CILLERO, Javi

(Bilbo, 1961)

"Javi Cillero dut izena. Horrek ez dizu gauza handirik esango, beraz, hobe dut zenbait datu gaineratzea. Kazetaritza eta Itzulpengintza ikasi nuen Euskal Herrian, eta Euskal Literaturan Ph.D-a eskuratu nuen Nevadako Unibertsitatean, Renon (Amerikako Estatu Batuak). Detektibe fikzioan naiz espezialista, ala hura gutizia dudala esan beharko nuke?

Euskarara itzuli ditut Mark Twain, Roald Dahl, Charles Dickens, Robert Bloch, Ross McDonald, Ernest Hemingway eta F. Scott Fitzgeralden zenbait lan. Haur eta gazteentzako liburuak ere idatzitakoa naiz: Eddy Merckxen gurpila (1994) eta Thailandiako noodle izugarriak (2001). Eta milurtekoa amaitu baino lehen narrazio bilduma bat (Hollywood eta biok, 2001) argitaratzeko gai izan naiz. Badaezpada.

Idazterakoan, gustuko dut ekintza paraleloekin, flashback-ekin zein ikuspuntu aniztasunarekin jolastea. Agian ez zara konturatu baina izugarri maite dut zinema. Kontua zera da: literatura ekoizten merkeagoa dela. Istorioak kontatzearen ahalmen terapeutikoan sinesten dut, baita denok dugula istorio bat kontatzeko. Zen margolariaren antzera joan naiz nire idazkera garatzen: hainbat urtez pintzelari eusten aritu nintzen oihal zuriaren aurrean, harik eta egun batean denbora luzez zain eduki ninduen istorioak bere burua azaldu zuen eta hura harrapatzen ahalegindu nintzen, kolpe azkarrez.

Ondo da. Oraindik ez naiz bertan, baina nire ibilbidean zehar hainbat istorio biltzerik izan dut. Honela esango dugu: bizitza mozorroturik azaltzen da literaturan, baina literaturak berak bizitzaz mintzo da mozorro propioak erabilita. Irakurtzen hasteko unera iritsi gara".

Cillero, Javi, "Biografia", in Olaziregi, M. J. (bil.) An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno, 2004.


© Estibalitz Ezkerra




Javi Cillero Informazio Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (1984), eta ondoren Itzulpen Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Detektibe fikzioa euskal literaturan gai hartuta doktorego tesia garatu eta defendatu zuen Nevadako Unibertsitatean, Renon, 2000. urtean. William A. Douglassek, Carmelo Urzak, Linda Whitek eta Joseba Zulaikak editaturiko Basque Cultural Studies (Reno: Basque Studies Program, 2000) bilduman jasotako Contemporary Basque Fiction Revisited artikuluan bere tesiaren nondik norakoak laburbildu zituen.

Gaur egun Genevan (Suitza) bizi da egilea, eta itzulpengintzara loturiko nazioarteko erakunde batean lan egiten du.

1994an Eddy Merckxen gurpila (Erein) gazteentzako lana argitaratu zuen, zeinagatik Zarauzko Udalak antolaturiko Xabier Lizardi saria jaso zuen. Haren ostean haur eta gazteentzat idazten jarraitu du: Norena da Virginia City? (Desclee de Brouwer, 1995), Thailandiako noodle izugarriak (Alberdania, 2001) eta Kofi itsasora bidean (Aizkorri, 2001).

Antzezlan bat ere egina du: Uztailaren laua, Renon (Kutxa, 1999). Lan horrek Donostia Hiria saria jaso zuen, euskarazko antzerkiaren alorrean. Lana Renon (Nevada, AEB) kokaturik dago, eta zaldi lasterketetan apustuak egitea gogoko duen agure bat eta ezagutzen ez duen baina, benetan, bere semea den gazte bat ditu protagonista.

1999an bertan argitaratu zuen Cillerok bere estreinako narrazio bilduma: Hollywood eta biok (Alberdania). Egitura linealari ihes egiten dioten narrazio laburrak dira liburu horretakoak, hogeita bederatzi guztira, Amerikako Estatu Batuetako literaturari zein zinemari egindako erreferentziez beteak. «Izenburuak berak iradokitzen duenez, zine ekoizpen estatubatuarretan ezagutu dugun giroaren oihartzuna aurki daiteke nonahi liburu honetan: autopista ondoko motelak, hiri handietako auzo txinatarrak, basamortuko haizeak inarrosten dituen etxaldeak, San Francisco eta Las Vegas, Reno eta Los Angeles. Bertze batzuetan, ordea, Amerika infinitu hori gure artean ere egon daitekeela frogatzen du, narrazioaren haria Bilbora, Baionara edo Atharratzera ekarriz. Badira hirugarren multzo batean, azkenik, "omenaldi literario" gisa edo irakur daitezkeenak, hasieran aipatzen genituen izen handi horietariko baten lanen remake desbideratu ironiko nongo-nahikoak.

»Batzuetan luze, gehiagotan labur, baita zenbaitetan biziki labur ere –liburuko hoberenak, beharbada–, "Hollywood eta biok" osatzen duten hogeita bederatzi narrazioetan intentsitate eta lorpen maila ezberdina dago: antologietara eramateko modukoetatik hasi eta arruntagoetara. Alabaina irakurleak denetan aurkituko du ofizioa eta jakituria. Denetan bihotza hunkitu edo irriño gaiztoa ateraraziko dion zerbait» (in Epaltza, Aingeru. "Amerika gurean". Nabarra, 2001-08).

Hollywood eta biok bilduma gazteleraz argitaratu zuen Madrileko Centro de Lingüística Aplicada Ateneak, 2004ean, Hollywood me mata izenburupean.

Cilleroren bigarren narrazio bilduma genuke Ero hiria (Alberdania, 2005). Reno hirian girotuta eta Reno hiria bera dute protagonista lan honetako ipuinak. «Liburu honetan behin baino gehiagotan aipatzen den filma da John Hustonen The Misfits, egokitu ezin direnen, desplazatuen, deseroso dauden pertsonaien erakusleiho bat baita nolabait Ero hiria: beren burua mapan kokatzen ez dutenak ageri zaizkigu, kokatzeko ahaleginik egin nahi ere ez dutenak beharbada, beren burua mapan zehazki non kokatzen den jakiteak bertigoa ez bada depresioa ekarriko liekeen jakinaren gainean daudelako, ziur aski.

»Ipuin guztiak Renon kokatuta egoteak ("AEBen mugaldea ez da Ozeano Barea Nevadako kasinoak baizik" dio pertsonaietako batek), istorio guztiak koordenada hain garbien barruan kokatzeak, areagotu egiten du pertsonaien alienazioa eta irakurleak berehala hartzen du galduta dauden gizon-emakume katramilatuen kontzientzia. Ez dira derrigor pertsonaia bazterrekoak eta medio ekonomikorik gabekoak, horietako asko unibertsitateko irakasleak dira, kongresuz kongresu dabiltza hegazkinez batetik bestera, baina horrek ez du haien izaera erabat ahula ezkutatzea lortzen, ezta hurrik eman ere: estalki intelektualak zama arindu beharrean etsipena areagotu egin lezake batzuetan. Renon, jakin badakigunez, euskal komunitate handi samarra dago eta horri buruzko keinu ironikorik ere ez da falta, ezta elkarrizketa "intelektual" –bikoiztu kakotxak hemen, arren!– europar kutsukorik ere, Woody Allenek hain gustuko dituen horiek» (Donostian, 2006ko apirilaren 5ean Harkaitz Canok irakurritako testutik hartua. Ikus osorik Alberdania argitaletxearen web orrian).

Bestetik, itzulpengintzan lan franko egin du Cillerok. Besteak beste, Mark Twain, Ernest Hemingway, Ross MacDonald, Francis Scott Fitzgerald, Robert Bloch, Raymond Chandler, Roald Dahl, zein Charles Dickensen lanak euskaratu ditu.


Idazleari buruz informazio gehiago:

© Argazkia: Literaturaren zubitegia

© Thailandiako noodle izugarriak: Alberdania

© Hollywood eta biok: Alberdania

© Ero hiria: Alberdania