CANO, Harkaitz

(Lasarte-Oria, 1975)
















"Gogoratzen dudanaren arabera, haurtzaroa zuhaitz batera igota igaro nuen, ibaia hazita nola pasatzen zen begiratzen. Oraingo umeak ez dira zuhaitzetara igotzen eta ibaia ez da hainbeste hazten, baina uholde haiek eta zuhaitz haiek nire lehen poema liburuan agertu ziren (Kea behelainopean bezala, 1994). Poema liburuak inprentatik jaso nituenean, estropezu egin eta lurrera erori zitzaizkidan denak. Seinale ona zela pentsatu nuen, bizirik zeudela.

Marrazteko edo musika-tresna bat jotzeko gai ez naizelako naiz idazle. Eta gabezia horrek sortzen laguntzen dit, gainerako gabezia guztiek bezala. Horregatik dute askotan musikarekin zerikusia nire liburuek: Beluna jazz (1996) eta Pasaia blues (1999) eleberriek, esaterako.

Zuzenbide ikasketak egin nituen, baina ez dut sekula abokatu bezala lan egin. Gidoilari lanetan nabil aspaldian. 1998-99 ikasturtean New Yorken bizi izan nintzen, eta geroztik, Brooklyngo zubia nire bizkarrezurrean bizi da. New Yorkeko egonaldiaren emaitza izan zen Piano gainean gosaltzen (2000) kronika liburua.

Ipuina da gustukoen dudan generoa, Telefono kaiolatua (1997), Bizkarrean tatuaturiko mapak (1998) eta Neguko zirkua (2006) dira horren lekuko. Nobelagileari maleta bat egiteko esan eta mudantza bat antolatuko dizu. Ipuingileak ez: behar duen doia baino ez du honek maletan sartuko. Ipuin bat destolesten denean, sukaldeko zoruan kabitzen da, hiri bateko plano bat bezala.

Norbait dabil sute-eskaileran (2001) eta Dardaren interpretazioa (2004) dira nire azken poema liburuak".

Cano, Harkaitz, "Biografia", in Olaziregi, M.J. (bil.) An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies-University of Nevada, Reno, 2004.


©Mari Jose Olaziregi




Oso gaztetatik hasi zen Harkaitz Cano euskal literaturaren historietako orriak betetzen. Zuzenbidean Lizentziaduna, idazketatik bizi da. Lortutako sarien artean, Imajina Ezazu Euskadi (1992), Donostia Hiria (1993) eta Ignacio Aldecoa Saria (1998) aipa genitzake. Edonola ere, 2005ean Belarraren ahoa (Alberdania, 2005) eleberriarengatik lortutako Euskadi Saria izan da euskal literatur sisteman duen leku kanonikoa berretsi diona. Poesia liburuak argitaratu ditu, hala nola, Dardaren interpretazioa/ Interpretación de los temblores, (Atenea, 2004), ipuin liburua, Neguko Zirkua (2006), esaterako, eta hiru eleberri: Beluna Jazz (Susa, 1996) (gaztelaniaz: Jazz y Alaska en la misma frase, Seix Barral, 2004), Pasaia blues (Susa, 1998), eta aipatutako Belarraren ahoa (Alberdania, 2005) (gaztelaniaz: El filo de la hierba, Alberdania, 2006). Horiez gain, kronika liburu baten egile ere bada: Piano gainean gosaltzen (Erein, 2000)(gazteleraz, El puente desafinado, Erein, 2003).

Raymond Carver eta besteren errealismo zikinetik hurbil, Canoren narratiba errealitateaz elikatzen da, eta itxuraz orekatua den errealitate horretan pitzadurak antzematen ditu, egunerokotasunaren alderdi asaldagarria azaleratzen duten pitzadurak hain justu. Minimalistak dira bere ipuinak, eta hiri desolatuez, gauetan dei mehatxuzkoak egiten dituzten telefonoez, edo ixilune erdiragarriak dituzten desamodio kronikez mintzo dira. Horiek guztiak dira, eleberri beltzen konta teknikekin antolatuak, Telefono kaiolatua ipuin liburuaren osagaiak (gaztelaniaz: Enseres de ortopedia inútil, Hiru, 2002). Egilearen hastapenetako ipuinek istorio asaldagarriak eta amaiera deigarriak bazituzten, azken urteotako istorioak gertuago daude Carver, R. Ford edo T. Capoteren narrazioetatik. Bere azken ipuin liburua, Neguko zirkua, Canoren ipuin libururik onena kontsideratua izan da. Jolas literarioa eta itxuraz elementu xumeenetara lerratzen den narratzailearen begirada nabarmenduko nuke. Elementu xingleok, istorioek aurrera egin ahala, garrantzi eta esanahi zinez deigarriak lortzen dituzte, eta hastapenetan ez zuten protagonismoa erdiesten.

Bluesaren eta jazzaren erritmo pausatuek baldintzatzen dituzte Canoren lehenengo bi eleberriak: Beluna Jazz (1996) eta Pasaia blues (1998). Lehenengoan, Bob Ieregi tronpeta-jotzaile beltz ospetsuaren bizipenak dira kontagai eta, bigarren plano narratiboan, eroetxe bateko gertakari nagusiak. Bi planoek berez duten erakargarritasuna gutxi bailitzan, hilketa baten berri ere ematen da eleberriaren hasieran, eta irakurlearen arreta lehenengo orrietatik bereganatzen du eleberriak horrela. Teknikari dagokionez, narratzaile orojakilearen erabilera azpimarratuko genuke, gertakarien kontaketa eteten duten iruzkin metanarratiboen ugaritasuna, baita anakronia etengabeak ere, baina batez ere, Canoren prosa lirikoaren erakarmena, etengabe errepikatzen diren irudi eta metaforez zipriztindua. Ezaugarri guztiok, nahiz eleberrian presente dagoen ametsezko mundua, mundu surrealista eta eromenezkoa, irakurri berri zuen liburu baten eraginari egotzi zizkion Canok, M. Lowryren Lunar Caustic eleberriari, hain zuzen. Beluna Jazzen aipatzen diren musikari eta literatur lanen zerrenda zinez da azpimarratzekoa. Hortxe dauzkagu, esaterako, Miles Davis, Cedar Walton... edo Charlie Parker. Azken hau omendu nahi izan du Canok, Julio Cortázarrek El perseguidor lanean egin bezala, eleberri honekin.

Pasaia bluesen aurreko eleberrian baino arinagoa da eduki oniriko eta surrealista, eta kontamolde errealistagoak erabili zituen egileak. Eleberriak duen sintesirako ahalmena, esaldi laburren erabilera, hilketa baten inguruko suspensearen erabilera... ezaugarri horiek guztiek polizia eleberria dela baieztatzera bagaramatzate ere, egokiagoa litzateke sasi-poliziakotzat jotzea (faltsu poliziakoa, Canoren hitzetan). Izan ere, Pasaia Bluesen, hainbat eleberri garaikidetan gertatzen den moduan, ikertzaile nagusia suertatzen baita azkenean hiltzaile. Esandakoaz gain, Pasaiako herriaren deskribapen espresionista nabarmendu beharko genuke. Garabi erraldoiez betetako espazio hori, zakurren arteko borroka klandestinoen gertaleku da, edo gorpuak desagerrarazteko putzu zorigaiztoko. Bertako biztanleek, eleberriko pertsonaia sekundario garrantzitsu direnak, Juan Perro edo Laranja Mekanikoa izen adierazkorrak daramatzate eta, horrenbestez, berriro ere, musika eta zinemaren erreferentziek blaitzen dute Canoren eleberri hau. Esandakoez gain, Billie Holliday, Camaron, Leonard Cohen edo Lou Reed aipatzen dira Pasaia bluesen, eta Beluna jazzeko Bob Ieregi bera tronpeta-jotzaile xahar bihurtzen.

Belarraren ahoak antz gutxi du aurrekoekin. Oraingo honetan ez gaude eleberri beltz baten aurrean, oraingoan ez dugu hilketa edo desagertzerik argitu behar. Ukronia batetik abiatzen da istorioa: Hitlerrek II. Mundu Gerra irabazi du eta Europaz jabetu da. Orduan erabakitzen du Manhattan bere egitea, eta hortik kontinente osoa bereganatzea. Itsasontziz doa New Yorkerantz, eta bertan darama preso, Diktadore Handia filmaren zuzendaria, Charles Chaplin jauna. Bigarren plano narratiboak 1886an Askatasunaren Estatuaren koroiaren barruan polizoi bidaiatu zuen Oliver Legranden istorioa kontatzen digu. Polizoi honen patua bere torturatzaileengandik ihes egitea lortuko duen Chaplinen patuarekin nahastuko da. Dakusagunez, zined originala eleberriak kontatzen duen istorioa, originala eta erakargarria, halaber, Canoren prosa liriko irudiz betea. Suspense handiko istorioa dela esanez amai genezake, metanobelatzat ere har genezakeena, bizitzaz eta idazketaz eskaintzen dituen etengabeko hausnarketengatik.





Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Neguko zirkua: Susa

© Beluna jazz: Susa

© Pasaia blues: Susa

© Belarraren ahoa: Alberdania