ATXAGA, Bernardo

(Asteasu, 1951)




©Mari Jose Olaziregi




Bernardo Atxaga (jaiotzez, Jose Irazu Garmendia) Gipuzkoako Asteasu herrian jaio zen 1951ko uztailaren 27an. Ziur aski, munduko literaturako izen handiei jarraituz eta frankismo garaiko zentsuratik ihes egitearren hartu zuen bere literatura-izen ezaguna. Zientzia Ekonomikoetan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, euskaltzain osoa da, eta batez ere, literaturaren maitale porrokatua da, euskaraz idatziz idazle unibertsal peto-petoa izaterik badagoela frogatu duena.

Atxaga da zalantzarik gabe euskal literaturak inoiz izan duen idazlerik itzuliena eta sarituena. Sarien artean daude, besteak beste, Euskadi Saria (1989, 1997, 1999), Espainiako Narratibako Sari Nazionala (1989), Milepages Saria (1991), Pirinio Atlantiarreko Hiru Koroa Saria (1995), Eusko Ikaskuntza-Euskaldun Unibertsala Saria (2002), poesia alorreko Cesare Pavese Saria (2003), edo Espainiako Kritika Saria (1978,1985,1988,1993,2003). Nolanahi ere, Bernardo Atxagak mundu osoan dituen milaka irakurleak eta haren lanek nonahi lortu duten harrera ona izan dira nazioarteko unibertsitate programetan haren lanak sartuta egotera eta XXI. mendeko idazle ezinbestekoen zerrendan egotera eraman dutenak (halaxe sartu zuen The Observer egunkari britainiarrak "21 Top Writers" zerrendan, 1999an).

Idazle lanetan daramatzan 30 urtetan genero guztiak landu ditu: poesia liburuak (Etiopia, 1978; Poemas & Híbridos, 1990), eleberriak, antzezlanak, haur eta gazte literatura... eta baita saiakera eta fikzioaren arteko mugak iraultzen dituzten testu hibridoak ere. Hala ere, guztien artean Obabakoak (1988) ipuin liburuak eman dizkio asteasuarrari sari eta onespen handienak. Gaur egunean 26 hizkuntzara itzulita dagoen obra honek bihurtu zuen Atxaga nazioartean euskal idazle ezagunena Liburuaren paratestutik bertatik, Obaba herri imaginarioak batasun tematiko-topologikoa ematen die bertan barneratzen diren istorio desberdinei, bera dugularik, halaber, liburuko indeterminazio-gunerik garrantzitsuena. Narratzailearen iraganean bilbatzen diren istorio erakargarriotan, testu fantastikoetan ohikoak diren testu-estrategien bidez bideratzen da literaturaren gaineko gogoeta. Behiala T. S. Eliot poetak esan bezala, testu oro literatur tradizio batean barneratzen dela gogorarazi digu Atxagak, eta hortik liburuak duen testuartekotasun (edo intertestualitate) nabarmena. Liburuan ipuin ezagunen aipuak (Bagdadeko morroia), laburpenak (Txekhov, Waugh edo Maupassanten ipuinenak Cocteauk deritzon atalean), parafrasiak (cf. Wei Lie Deshang), plagioak (Villiers de l'Isle Adam-en Torture par espérance ipuinaren plagioa Pitzadura bat elur izoztuan ipuinean) parodiak, imitazioak, etab. kausi ditzakegu. Erreferentzia horiek guztiak gutxi balira, Margarete eta Heinrich (cf. G. Trakl) edo E. Werfell (cf. F. Werfel) bezalako izenburuek zenbait ipuinek duten oinarri espresionista ematen digute aditzera. Dakusagunez, bidaia intertestuala da liburuak proposatzen diguna, bizitza eta literaturaren arteko harremana, edo natura eta zibilizazioaren artekoa hizpide duena.

Obabakoak liburuaren ostean, hainbat antologiatan eman ditu Atxagak argitara ipuinak, hala nola, Cuentos apátridas (Ediciones B, 1999), Relatos urbanos (Alfaguara, 1994)zein Una infancia de escritor (Edición de Mercedes Monmany. Xordica, 1997) izenekoetan. Horiekin batera, bere azken urteotako ipuingintza jasotzen duten beste argitalpen batzuk gogora genitzake, hala nola, Un traductor a Paris i altres relats (La Magrana, 1999)eta Tres declaraciones (Fundación BBK, 1997). Literatura fantastikotik aldenduz, umorea eta ironia baliatzen ditu egileak ukitu abangoardista duten ipuinak antolatzeko.

Bere eleberrien artean, Bi anai (1985) gogora genezake. Bertan, ahulen sakrifizioa hizpide duen fabula modernoa eskaini zigun Atxagak. Horren ondoan, poetika errealistagoan egituratuta daude: Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995) eta Soinujolearen semea (2003) eleberriak. 12 hizkuntzatara itzulita dago Gizona bere bakardadean eta hainbat sari lortu ditu, besteak beste, 1993ko Kritika Saria, edo 1994ko Zilarrezko Euskadi Saria. Nazioarteko hainbat saritan ere hautagai garrantzitsu izan zen Atxagaren nobela ezagun hau, hala nola, 1996ko Aristeión sarian eta 1997ko International IMPAC Dublin Literary Award delakoan. Atzerriko naiz estatu espainiarreko kritikak onak izan zirela esan genezake, Gizona bere bakardadean eleberriak harrera ona izan zuela. Thrillertzat har genezakeen eleberri honetan, ETAko kide ohi baten, Carlosen, istorioa kontatzen zaigu. Beste komandokide batzuekin batera hotel bat du Carlosek Bartzelonatik gertu eta egun batean Euskal Herrian atentatu bat egin berria duten ETAko bi kide hoteleko okindegian ezkutatzea erabakitzen du. Carlosen jokabideak ondorio dramatikoak izango ditu lagun talde osoarentzat. Esan genezake eleberriak ideologia iraultzaileen galerak Carlosengan eragiten duen barne gatazka kontatzen duela, eta alde horretatik, eleberri psikologikoen erritmoa duela. Testuaren tonu lirikoa azpimarratuko genuke, irudi eta oroitzapenek duten etengabeko presentzia. Era berean, nabarmentzekoa da leku heterotopikoek (hotela, kasu) eleberrian duten garrantzia, suspensearen dosifikazioa, edo egile marxista ezagunen lanei egiten zaien erreferentzia intertestuala.

Zeru horiek (1995) ere pertsonaia nagusi baten inguruan eraikitako eleberria dugu. Testuak Irenek Bartzelonako kartzelatik atera eta Bilboraino egiten duen autobusezko bidaia kontatzen du. Protagonistak kartzela utzi eta bergizarteratzea erabaki du, talde terroristako kide izateari uko eginez. Modu honetan, Bartzelona eta Bilbo arteko bidaia protagonistaren barne bidaia bihurtzen da. Autobusean dituen ametsen bidez eta maletan daramatzan poemen bidez, bake uneak bilatzen ahaleginduko da Irene, aurrean duen etorkizun ilunari nolabait aurre egiten. Eleberrian nabarmentzen diren elementuen artean, heterotopien erabilera nabarmenduko genuke (hotela, kartzela, autobusa, komentua) eta pertsonaia nagusiaren aldartearen isla gisara jokatzen duten elementuak, hala nola, zerua.

Asmo handiko eleberria da, ezbairik gabe, Soinujolearen semea (2003). Euskal irakurleen artean izandako harrera ona, eleberriak izan dituen hamar itzulpenekin edo The Times Literary Supplement bezalako argitalpenetan ateratako kritika onekin berretsia izan da. Azken honetan, Soinujolearen semea inoiz izan den euskal eleberririk onena dela baieztatzen zen. Obabakoak liburuko "Aspaldi, artean gazte eta berde ginela" atalean bezala, Obaba herriko eskolan gertaturiko pasadizo batek egiten dio sarbidea eleberriari, eta bertan, liburuko pertsonaia nagusiak aurkezten zaizkigu: narratzaile lanak egiten dituen David, eta bere lagun Joseba. 1957an kokatutako eszena horretatik, 42 urte beranduagoko batera, 1999ko irailera, egiten du jauzi kontakizunak eta Californiako Tulate Countyn dagoen Stoneham arrantxoan kokatzen gaitu. David hil berria da eta bere lagun Josebak hilabete inguru darama bertan. Handik urtebetera bururatzen zaio lagunak idatzitako memoria-liburua, Soinujolearen semea, berridatzi eta zabaltzea. Horren emaitza da, hain justu, irakurleak esku artean duen eleberria. Eta bertan esaten den modura, eleberrian biltzen dira Davidek izenburu berarekin idatzitako liburuko hitzak eta baita adiskide izan zituen askorenak ere. Ahots nahasketak, mintzo zaigun subjektua identifikatzeko zailtasunak, modernitateaz geroko literaturgintzaren ezaugarri funtsezkoa da. Eta eleberrian irudikatzen zaigun Obaba ez da gertakari fantastikoen sorleku, urruneko arkadia atsegina baizik. Locus amoenus horretan bizi dira Virgiliok goretsitako nekazari zoriontsuak. Eta Virgilio dugu, hain justu, narratzailearen gidari suertatuko dena gaztaroko infernuetan barna. Gernikaren bonbardaketa, gerraosteko fusilamendu eta desagertze erdiragarriak, edo borroka armatuaren sorrera 60ko hamarkadan... horra Obabako zerua iluntzen duten gertakizunak. Eta berriro ere, iragana berreskuratzeko ahalegin honek helburu etikoa du Atxagaren testuan, hauxe oroitarazi nahi baitigu asteasuarrak: Historia garaileek idatzitako narrazio bat besterik ez dela, interpretazio subjektiboa eskaintzen duen narrazioa beraz. Eta berriro ere, Atxagaren prosa itxuraz xumeak irakurlea liluratu egiten du. Bertan, pertsonaiek eta espazioek bat egiten dute, eta errepikapenek arriskua iragartzen digute gehienetan.

Soinujolearen semea-k eskatzen duen irakurketa mota Txekhoven ipuinek eskatzen duten bezain intentsua da, eta Kafkak liburu onei egozten zien bertutearen jabe ere bai: barruan daramagun itsaso izoztua apurtzeko gai da. Historia eta memoriaren arteko nahasketa, errealitatea eta fikzioaren artekoa... horra ongi egituratutako eleberri honek baliatzen dituen estrategietako batzuk.





Idazleari buruz informazio gehiago ondoko helbideetan:




© Argazkia: Basso Canarsa

© Obabakoak: Erein

© Gizona bere bakardadean: Pamiela

© Soinujolearen semea: Pamiela