BORDA, Itxaro

(Baiona, 1959)

1959ko martxoaren 29an sortu da Baionan eta bertan bizi ere orain, ikasketak edo lanagatik Pauen, Parisen eta Maulen barna ibili ondoan. Historia Garaikideko DEA bat dauka. 1974ean argitaratu zuen bere lehen olerkia Herria iparraldeko astekarian eta geroztik ez da idaztetik gelditu. 1981ean iparraldeko Maiatz aldizkariaren plazaratzean parte hartu zuen. 1984ean Bizitza nola badoan olerki bilduma publikatu zuen hor. Nobelak, poesiak, artikuluak eta saiakerak argitaratu ditu, hainbat azken hogeita hamar urteotan, ahantzi gabe Euskal Herriko kantari ezberdinentzat abesti-hitzak ugari. 2002an Susaren eskutik atera zen %100 Basque nobelak Euskadi Saria lortu zuen. 2005ean argitaletxe beraren zigilupean jalgi zen Zeruetako Erresuma.

Liburu bakoitzean kartarsia egiten duela leporatzen zaion idazle superfizialtzat dauka bere burua. Egia da, pretentsio literario eta erreferentziarik gabeko idazle gisa kontsideratua den honek, garaien arabera, garaia zehatz deskribitzen duen literatura baino ez duela kometitzen. Bakartasuna da liburu gehienen mami-zurkaitza, bakartasuna jendartearen gaitz eta jende bakunen dolore, bakartasuna pentsamenduaren suntsitzale eta aldi berean, norberaren libertatearen segurtatzale, gutasuna borrokan goresten eta hobesten duen euskal gizartearen aurka, aurka beti. Azken urtea Thomas Bernharden konpainian pasatu du eta iruditzen zaio anaia literarioa bat bederen atzeman duela.

**********************************************

Poesiari heldu zion lehenik Itxaro Bordak, eta bide horri jarraituz kaleratu zuen estreinako lana 1984an: Bizitza nola badoan (Maiatz). Gerora etorri ziren, beti ere poesiaren barruan, Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Susa, 1986), Just love (Maiatz, 1988), Bestaldean (Susa, 1991), Orain (Susa, 1998), Entre les loups cruels (Maiatz, 2001) eta Hautsak errautsak bezain (Maiatz, 2002), azken biak elebidunak. Lehen poemategitik halako ukitu melankolikoa antzeman daiteke Baionakoaren poesian. «Tristetasun hau, ordea, ez da poetika negarti baterako estakurua edo bizitzarekiko akidura literarioa. Bordak bere gain hartzen ditu, poeta orok eritasun gisa pairatu behar duen izaera minberarekin batera, emetasunaren kontzientzia eta Euskal Herri alienatu batenganako hastio kritikoa. Iparraldeko egoera sozio-politiko eta linguistikoaren etsipengarria nitasun atzar eta aldi berean kolpatu batean txertatzen da. Honenbestez, poemek isurtzen duten goibeltasuna konformismoa inarrosteko modu berezi bat baino ez da», azaldu du Koldo Izagirrek.

Estiloari dagokionez, «poesia librea, kopla, zortzikoa, prosa poetikoa... molde guztiak landu ditu malgutasun handiz, baina harrigarrizko maisutasuna erakutsi izan du beti bertsokera berriak sortzeko eta estuenean ere zehatz jarduteko, errimaren aberatsa erritmoaren zentzu handi batekin hornitzen duela» (in Izagirre, Koldo koord. Itxaro Borda, XX. mendeko poesia kaierak, Susa, 2001). Bere poemak hainbat taldek musikatu dituzte, eta berak ere letrak idatzi ditu propio musikarientzat.

1985ean argitaratu zuen lehen nobela: Basilika (Susa). Bertan azaltzen zaigu nola Jon Kapagorri Iparraldeko diputatu hautetsiak, inguruko ekonomikoa sustatzeko, Ama Birjinaren agerpen bat itxuratzea eta basilika eraikitzea erabakitzen duen, azken hori erromesaldi zentro bilaka dadin. «Erritmo bizkorreko nobela da, prosa errazean idatzia eta barrokismo estilistiko zein formal orori ihes egiten diona. Ezaugarri literario horiek ironiaz irudikatutako gizarte katoliko baten arau moralak eta sinesmenak haustea bilatzen duen istorioaren narrazioarekin osatzen dira», azaldu du Mari Jose Olaziregi kritikariak (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru, Bilbo, 2002).

Bakean ützi arte (Susa, 1994) nobelarekin polizia trilogia bati hasiera eman zion Bordak. Gerora etorri ziren Bizi nizano munduan (Susa, 1996) eta Amorezko pena baño (Susa, 1996). Hiruretan Amaia Ezpeldoi dugu protagonista, «detektibe argi eta atipikoa, ikertzaile "gogorraren" estereotipoari jarraitzen ez diona: emakume sentimentala da, Leninen mireslea, abertzalea eta joera lesbianokoa», Olaziregik azaldu bezala. Lan hauek «kritika sozial eta politikoa agertzen dute, gaurkotasun kutsu nabarmenarekin batera», gaineratu du kritikariak. Ildo horretan, «eleberri hauek gehiago hurbiltzen dira nobela beltzaren generora, krimen bat askatzearekin batera euskal gizartearen gatazka nagusien argazkia ere egin nahi baita (bertako egoera politikoa, euskara, intsumisioa, industrializazioa...)» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit.). Umoreak ere badu tarterik nobela hauetan.

Hurrengo lanarekin, %100 basque (Susa, 2001) Euskadi literatur saria jaso zuen idazleak. Euskaltasuna, nortasuna... gai horien inguruan dihardu obra sailkaezin horrek. Funtsean, Felipe Juaristik adierazi bezala, %100 basque-ek «Iparraldeko bizitzaz Iparraldeko bizitzatik ikusirik» mintzo da, «doinu ironikoa tarteka, doinu mingotsa tarteka, doinu zakarra tarteka» erabilita (in Juaristi, Felipe. "Gasna-bidea", El Diario Vasco, 2001-04-28).

Hiruko (Alberdania, 2003), hiru zatitan banaturik dagoen liburua dugu, atal bakoitzak bere autonomia mantentzen duelarik, eta hiruetan indarkeria da gaia. Lehendabiziko testua, "Herriak bizi behar du" narrazioa, Iparraldean borroka armatuari ekiteko erabakia hartzen duten lagunei buruzkoa da. Bigarrena, "Harpe ilunetik ateratzeko", saio politikoa da. Hirugarrena, "Elpides", elkarrizketa platonikoaren gisa dago antolatuta.

Bere azken argitalpena Zeruetako erresuma (Susa, 2005) eleberri korala dugu. Zenbait pertsonaien bizipenetatik abiatuta, Iparraldeko fikziozko herrixka batean, Otsabiden, XX. mendean zehar jazotakoak biltzen ditu Bordak, berak ezin hobeto ezagutzen duen zonaldearen lekukotza historikoa osatuz.

Bestalde, Bordak Bertold Brecht-en Kaukausiche Kredekreis (Kaukaziar Kreazko Borobila) antzezlana euskaratu zuen 2005ean, Miarritzeko Chimères antzerki taldearen eskariz.

Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Argazkia: Ainara Borda