenduriko Rikardo Arregi saria: 1992an eta 1993an.

Hogeita bi urte zituela argitaratu zuen Aristik estreinako nobela: Kcappo (tempo di tremolo) (Erein, 1985). Aipatu lana landa giroan kokaturiko trilogia baten lehen emaitza izan genuen, Irene (tempo di adaggio)-rekin (Erein, 1987) segida eman eta Krisalida-rekin (Erein, 1990) itxi zuena. Kcappo-n istorioa agertoki zehaztu gabe batean garatzen bazen ere, bai Irene-n bai Krisalida-n Belandia izena hartu zuen kokaguneak. Mari Jose Olaziregi literatur kritikariaren aburuz, «1980ko hamarkadako panorama literarioan, Aristiren trilogiak istorioak kontatu nahi izateko jatorrizko bokazioa berreskuratu zuen. (...) Eleberri hauek ihes egiten diote esperimentalismo orori eta, estilo fresko eta sinple batez, generoaren dimentsio epikoa berreskuratzen dute. Aristiren nobelek eleberri beltzaren (batik bat Chandler) edo Ipar Amerikako dirty realism delakoaren eragin argia dute, eta gurean erruralismo berri beltzaren adibide onenetakotzat hartu izan dira. Autoreak indarkeria eta sexua nagusi diren landa giro perbertsoa islatu du nobela hauetan» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru, Bilbo, 2002).

Gai aldetik trilogia osatzen duten nobelen artean antzekotasunak dauden arren, estilistikoki bada alderik euren artean. Olaziregik azaldu bezala, «Krisalida-ren tonua errealismo fantastikotik gertuago dago, autoreak, alegia-estilo petoa erabiliz, mintzatzen diren pertsonaia-animaliak agerrarazten baititu bertan» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit.).

Jarraian etorri ziren Auto-stopeko ipuinak (Erein, 1994) bilduma, Amerikako Estatu Batuetako errealismo gordinaren ezpaleko istorioekin osatua, zein Urregilearen orduak (Erein, 1998) nobela. Azken horrekin Espainiako Kritika saria jaso zuen Aristik. Aurreko lanetan agerturiko ikuspegi tremendista alde batera utzita, Urregilearen orduak-en tonu errealistago bati heldu zion egileak, nahiz eta tarteka halako ukitu sinbolista suma zitekeen. Nobelako agertoki nagusiak diren bi tabernetatik igarotzen diren pertsonaien istorioek, Fermin eta Laura tabernariek jasota, ematen dio zentzua eta egitura obra-mosaiko honi.

Poesiari dagokionez, Iraileko ipuin eta poemak (Elkar, 1989) argitaratu zuen lehenik, eta haren ostean Castletown (Erein, 1996) zein Oherako hitzak (Erein, 1998). Koldo Izagirreren aburuz, «bere poesiak ez dauka ezer prosaikotik -ezta poema nahitara xikintzen duenean ere-, baina poeta honek daukan kongruentziaren sena, prosan luze jardun izanak ematen duena da. Bere poesian ez dago beharrezko ez den edergailurik, nekez isuriko zaio estereotipo lirikorik, hitz bakoitza da pertinentea. Hainbesteraino, non poemaren tituluak berak testuaren barne motibo bezala jokatzen duen. Poema dekoratu minimoz jantzi behar den jokalekua da. Pako Aristiren poesian, izan ere, akzioak dauka garrantzia, pertsonaien ibiliek eta esanek» (in Izagirre, Koldo koord. Pako Aristi, XX. mendeko poesia kaierak bilduma, Susa, 2001). Ildo horretan, «bere poemek gidoiak dirudite, ipuintxoak, filme laburrak balira bezala irakurtzen ditugu».

Iñaki Aldekoa bat dator Izagirreren epaiarekin. «Aristiren zenbait poemen edertasuna freskotasunean, naturaltasunean dago, egiak -berea: ikusi, bizi eta ezaugutu duena- formulatua izateko modurik egokiena poeman aurkitu izan balu bezala. Berea poesia ausarta da, konplexurik gabea, epaiak eman eta, hala ere, ez zaigu inoiz arranditsua iruditzen» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

2003an Libreta horiko poemak argitaratu zuen Aristik Susarekin. Estilo aldetik «lerro argiko poemategia da, uneak eta segundoak kontatzekoa dena... Guztia arin, guztia tonu narratibo batez, dena zuzen eta ahozko espresiotik hurbil» kokatzen da, Jon Kortazarrek azaldu bezala (in El País, 2003-12-07). Bertan bildutako poema gehienak autobiografikoak dira, nahiz eta kritika soziala ere jomugan duten batzuek. Libreta horiko poemak zela eta, «belaunaldi baten astintzailea» izendatu zuen Pello Otxotekok Urrestillakoa (in Egan aldizkaria, 2004-1/2). Otxotekok honela ikusten du Aristiren poesia euskal literaturaren egungo panoraman: «Sortze prozesu bat, produkzio bat da, baina era berean bere jarrera probokatzailea da, astintzailea, jarrera "enbotatuaren" salatzailea, estetika praktikoaren aitzindaria. Gainera, berak honela aitortzen du: "...nik barruan astintzen duen zoriona maite dut, / ez kezkak baretzen dituena."».

Barrua husteko ariketarekin jarraitzera zetorren Gauza txikien liburua (Erein, 2004). Lan eklektikoa honetan narrazioak, poemak, ipuinak, zein erreportajearen itxurako testuak tartekatu zituen egileak, fikzioarekin eta autobiografiarekin jolastuz. Bere azken lanean antzematen zailagoa da azken bi horien arteko aldea: aurreko liburua bezala, Notebook (Erein, 2005) atal zati txikiz osaturik dago, batzuetan narrazio gisa, bestetan egunkari pribatu batetik ateratako pasarte pertsonalak bailiran aurkezten dituelarik. Testu laburrak dira gehienak, eta egunerokotasunari lotuta daude, ez kanpoko egunerokotasunari soilik, baita barneko egunerokotasunari ere.

Haur eta Gazte Literatura ere jorratu du Aristik, horren adibide dira, besteak beste, Matinellok ez du kukurik entzuten (Erein, 1985), Zazpi pirata balsa batean (Erein, 1988), Azken lamiaren bila (Erein, 1991), Benetako lagunen aterbea (Ibaizabal, 1998) eta Nemesioren itzala (Elkar, 2005) lanak. Saiakerari dagokionez, Euskal kantagintza berria (Erein, 1985) liburua argitaratua du. Bestetik, 2000 urtean Venezuela, iraultza isilaren hitzak kazetaritza-erreportaje ildoko obra kaleratu zuen Txalapartarekin.


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Interneten:

© Pako Aristiren argazkia: donostiakultura.com

© Kcappo (tempo di tremolo): Erein

© Libreta horiko poemak: Susa