ARKOTXA, Aurelia

(Baigorri, 1953)

Hispaniar Filologian lizentziaduna eta Euskal Filologian doktore da. 1990ean aurkeztu zuen tesia, Bordeleko Unibertsitatean, Gabriel Arestiren Maldan Behera poemaren gainekoa. Gaur egun, Euskal Filologia irakasten du Bordeleko Unibertsitatean eta Baionako Fakultatean.

Maiatz aldizkariaren sorreran parte hartu zuen, eta Kenneth White-k zuzentzen duen Institut International de Geópoétique erakundeko kidea da. 2003an Euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Bere literatur sorkuntzaren barruan aipatzekoak dira frantsesez eginiko bi lan: Imaginaire et poésie dans Maldan behera de Gabriel Aresti saiakera zein Antoine d'Abbadie kultur mezenasaren bizitzan oinarrituriko Pénsées, études et voyages de 1835 liburua, azken hori Patri Urkizurekin lankidetzan idatzitakoa.

1993an Grezia klasikoa ta Egiptoko mitologia gogora zekarren Atari ahantziak poemategia argitaratu zuen Arkotxak Pamielarekin. Amaia Iturbide poetaren aburuz, liburuko poemak «oroimenezko sarrera eta bide zidorrak, mundua beste modu batez ikusteko gonbitea» dira. «(...) Sentiberatasun emearen angelutik sortutako liburu batekin gaudela ohartuko gara irakurtzen hasi eta berehala. Iragan denboraren aztarna legarretan arrailduak agertuko zaizkigu oroimenean gelditutako orri markatuok, aspaldiko istorioen oihartzun anestesiatuok, bizitzak jipoitutakoen seinale momifikatuok. Izan ere, Aurelia Arkotxak, sufritu dutenen alboan jartzen denean edo trajedia bat argazkitzen eta kontatzen digunean, surrealismozko erliebe minbiziaz azpimarratzen du gaia, elipsien aurresentipenean gakoturik premia larrizko esaldi motzen bidez, baina sentiberatasunaren hatza gainetik pasatuz; sinbolo eta errepikazio obsesiboen bidez, baina laztan emeaz jabaldurik. Ez zaio falta ironia salaketa lerroetan. Bere hitza ozena eta isila da, eta zapalduekiko bere begirada, samurra, une zailetan egoten dakienetakoa. Tracy Chapman.

»Poema luzeak laburrekin tartekaturik doaz. Luzeetan gai sakonagoak narratzen diren bitartean, laburretan errimak gidaturik, erritmoz arinagoak dira, argi printzak, paralelismo jolasgarrizko partiturak.

»Lore-belarren usainez lagundurik kolore-tonu desberdinak agertuko zaizkigu, eta baita ere, Ipar Euskal Herriko poesiaren ezaugarriak diren sentsaziozko mozkorraldia eta lirika garbia.

»Eta poesiaren eskutik pintura. "Hortensien urdiñ ikaragarriak / Kandinsky Giotto Klein Fra Angelico" (65. or.). Magritte. Hokusai. Baina, batez ere, pinturarekin batera paisaia, minaren ordezkari, edo hobeto esanda, balsamo» (in Iturbide, Amaia. "Bluitasuna", Euskaldunon Egunkaria, 1995-05-21).

Txalapartak 2000 urtean kaleratutako Gutiziak ipuin bildumaren barruan, Marko Poloren ametsa eman zuen argitara. Italo Calvino-k Hiri ikustezinak liburuan egin bezala, Marko Polo eta Kubilai Khan Handiaren mandatupean zen bidaiariaren ibilerak irudikatzen ditu Arkotxak, Ekialdeko kontamoldetik gertu den ikuspuntau erabiliz. Ipuin berberak emango zion hasiera Septentrio (Alberdania, 2001), bere estreinako narratiba lanari alegia. Hiru zatitan egituraturik dago Septentrio. Lehendabizikoan, aipatu Marko Poloren bidaiaren berri ematen zaigu; bigarrenean, Ternua aldera abiatzen da egilea, aspaldi hara joandako euskaldunen aztarnei jarraituz; eta hirugarren eta azken zatian Arkotxaren beraren urratsek eta gogoetek gidatzen dute irakurketa, itsaso zabalerantz. Liburuari egindako hitzaurrean zera esaten du Kenneth White-k: «Aurelia Arkotxak, honela baderraket, desagertu den euskaldun izaera du. Erran nahi dut bere gogoaren zolan daukala euskal kultura, badakiela euskal marinelen harat-honaten kartografia, urrun dagoena ideologia identitariotik eta bortizkeriaren bidez adierazten diren eskaera burrunbatsuetarik, ondikotz ezer ez baita gelditzen hauek baizik, hondoaren bermea galtzen denean, eta axaleko uhagunean zalapartaka ibiltzeaz besterik ezin egin daitekeenean».



Idazleari buruzko informazio gehiago: