AZURMENDI, Joxe

(Zegama, 1941)

Filosofia ikasi zuen Alemanian, eta Teologia Erroman. Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Fakultateko Filosofia Modernoko katedraduna da, eta Euskaltzain urgazlea ere bada.

Saiakeraren arloan egindako lanagatik ezaguna da Joxe Azurmendi, baina poesia arloari dagozkio gipuzkoarrak kaleraturiko lehendabiziko argitalpenak: Hitz berdeak (EFA, 1971), Poemas al Che (1969) eta Manifestu atzeratua (Susa, 1990) poemategiak. Alabaina, bere poemetan jada antzeman daitezke gerora saiakeraren bitartez landu dituen kezkak eta gaiak. Koldo Izagirrek azaldu bezala, «Azurmendiren poesiaren protagonista beti lehen pertsonan mintzo den ni bakarti hori da, egia establezituen aurka eta, ondorioz, Jainkoaren aurka ere matxinatua. Urrun gelditu da denboran hain hurbil zegoen Jainko asetzaile hura. Jainkozko beteak okitua ageri da poeta, problematizatu egiten du Goikoa. Ez ordea kezka teologiko gisa. Kontu eske ari zaiona sakramentuari gainez egindako Camus-en gizona da. Horixe izan nahi luke poetak, gizon bat, besterik gabe, ez baita 60ko hamarkada hartan hainbeste ugaldu ziren gizarte fedegaldu bat erredimitzera doakeen misiolari "apaiz, langile eta gizon" haietako bat. Azurmendiren poesiak Jainkoari berari oldartzen zaio, ez Jainkoaren irudi bati edo manipulazio bati. Ez du gizona salbatu nahi, gizon izatearen kondena pairatu baizik. Horrek, orduan, berez zekarren gizarte kontzientzia. Existenzialismo soziala hemen ageri da Arestik ikur bilakatu baino lehen» (in Izagirre, Koldo koord. Joxe Azurmendi, XX. mendeko Poesia Kaierak, Susa, 2001).

Gai sozialak zituzten hizpide idatzi zuen estreinako saioak ere, Kultura proletarioaz (1973) izenekoak, Jakin aldizkarian argitaratua hura. Gerora, Gizona abere hutsa da (EFA, 1975), Mendebaldeko metafisika eta filosofia arrazionalistari zuzenduriko kritika-saioa osatu zuen. Hortik aurrera hainbat saiakera liburu plazaratzen joan da Azurmendi: Iraultza sobietarra eta literatura (Gero, 1975), Zer dugu Orixeren kontra (EFA, 1976), Zer dugu Orixeren alde (EFA, 1977), Artea eta gizartea (Kriseilu, 1978), Errealismo sozialistaz (Kriseilu, 1978), Mirande eta kristautasuna (Kutxa, 1978), Nazionalismoa eta internazionalismoa (Lur, 1979), PSOE eta euskal abertzaletasuna (Lur, 1979), Sabino Aranaren pentsamendu politikoa (Lur, 1979), Jon Miranderen pentsamendua (Susa, 1989), Gizaberearen bakeak eta gerrak (Elkar, 1991), Klaudio Otaegi olerkaria 1836-1890 (Etor, 1991) ...

Xabier Altzibar irakaslearen arabera, «Azurmendiren saioek, izaera ideologikokoak denak, pentsamenduaren bipiltasuna eta indarra erakusten dute. Sakontasun eta luzera handikoak dira. Erudizio handiz jorratzen dituzte Europako gaur egungo gaiak. Azurmendik bere egin du Europako pentsalarien -alemaniarrak batik bat- filosofia eta pentsamendua. Bere saioetan Europako intelektualen ikusmiran egon diren gaiek jasan duten garapena antzeman daiteke. Euskal kultur ekoizpenaren erreferentzia etengabea da bere lanaren beste bereizgarri bat» (in Askoren Artean. Historia de la literatura vasca, UNED, Madril, 2000).

1994an Espainolak eta euskaldunak (Elkar, 1994), bere lanik ezagunena argitaratu zuen Azurmendik. Caracas-eko Euskararen Lagunen Elkarteak antolaturiko Andima Ibiñagabeitia saiakera saria jaso zuen obra horrekin. «Euskaldunen inguruan XVI eta XVII mendeetan sortu eta Erdi Arora, Berpizkundera, Inperio garaira (Austria eta Borbondarren aginte urteak) zein Aro Modernora zabaldu diren topikoak gezurtatzen saiatzen da egilea, eta gaur egun topiko horiek erabiltzen jarraitzeko dauden arrazoiak bilatzen ditu» (in A. A. Op. cit.).

Espainolak eta euskaldunak bezainbesteko arrakasta lortu zuen Demokratak eta biolentoak (Elkar, 1997), Jakin aldizkarian argitaraturiko zenbait saio biltzen zituen obrak ere. Bertan «Nietzsche eta Splenger-en pentsamenduaz baliatuz demokraziaren kritika egiten du. (...) Estilo polemikoan idatzita dago, egilearen beste zenbait obren antzera» (in A. A. Op. cit.). Pako Sudupek Nemesio Etxanizi buruz eginiko biografiari hitzaurrea egin behar izan ziola eta horren aitzakian osatu zuen hurrengo saioa: Oraingo gazte eroak: gogoetak ETAren sorrera inguruko kultur giroaz eta gaurkoaz (1998). Bere azken lanak ditugu XX. mendean eta gaur egun ere Europa astintzen duen teknikaren inguruko gogoeta den Teknikaren meditazioa (Kutxa, 1998), Hizkuntza eta talde nortasuna (EHU, 1999) eta Euskal Herria krisian (Elkar, 1999).


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:

© Joxe Azurmendiren argazkia: elkarlanean.com

© Joxe Azurmendi. XX. mendeko poesia kaierak: Susa

© Demokratak eta biolentoak: Elkar