EPALTZA, Aingeru

(Iruņea, 1960)




Š Mari Jose Olaziregi

Transcript aldizkarian argitaratua, 2005.




Aingeru Epaltza egungo panoramako idazle interesgarrienetako bat dugu. Kazetaritzan lizentziaduna da, eta zenbait egunkaritan lana egina den arren, Nafarroako Gobernuko itzultzailea da egun. Bere ibilbide literarioan, narratibaren alorreko lana da nabarmentzekoa, nola helduentzako literaturan, hala haur eta gazteentzakoan. Helduentzako produkzioan Garretatik erauzitakoak (Elkar, 1989) ipuin-liburua nabarmenduko genuke, eta gazteentzakoen artean Ur zabaletan (Pamiela, 1994) eleberri laburra. Gainera, bere hiru eleberriek literatur sariak irabazi dituzte: Sasiak ere begiak baditik (Elkar, 1985) Iruņeko Udaleko idazle berrientzako lehiaketan izan zen irabazle; Ur uherrak (Pamiela, 1993) eleberriak Xalbador Saria irabazi zuen 1991n, eta Tigre ehizan lanak (Elkar, 1997), 1997ko Euskadi Saria. Horiez gain, kazetaritzako Rikardo Arregi Saria irabazi zuen Epaltzak 1990ean.

XIX. mendeko karlistadetan kokatutako Sasiak ere begiak baditik eleberriak eman zion hasiera Epaltzaren ibilbide distiratsuari. Sasiak ere begiak baditik abentura, akzio bizkor, suspense eta iruzurrez betetako istorioa da; euskaldunik unibertsalenetako baten, Pio Barojaren, narrazio bikainak dakarzkigu gogora.

Autorearen hurrengo eleberria, Ur uherrak, tamaina eta asmo literario handiagoko obra da. Bi pertsonaien topaketa -Billie, neska beltza, bere egoera sozial eta familiarrarengatik baztertua, eta Jazinto bertsolari zaharra, zapuztua eta alkoholismoak joa- da eleberri honen abiapuntua. Biok aurrera egiten saiatzen dira Epaltzak iaiotasunez marraztutako nafar herrixka bateko giro etsai itogarrian. Agintea lortzeko bertako buruzagi politikoen arteko borroka gordina, poliziaren errepresioa, egunkarien manipulazioa eta ahulenen aurkako indarkeria areagotu egiten dira herriko zinegotzi bat hiltzen dutenean. Uher eta iluna da eleberrian islatzen den mundua, eta autoreak kontrapuntuaren teknika trebeziaz erabiliz, arintasunez jakin du istorioa kontatzen. Obraren egituraketan eleberri beltzetik hurbil dauden estrategia narratiboak hauteman daitezke. Gogoan ditugu, batez ere, zenbait idazle iparramerikar, R. Ellison eta bere The Invisible Man (1952), baina batez ere J. Baldwin.

Tigre ehizan (1996) eleberrian, kasualitate bat dela medio, 1944ko abuztuaren 7an tigre bana ehizatu behar dute bi protagonistek, aita-semeek. Martin, El Llanoko petrolio konpainiako bere lankideekin batera, Parigua oihan amazonikoan zenbait lagun hil dituen tigre bat ehizatzera ateratzen da, eta Martintxo semeak, berriz, azkenaldian alemaniarrek Larresoro okupatu izanaren lekuko, herriko bere lagunekin batera, tanke alemaniar bat Ģehizatzeaģ erabakitzen du, lagunartean Ģtigreģ esaten dioten tankea Ģehizatzeaģ. Pixkanaka, aita-semeen patua korapilatuz doa eta istorioak halako intentsitate ia metafisiko bat hartzen du, irakurleari zirrara eragiteraino. Tigre ehizan protagonista penatu horietako bakoitzaren ilunbeen bihotzera egindako bidaia literario bihurtzen dela esan daiteke.

Rock'n'Roll (2000) eleberri bikainetik hartu dugu lagina aldizkari honetarako. Bertan, eleberri beltzetako osagaiek hasieratik harrapatzen dute irakurlea: hilketak eta gorpuen desagertzeak, lapurrak, poliziak eta kazetariak, mozkortiak, sektak... eta umore beltzez zipriztindutako pasarte gogoangarriak. Horiez gain, badira Raymond Chandler-en The simple art of murder ezagunean zehazten ziren beste funtsezko osagai batzuk, hala nola, intriga, amaiera arte askatzen ez den suspensea, bortizkeria, sexua, alkohola... Eta Chandlerren aipamena ez da, inondik ere, hutsala, bere dekalogo famatua tartean, maisuaren ikasle ikasia dela frogatu baitigu Epaltzak. Rocka deskubritu zuen belaunaldiari begirada ironikoa, esperpentikoa esango genuke, bota dio Epaltzak eleberri honetan. Izenburuan ez ezik liburu guztian presente dagoen Lou Reed-en Rock'n'Roll abestian esaten zaigun modura: "Rock and rollak bizia salbatu zion. Anputazio guztiengatik ere, dantzatzen ahal zinen rock and roll irrati batekin..." (ik. Rock'n'Roll Animal, 1974).




Idazleari buruzko informazio gehiago:




Š Argazkia: Elkar