ETXANIZ ERLE, Xabier

(Oñati, 1961)

Euskal Filologian lizentziaduna da, eta gaur egun irakasle dabil Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolan, Gasteizen. Idatzizko prentsan kolaborazioak egin izan ditu, hala nola Egin egunkariko Egunon gehigarrian zein Argia astekarian, baita Kandela aldizkariaren sorreran parte hartu ere.

Haur eta Gazte Literaturaren inguruan egindako ikerketengatik da Etxaniz ezagun, eta lan horren emaitza genituzke ondoko argitalpenak: Haur eta Gazte Literatura (Pamiela, 1997), Euskal Haur eta Gazte Literaturaren historia (Pamiela, 1997), 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura (Manu Lopez Gasenirekin batera idatzirikoa; Pamiela, 2005), Euskal Haur-literaturaren antologia (Elkarlanean, 2005) eta Euskal Gazte-literaturaren antologia (Elkarlanean, 2005).

Bestetik, ipuin tradizionalen bi antologia apailatuak ditu: Haur folklorearen bilduma (Pamiela, 1986) eta Geure ipuinak (Pamiela, 2000).

Literatur sormenari dagokionez, 1984an argitaratu zuen Etxanizek gazteei zuzenduriko estreinako lana, Nire belarriak, Elkarren. Liburu honetako protagonista beste mutikoen antzekoa zen, Antton zaharraren dendako kristala hautsi zuen arte. Handik aurrera gauza harrigarriak gertatuko zaizkio, eta abentura batean baino gehiagotan parte hartu beharko du. Haren ostean etorri zen Patxiki (Elkar, 1985), Txitxirio txiki ipuin tradizionalarekin harreman estua zuen istorioa. Izan ere, liburuko protagonista, Patxiki, hain da txikia ezen aitak alkandoraren sakelan erabiltzen du askotan. Egun batean, kalera bakar-bakarrik irtetera ausartuko da, zakur bat ezagutu eta bere bizitzako abenturarik handienean murgilduko da.

Ilun (Elkar, 1987) gazteentzako eleberriaren ostean, Txinako herri-ipuinen ildotik osaturiko Berdez jantzitako neska (Pamiela, 1988) eta Zazpi ahizpa (Pamiela, 1992) ipuin bildumak kaleratu zituen. Tartean, Gola, katu trapezista (Pamiela, 1990) haurrentzako liburuak ikusi zuen argia.

Musu lapurra (Aizkorri, 2001) dugu Etxanizek idatziriko azken lana. Bertan, idazleak aita baten esku uzten du istorioaren narratzaile rola. Zenbait pertsona zoriontsu egiten dituzten kontuak aipatzen hasiko zaio aita bere alabari: «jaietan gaueko suak ikustean», «gure kaleetan barrena ibiltzean»... Jarraian, haiek ere zoriontsu egiten dituzten gauzak zerrendatuko ditu, aita bera erabat zoriontsu egiten duen une baten aipamenarekin amaitzeko: «gaueko musua lapurtzen dizudanean». «Bere laburrean testu ederra da, paralelismoan eta progresioan oinarritua, hitz baten inguruan (zoriona) eratua, hitz bakar batzuetan doitua, eta musua bezalako maitasun keinu
-puntu- intimista batera garamatza» (in Sagastume, Laura. Behinola, 5. zkia, 2001eko abendua).

Idazlearen beste obra batzuk dira Igarkizunak (Elkar, 1986) eta Zer dela eta zer dela? (Pamiela, 1993), bien helburua delarik euskal igarkizunak zein beste hizkuntza batzuetakoak haurrei ezagutaraztea.

Itzulpengintzan ere jardun izan du Etxanizek: 1985ean, R.L. Stevensonen Altxorarren uhartea euskaratu zuen.


Idazleaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:




© Xabier Etxaniz Erleren argazkia: Zaldi Ero

© Euskal haur eta gazte literaturaren historia: Pamiela

© Musu lapurra: Aizkorri