ARRIETA, Yolanda

(Etxebarria, 1963)

1960ko hamarkadan jaio nintzen. Telebistarik ez geneukanez, etxeko sukaldean deskubritu nituen hitzen arteko jostura anitzak, mahaian periodiko orria zabaldu eta gainean koadernoa jarrita, amak bere jostekoekin lur guztia hariz eta oihal txatalez betetzen zuen bitartean. Etxe handi batean bizi ginen, lehenengo pisuan. Goian, etxearen jabeak, Argentinan jaioak. Uste dut denak agertzen direla mozorroturik nire lehen liburuan (Begigorritarren erlojua, 1992).

1970eko hamarkadan eskola eta herri handiagoak ezagutu ahala, auzokoen hizkera doinu ezberdinak ezagutu nituen, amak soineko barrenak albaintzen zituen bitartean. Aita musika zalea izanik, sukaldean ikasi nuen balsa dantzatzen eta duora kantatzen, eta, harrez gero, hitzen musika eta dantza beti izan ditut lagun haurrentzat eginiko lanetan (Denboraren kanta-kontuak, 1995. Nola bizi, zazpi bizi, 1996. Izar bat erori da zerutik lurrera, 2000. Astebeteko kontuak, 2005).

1980ko hamarkadan, amak bakarrik jarraitu zuen josten, eta ni ikasle pisuetako sukalde txikietan lehen oroitzapenak idazten hasi nintzen. Antzerkiak asko lagundu zidan horretan (Badago ala ez dago ?, 1995. Noiz baina !, 1995. Lekurik bai ?, 1996). Aitzitik, Eskoriatzako Irakasle eskolan erne zen nire literaturaren lurra (Jostorratza eta haria, 1998).

1990ko hamarkadan, biluzik somatu nuen neure burua, eta, orduan, aldi berriari soineko berri bat egitea erabaki nuen. Disziplina anitzen arteko joskuak (Bihozkadak, 1996) eta emakume izatearen hausnarketak, denboraren gurpilean, aita hil, alaba jaio eta Gizarte eta Kultur Antropologia ikasten ari naizen bitartean (Jostorratza eta haria, 1998).

2000ko hamarkadan soinekoaren patroiak kideekin partekatzea erabaki dut, milurteko berriaren barrenak albaintzen ari naizela -garela- amets. Denborak asko eragin horretan, transmizioak eragin handia izan duelako nire moral heziketan. Zer naiz? Izan gura dudana ala besteek izatea gura dutena? (Groau!, 2000). Binomio hori indarra hartzen joan da, denborak aurrera egin ahala, eta horregatik, agian, gure etxea aitarena ez ezik amarena ere badela demostratzeko argitaratu dut azken liburua nik neuk bakarrik, halako lanak ez direlako izaten komertzialak, normalean (Gatzaren atzetik. Emakumeen irudia euskal ipuin herrikoietan: Mari-xor, 2005) .

Eta, egun, hain zuzen Literatura komertzio hutsa izatea gura ez dudalako noa Literaturaz gozatzeko bidean barrena, sormen prozesua gune biribilean konpartitzen, txikitako sukalde hura, egungo lagunak, neure alaba eta biharko kideak gogoan, ondoan, parean ditudala (Egutegi olgetaria, 2005).

*******************************************

Magisteritzan lizentziatu zen, Euskal Filologia adarretik, Eskoriatzako Irakasle Eskolan. Ondoren, antzerki ikasketak egin zituen Eusko Jaurlaritzak sustaturiko Antzerti eskolan, eta handik Kultura eta Gizarte Antropologia egitera igaro zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Idazketa tailerren koordinatzaile eta literatur animatzaile gisa aritu izan da. Gidoigintza ere jorratu du, Euskal Telebistako Hasiberriak telesailan zein Baietz gogoratu! saioan parte hartuz, eta ohikoak dira bere kolaborazioak idatzizko prentsan zein irratian. Literatur sormenari dagokionez, hainbat sari jasotakoa da: antzerki alorreko Euskadi saria (1991), Bapore saria (1991), Irun saria (1997) ...

Haur eta Gazte Literatura landu du, batik bat, Yolanda Arrietak. Bere lehen argitalpenak, Begigorritarren erlojua, 1992an ikusi zuen argia S.M. etxearen eskutik. Asun Balzolak ilustraturiko liburuak hamar urteko neskato bat du protagonista, Mirari izenekoa. Asteburu batean hasten da istorioa, argazki album batekin. Argazki asko dago bertan, baina bat oso-oso berezia, misteriotsua... 1912. urtekoa. Artxibo lana, pistak jarraitu, misterioak eta zergatiak argitu izango da Mirariren zeregina. Bere lagun eta kideek lagunduko diote bidean. Azkenean, ia dena argituko da, «ikusten ez dena ere badela» sinesteko joera atsegin du eta.

Urte horretan bertan, gazteei zuzenduriko Badago ala ez dago? antzezlanarekin Pedro Barrutia-Antzerkiko I. Euskadi Saria eraman zuen idazleak. Lehen argitalpenaren ardura Eusko Jaurlaritzak hartu zuen bere gain, baina bigarrena Aizkorri argitaletxeak egin zuen, 1998an. Bost ekitalditan banaturik dagoen obra honetan askatasun bila dabilen hamasei urteko mutil azaltzen zaigu. Bizi den basotik harantzago zer dagoenaren jakin minez, etxeko babesa uzteko erabakia hartzen du. Amak ez du batere gogoko mutilak hartutako bidea, berak etorkizuna beste era batean amesten baitzuen, baina hala ere, patuak, amaren gogoak eta mutilaren geroak bat egitean, zoriona ekarriko duen integrazioa ahalbideratuko du. Gerora ere egingo zituen gazteei zuzenduriko antzezlanak, haien artean Noiz baina ! (Egan, 1995) eta Lekurik bai ? (Eusko Jaurlaritza, 1996).

Jarraian etorri ziren Hegaldiak (S.M., 1994) eta Denboraren kanta-kontuak (S.M., 1995) lanak. Azken hori haur txikientzako poema liburu bat da. Bertan, «oinarrizko kontzeptu batzuen inguruan antolatuta daude poemak: zenbakiak, orduak, egunaren atalak, asteko egunak, urtaroak eta hilabeteak. Musikalitatearekin, errepikapenarekin eta hoskidetasunekin jolasten du pieza laburrak osatzeko: noiz kantuak, noiz kontuak, noiz asmakizunak» (in Etxaniz, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura, Pamiela, 2005).

Idazleak narratibari heldu zion berriro Nola bizi, zazpi bizi (Desclée de Brouwer, 1996) liburuarekin. «Mundu guztiak, haur, gazte eta adineko, irakur dezaketen liburu honetan katuen familia baten gora-beherak kontatzen ditu Yolanda Arrietak. Katuak, ar eta eme, munduan bizi dira, hobe esanda, mundura ekarri dituzte, gizon-emakumeen artera. Poliki-poliki aurrera aterako dira, inguruko arriskuetatik libratzen eta abantailetatik probetxu ateratzen ikasiz. Halaxe egiten dugu gizakiok ere! Horrelako heziketa ilustratzeko zer hobea bidaia bat baino? Bizitza ez al da akaso bidaia bat, abiapuntua finkoa eta amaiera gertakizun duena? Katuek bidaiatzeari ekingo diote, leku babesen baten bila, eta bidaia, noski, iniziatikoa eta sinbolikoa izango da neurri batean: labur eta motz esanda, katualdien eredugarri. Handitzen diren neurrian hamar aginduak sartuko zaizkie buruan eta ez dituzte sekula santan ahaztuko. Dekalogo moduan dago antolatuta liburua. Kapitulu bakoitzak katuen dekalogoko arau baten aipamena dakar izenburu gisa, eta kontatzen den istorioak aginduak betetzeko direla erakutsiko dio irakurleari, eta bizitza gurpil bat dela, non batzuk joan eta beste batzuk etorri egiten diren. Hori ere gogoan hartuko dute katu-katutxoek. Irakasle onak baitituzte: bizitza bera, batetik; gurasoek eta helduek, bestetik» (in Juaristi, Felipe. Diario Vasco, 1996).

Antton Duesoren ilustrazioak zeramatzan hurrengo haurrentzako ipuinak: Izar bat erori da zerutik lurrera (Baigorri, 2000). «Arrietaren ipuina irudimenaren metafora da. Ametsak sinisten dira, errealitateak ez hainbeste. Irudimenarekin, arrazoiarekin lor ezin daitezkeen gauza asko jareits daitezke. Hauxe ipuinaren mezua» (in Urkiza, Ana. Behinola, 5. zkia, 2001eko abendua).

Hika taldeak antzerkirako egin zuen egokitzapena zela medio, arrakasta handia lortu zuen haurrei zuzenduriko Groau!-k (Aizkorri, 2004). Hain zuzen, Euskarazko Antzerki Egilerik Onenaren Max Saria jaso zuen egileak 2006an. Katu baten istorioa dugu Groau!, baina liburuan azaltzen den bezala «ez da katu arrunt batena. Ez. Ahizpa bat du. Ama ere bai. Amona izan daitekeen izeba ere badu, baina katu honek bere etxean beste inork ez duen beste gauza asko ditu. Ile beltz-beltza, indar gutxi, gorputz txikia eta ahots bitxi-bitxi bat: miau egin beharrean karrasa egiten du».

Groau!-n «irakurlea, zenbaitetan antzokiko ikusle moduan aurkitzen dena, Mitsi katuaren garapenaren lekuko da. Fisikoki nahiz psikikoki, gorputzez nahiz ahoskeran aldatzen joango da katua. (...) Gaizki hitz egiten duen Mitsi katuak ahizpa Matsusen isekak jasan beharko ditu. Eta haserraldi, egoera gaitz edo galderen aurrean Mitsi beti Groau! oihukatzen duen katua dugu. Etxetik alde egin, basoan hainbat animaliarekin bat egin eta hauekin egon ondoren, Mitsi berri baten aurrean aurkitzen da irakurlea. (...) Bere nortasunaren bila ari den bidaia honetan, Mitsiren ibilbide iniziatikoa ikus dezakegu. Txikia, indar barikoa eta bere buruaz konfiantzarik gabeko norbait izatetik, indartsua, ausarta eta, nahi gabe edo txiripaz, heroia ere baden norbait ikus dezakegu aurrerago» (in Etxaniz, Xabier. Berria, 2005-06-21).

Haurrentzat idatziriko bere azken lana dugu Astebeteko kontuak (Aizkorri, 2005).

Bestetik, Arrietak helduentzako bi lan argitaratuak ditu: Jostorratza eta haria (Kutxa Fundazioa, 1998; Alberdania, 2001) eleberria eta Gatzaren atzetik. Emakumeen irudia euskal ipuin herrikoietan: Mari-xor (Egilearen edizioa, 2005) saiakera. Jostorratza eta haria-rekin Irun Saria irabazi zuen egileak 1997an. «Familia baten historia da narrazioaren ardatz nagusia, eta nobela bera josten ikasteko gidaliburu gisa azaltzen zaigu, sinbolismorako joera garbia erakutsiz. Narratzaileak denboran jauzi egiten du eta narrazioaren hasiera iragan urrunean kokatzen du, orainari heltzeko ondoren. Zentzu horretan, memento batzuetan tonu sinbolikoa eta fikziozkoa nabarmenagoa da, bestetan, sinbolismoa baztertu gabe, errealitatearekiko lotura estuagoa erakusten du. Ildo horretan, Historia Aurreko lehen emakumeak eginiko josketa lana azaltzen digu lehenik historian aurrera egiteko gero, tapizek, oihalek, orratzek, hariek eta josteko gainerako tresnek zabalduko diguten bideari jarraituz istorioen eta historiaren mataza-laberintoan barna abiatzeko, Ariadnaren haria behin ere eten barik» (Billelabeitia, Miren. Jostorratza eta haria / Aguja e hilo, Atenea, Madril, 2005).


Idazleari buruzko informazio gehiago:

argia.com

Groau!: Aizkorri©

Gatzaren atzetik: Yolanda Arrieta©