ELORRIAGA, Unai

(Bilbo, 1973)




© Estibalitz Ezkerra




Unai Elorriaga Euskal Filologian lizentziaduna da, eta zenbait urtez itzulpengintzan aritu da Labayru institutuan. Berea dugu Agustín Fernández Paz-en Nogueira doktorearen laborategia (Elkar, 2000) zein Marilar Aleixandre-ren Etorkizunik ez (Elkar, 2001) liburuen euskarazko itzulpena. Elorriagak literatur zein itzulpengintzari buruzko klaseak eman izan ditu, eta testugintzan ere jardundakoa da. Bestetik, ohiko kolaboratzailea dugu idatzizko zenbait komunikabidetan.

2001ean argitaratu zuen Elorriagak bere lehen nobela, SP-rako tranbia (Elkar), zeinak handik urte betera Espainiako Sari Nazionala jaso zuen. Aipatu eleberriko protagonista dugu Lucas, emaztea hil zitzaionez geroztik Maria arrebarekin bizi den agurea. Lucasek ez dio gauza handirik eskatzen bizitzari: gustuko du tranbian ibiltzea –emaztea bizi zelarik egin ohi zuen bezala–, baita telebistan eskaintzen dituzten mendiari buruzko erreportajeak ikustea ere. Mendizaleen balentriak ikusita, begiak zabalik amets egiten du zortzimilako baten gailurra egitear den espedizio bateko kide dela. Munduan badira hamalau zortzimilako: Shisha Pagma igotzearekin nahikoa luke Lucasek; zortzimilakoetatik txikiena da hura, baina agurearen ustez badu halako xarma berezia. Gainera, belarrirako atsegina da bere izena. Lucas ez da ohartzen, baina ingurukoek badakite bere memoria ez dela garai batekoa. Inor ez da gaixotasun ikaragarriaren izena ahoskatzera ausartzen, baina ez dago zalantzarik, Alzheimerraren lehen sintomak ageri ditu Lucasek.

Elorriagak gehien estimatzen dituen idazleen artean daude Jorge Luis Borges, Julio Cortazar, Juan Rulfo eta William Faulkner, eta, hain zuzen, azken horren eragina sumatu daiteke SPrako tranbia-n. Idazle amerikarrak Hotsa eta ardaila nobelan erabilitako ahots aniztasuna –haien artean bazen gutxitu psikiko batena– bere eginez, oroimen arazoak tarteko fantasiaren eta errealitatearen artean bereizteko gai ez den Lucasen mundua gerturatzen digu egile bizkaitarrak. Nobelan badira Rayuela-ko Cortazarren estilora gerturatzen diren eszenak, Lucas ustez bere ohe azpian bizi diren sitsekin akabatzeko erabakia hartzen duenekoa bezala –esan beharra dago intsektuen agerpena, pertsonaia bat gehiago bailiran, konstante bat dela Elorriagaren narratiban–. Idazkera zuzen, xume eta zirikatzaile batek ematen digu errealitatetik haruntzago doan mundu ikuspegi horren berri, nobelari freskotasun handia emanez.

SPrako tranbia agertu eta bi urtera argitaratu zuen Van't Hoffen ilea, zeina Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Igartza bekari esker osatu zuen Elorriagak. Kasu honetan istorioa kokaleku imaginario batean garatzen da: Idus izeneko herrian. Hara iritsiko da Matias Malanda funtzionarioa, grabagailua lagun tokiko herritar xelebreen lekukotza jasotzen ibiliko dena. Faulknerrek behin esan zuen «hiltzen den pertsona bakoitza su hartu duen liburutegi bat» dela, eta gogoeta horretatik zerbait du nobelak. Izan ere, Elorriagak pertsonaia arruntei ematen die hitza; ez dute gertaera handirik kontatzeko baina ametsez gainezka daude, eta horrelako pertsonak edozein herri zein hiritan aurki daitezke. Malanda bera ez da edonolakoa; funtzionarioez izan ohi dugun irudi grisaren batere antzik ez du. Entziklopediak arras gogoko ditu, eta intsektuek ez diote beldurrik ematen, ezta Idusen den erle andanak ere. Nolabait, herriko jendearen lekukotza biltzeko dema horrek Danilo Kis-en Hildakoen entziklopedia dakarkigu gogora, non Borgesen hitzak bere eginez –ez dago ahaztu behar obra horrek argentinarraren Historia universal de la infamia duela abiapuntu, eta azken horrek, aldi berean, Marcel Schwob-en Bizi alegiazkoak du iturburu– zera esaten duen idazle serbokroaziarrak: «Gizakien historian deus ez da errepikatzen, lehen begi-kolpean berdina dirudien guztia apenas da antzekoa; gizaki bakoitza izar bereizi bat da, beti eta inoiz ez da gertatzen guztia, dena errepikatzen da infinituraino eta modu errepika ezinean». Kis-ek asmatzen duen entziklopedia ez da edonolakoa; jende arruntaren bizitzekin osaturik dago hura. Horrelako pertsonak ez dira inoiz letra larriz idazten den Historiaren parte izatera igaroko, baina horregatik beren jakintzak ez dio garrantzitsua izateari uzten, azken batean bakoitzak gordetzen duen ezagutza bakarra eta ordezkaezina da.

Jende xumearen oroimenaren "inmortalizazio" horrek Antzinateko herrialdeetan bilatzen zuten fama ekar diezaguke gogora, hura baitzuten heriotzari aurre egiteko bide bakarra. Oro desagertzen da, salbu oroimena. Baina erokeria litzateke Elorriagak bazterreko pertsonaiekiko duen joera –literaturan toki handia betetzen ez dutela ulertuz bazterreko hitza–, berdin du umeak, agureak ala ameslari hutsak diren, enperadore erromatarrek eraikiarazten zituzten garaipen arkuekin parekatzea. Egokiagoa litzateke pentsatzea egunerokotasuna ilusioz bizi duen, fantasiari uko egiten ez dion jende horri zuzenduriko omenaldia dela bere obra. Zeren Algortakoaren literatura jolas hutsa da, itxaropenez beteriko jolasa. Heriotza bera, azaltzen denetan, ez du inolako ukitu dramatikorik: egiazki, hiltzeko leku apropos baten bila dabilela eta horrela iristen da Malanda Idusera, gizaki orok baitu bizitzeko zein hiltzeko tokia aukeratzeko eskubidea. Baina behin ere ez zaigu bere patuagatik kezkaturik azaltzen funtzionarioa; aitzitik, txoratuta dago behin betiko atsedena eskainiko dion herriarekin.

Zera da bitxia: Van't Hoffen ilea-ko pasarte batean, gerora Elorriagak berak argitaratuko duen nobela gainbegiratzen agertzen da Malanda. Liburu hori dugu Vredaman (Elkar, 2005). Izenburuan bertan antzeman daiteke egileak Faulknerrekiko duen lotura. Izan ere, As I lay dying nobelako pertsonaietako batek Vardaman du izena, eta zentzu horretan letra joku baten emaitza genuke Vredaman. Elorriagak berak esan du Vredaman hitzak ez duela ezer adierazten, jolas hutsa da, obrako pertsonaien ekintzak bezala. Alde batetik, Tomas eta Iñes anaia-arrebak ditugu, aita osasunez larri dagoela-eta osaba-izebaren etxean daudenak. Ume batek propio duen adimenarekin aztertzen du Tomasek inguruan gertatzen dena. Inteligente izan nahi du munduan diren arazoak konpontzeko, eta horregatik nahi du libelula urdin bat harrapatu, arrebak esan baitio espezie arraroa dela eta halako bat eskuratzen duenak berehala bihurtzen da inteligente. Bestetik, Tomas eta Iñesen osaba Simonen irudimen mugagabea genuke. Gur lagunarekin batera, herrian errugbi zelai bat egiten saiatu da.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: www.mertin-litag.de

© SP-rako tranbia: Elkar

© Van't Hoffen ilea: Elkar

© Vredaman: Elkar