ARREGI DIAZ DE HEREDIA, Rikardo

(Gasteiz, 1958)

Psikologia eta Maisu ikasketak egin zituen Salamancan, eta Euskal Filologiakoak Gasteizen. Irakaskuntza publiko ez-unibertsitarioan lan egin du, baita sindikalgintzan ere. Poeta ezaguna dugu Rikardo Arregi Diaz de Heredia, eta bi poemategi argitaratuak ditu: Hari hauskorrak (Erein, 1993) eta Kartografia (Alberdania, 1998). Liburuok Kritika Saria jaso zuten, 1994an eta 1999an hurrenez hurren.

Hari hauskorrak obran azaltzen den poesian «estetizismoa eta klasizismoa bat eginik» ageri dira (in Kortazar, Jon. Montañas en la niebla. Poesía Vasca de los años 90, DVD, Bartzelona, 2006). Felipe Juaristiren aburuz, «begiarekin egindako poemak ditugu; buruarekin baino; begiak ematen die gauza guztiei, bizidun eta bizigabeei, iragan eta orainari beren nortasuna; begiak seinalatzen du, kasuan kasu, besteekiko distantzia, bakoitzaren lekua; begia baita zentzumenen artean objetiboena eta hotzena, eta ez, batzuek dioten modura, belarria edo eskua edo ahoa. Begia da errealitatearen lekuko, baina horrek ez du esan nahi engainatuko ez gaituenik batzutan. Begiak objeto bihurtzen du inguratzen gaituena oro.

»(...) "Desira" da beste hitz garrantzitsua, hori gabe nekez ulertuko ditugu Rikardo Arregik eskaintzen dizkigun poemak; tentsioa baita desira, bizi garen espazioaren eta gure pentsamenduan agertzen denaren artekoa. Desirak ez du denborarik, ez benetakorik edo errealik, ezta asmatutakorik ere. Errealitatearen eta asmakizunaren denbora gainditzen du desirak. Denborarik eza da liburu honen beste ezaugarria.

»(...) Poema horietan objetuak daude: estatuak, museoan gordetzen diren edergailuak. Mundua museo baten antzera eraikita dago; dena da gure begien ikuskizun, gure begien gozagarri. Pasiboa da poema horietako gizon edo emakumea. Ez du inguruan eraginik; baina inguruak astintzen du bere edertasunaren indarrez. Sentsualak baitira poemak. Euskal poesian gutxitan dastatu izan dugun sentsualitateaz kutxatzen gaituzte» (in Juaristi, Felipe. "Begiaren legera", El Diario Vasco, 1993-04-09).

Sentsualitate hori dela medio Mikel Lasaren poetikarekin harremanetan jarri du Amaia Iturbidek Rikardo Arregi Diaz de Herediaren lana. Izan ere, bien poesiari sentikortasun berezia dario. «Anitz dira poemategi honetatik gustatzen zaizkidan arloak: errealitatearen eta ametsaren arteko antzaldatze zalantzakorra; sublimazioa eta exotismoa; hizkuntza arrotzekiko jaidura; kode modernoak eta aztarna zibilizatuak; begiraden norabide eta itzulbideak, plano desberdinen enfokeak; Kavafis eta Ricardo Reis; keinuak diren bide nostalgikoak eta galduak; hondamendien osagabetasuna...

»Baina poemok, batez ere, poeta bat dakarkidate oroimenera: Auden eta bere gogoeta bat: "Poesia aldaketa da elkarrizketaren zentzurik funtsezkoenean. Poetak idatzitako hitzek irakurlea erreakzionarazi behar dute, bestela poema ez dago bizirik. Propaganda oihartzuna eta ez erreakzioa bilatzen duen bakarrizketa da. Poesiaren eta propagandaren arteko desberdintasunik ez aurkitzeak kaltea ekartzen du".

»Hari hauskor hauen artean eriden ditzakegun izenak, adjetiboak zein aditzak mintzo zaizkigu, Fidias-en eskulturak bezala» (in Iturbide, Amaia. "Urrats erromesak", Euskaldunon Egunkaria, 1995-09-03).

Elkarlanean Euskalgintza Fundazioak eskaintzen duen Joseba Jaka Literatur Bekari esker osatu zuen Gasteizkoak bere bigarren lana, Kartografia. Poemategiaren gainean honela mintzo dira Alberdaniako editoreak: «Kartografiak bere baitan biltzen du errealitateen eta irudimenaren arteko hartuemana: mapak ez dira errealitatea, baina errealitatearen irudi bat ematea dute helburu. Autorea errealitate baten, bere errealiatearen, kartografia egiten saiatu da liburuan. Asko eta askotarikoak dira errealitateak, bai, baina ez oso diferente; azken finean denok gara gizaki. Autorearena ez da besteen errealitateetatik oso aldendurik egongo. Lurralde batzuk ondo marraztuta daude, sateliteen eta ordenadoreen bidez egiten diren modukoak dira: ahalik eta zehatzen. Beste batzuk, aldiz, zirriborroak, besterik ez. Terra Incognita franko agertzen da, halabeharrez, antzinako mapetan bezalaxe, nork ezagutzen du oso-osorik bere burua eta bere ingurua?».

Jon Kortazar kritikariaren arabera, «Kartografia marrazki bat da non antzinakoa eta berria denak, iraganak eta gaurkotasunak bat egiten duten. Gertatu zen hori garrantzitsua, pertsonala eta intimoa bada, modu berean gertatu izan da lehen eta orain. Hari hauskorra denboran aldenduta dauden elementuak batzera dator berriz, baina gertatu zena eta gertatzen ari dena gauza bera dira. (...) Rikardo Arregiren poesiak kontzientzian giza izatearen ukaezintasuna harilkatzeko baligarria izan daitekeen idazkera poetikoan sakontzen du» (in Kortazar, Jon. Op. Cit.).

«Liburuak denborarena bainoago, espazioaren irudia ekarri nahi digu zalantzarik gabe: munduaren luze-zabalak ibili nahi balitu bezala. Bere geografia ez da Euskal Herrikoa soilik, hitzak gureak badira ere —euskal hitzak alegia—, haien esanahia gugandik urruntzen da hasiera batean, eta gero hurbildu ere bai. Poema eder asko ditu liburuak, baina aipa dezadan idatzi dudanaren adierazgarri "66 lerro hiri setiatuan", Sarajevoren oroigarri bada ere, Euskal Herri gurearen ispilu okerra ere izan baitaiteke», azaldu du Juaristik (in Juaristi, Felipe. "Espazioan barrena", El Diario Vasco, 1999-11-06).

Idazleari buruzko informazio gehiago:

Argazkia: Zaldi Ero©