ARRIETA, Joxe Austin

(Donostia, 1949)

Filologia Erromanikoan lizentziaduna da, eta Gipuzkoako Kutxa bankuan itzultzaile gisa lan egiten du. Bidaia-Termitosti (Ustela, 1978) ipuin-bildumak zabaldu zizkion Joxe Austin Arrietari literaturaren ateak, baina jarraian etorri zen lanak, Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979; Elkar, 1985) nobelak, egin zuen zinez ezagun. Abuztuaren 15an Ama Birginaren eguna ospatzen dela-eta, urtero legez, bazkaria antolatu dute protagonista den hamasei urte nerabearen familiakoek. Hura amaitutakoan, kide guztiek mahai inguruan jarraitzen duten bitartean, gaztea bere bizimoduaren eta oroitzapenen gainean gogoeta egiten hasiko da. Horrela, irakurleari bere haurtzaroaren berri emateaz gain, Marisa ezagutu duenetik jasaten ari den bokazio krisia -apaizgaia da bera- azalduko dio. Aipatu gogoetek iraganetik orainaldira garamatzate etengabe, eta horretaz baliatzen da idazlea 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Donostiaren historiaren kronika osatzeko. Baina apazgai gaztearena ez da liburuan entzun daitekeen ahots bakarra; bigarren plano batean azaltzen zaigu aitarena, zeinak Gerra Zibileko kontuak ekarriko dituen gogora. Abuztuaren 15eko bazkalondoa lanetik «narratzaileak pertsonaien hizkera desberdinak transkribatzeko duen trebezia» nabarmendu du Mari Jose Olaziregi kritikariak. «Heteroglosia hori bakarrizketetan hautematen da, baita bakarrizketa etengabe hausten duten mahaikideen iruzkin eta elkarrizketa hutsaletan ere. Erregistro, ahots eta hizkuntza maila desberdinen erabilerari esker, euskal errealitate konplexua era bikainean islatzen duten ahots-kontzertu bihurtzen da eleberria» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru-Zornotzako Udala, 2002).

Hurrengo lanarekin, Manu militari (Elkar, 1987), teknikari begira urrats bat aurrera egin zuen Arrietak. Nobelaren oinarrian Melillan soldaduska egiten ari den Iñakik Donostian den Izaskun neska-lagunari bidaltzen dizkion gutunak genituzke. «Aurreko eleberriak bezala, Manu militari honek oinarri autobiografikoa ukaezina du, eta belaunaldi oso batek diktadura garaian ezagututako bizipen sortaren narrazioa izan nahi du (...). Ezaugarri horiekin batera, eleberriak intertestualitate zabala du, hainbat collage eta pastiche-z lortua. Eta testu horiexek, berriz, aukera narratibo askotarikoak sortzen dituzte, eleberrian barrena konbinatuak: narratzailea eraldatu egiten da, eta hurrenez hurren bilakatu zinema zuzendari, Erdi Aroko monasterio bateko eskribau, telefilm poliziako bateko detektibe? eta testuinguru horietako bakoitzean Iñakiren eta haren neska-lagunaren arteko gutunak transkribatzen ditu. Zinema eta telebista, U. Ecoren Il nome della rosa eta G. Grassen Die Blechtrommer nobeletako irudi eta pertsonaiak... horrek guztiak ahots anitzeko kontzertu polifoniko bihurtzen du eleberria, eta horixe izan zen, J. M. Lasagabaster kritikariak aztertu zuen alderdia ikuspegi bajtinear batetik» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. Cit.).

Manu militari-ren ostean, Labur aroz (Txalaparta, 1997) narrazio bilduma argitaratu zuen egileak.

Narratiban ez ezik poesian ere lan paregabea egina du Arrietak. Denbora tarte txikian lau poemategi kaleratu zituen Gipuzkoakoak: Arrotzarena-Neurtitz neurgabeak (GAK, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989), Graffitien ganbara (Kutxa Fundazioa, 1996). Isilune baten ostean, Orbaibar (Kutxa Fundazioa) argitaratu zuen, 2003an. Koldo Izagirreren aburuz, «poesiarekiko harremanen ondorio izatea da, neurri batean, Joxe Austin Arrietak eskaini digun poesia berezi egiten duena. Tituluek adierazten duten bezala («neurtitz neurgabeak» / «bertso-paper printzatuak» / «graffitien ganbara»...), Arrietak jarrera apala hartzen du bere liburuekiko, poesia ideal baten arrastoan balebil bezala edo ahalke bailitzan eredu gorentzat dauzkanen alderako. Juan Mari Lekuonak esana du poesiari egiten dion omenaldia ere badela, autore honen jardun poetikoa. Arrietaren poesiak oihartzun asko dakartza, baina ez asmo kultista batean. Poeta honen inter-testualitateari ezin zehazkiago zeritzon Lekuonak berak «intra-literatura», testu berrian txertatzen dituelako bere tradiziotik, herritik nahiz kultutik, jasotako edertasunak. Esan liteke klitxe literario berriak sortu nahi dituela, unibertsal egin nahi dituela gure poeta zaharrak. (...) Lanketa handiko poemagintza dugu hau maila formalean. Baliabide linguistiko anitzen jabe, Arrietak arta bereziz aukeratzen du hitza, adierazi nahi lukeen huraxe, ez antzeko zerbait, adieraztearren. Irudien sorkuntzan oso kontzientea bada ere, hitzen arteko loturek eta hots kidetasunek halako zorabio surrealista bat eragiten digute batzuetan, errezitatuan areagotzen dena. Hiztegi mailako aberastasunari neurriaren ardura gaineratzen dio. Bertso librean kadentziaren sena ageri du, perfekzio handiko estrofagintza saiatzen du neurtuan. Eta eraikuntza linguistikoaren azpitik beti ageri du sentimenduen indarra, «zergatik maite ote dituen» jakin gabe maite baititu zenbait bazter, pertsona asko, zapaldu guztiak» (in Izagirre, Koldo koord. Joxe Austin Arrieta, XX. mendeko Poesia Kaierak, Susa, 2001).

Itzulpengintzan ere la handia egin du Arrietak. Bereak ditugu Marguerite Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak (Elkar, 1985), William Goldwing-en Eulien ugazaba (Elkar, 1991), Jaume Fauster-en Beirazko giltzak (Elkar, 1997) eta Max Frisch-en Homo Faber (Elkar, ) liburuen euskarazko itzulpena, besteak beste. Eulien ugazaba lanaren euskarapenagatik Euskadi saria jaso zuen egileak 1993an.





Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:




© Joxe Austin Arrietaren argazkia: gara.net

© Abuztuaren 15eko bazkalondoa: Elkar

© Joxe Austin Arrieta. XX. Mendeko Poesia Kaierak: Susa