ETXEBERRIA, Hasier

(Elgoibar, 1957)

Telebistan egindako lanak egin du ezagun Hasier Etxeberria. 1983tik Euskal Telebistan dihardu, eta hainbat kultur saioren sortzaile, zuzendari eta aurkezle izan da bertan: Zopa haundi, Arkupe, Farenheit, Beti eskamak kentzen, Babel, Ez dago larrosarik. Gaur egun, albistegietako kazetari ez ezik Sautrela literatur programako aurkezlea ere bada. Bestetik, idatzizko prentsan ohiko kolaboratzaile da, eta lan horregatik Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso zuen 1993an.

1984an Ipuin ezberdinak eta erregalokoak (Erein) argitaratu zuen Etxeberriak, zeinetako istorioen ezaugarri komuna ironia zen. Orduz geroztik beste bi ipuin-bilduma kaleratu ditu Elgoibarkoak: zenbait lehiaketetan sarituriko ipuinekin osaturiko Alajaineta (Elkar, 1995), eta Karramarroaren aztarnak (Elkar, 1997). Azken horretan estilo, egitura zein gai ezberdineko bost ipuin jaso zituen. Tartean, bere lehen nobelak ikusi zuen argia: Mugetan (Elkar, 1988). Liburuko protagonistak ditugu Nati Lasa eta hura txikitatik maite duen Mikel Zulueta. Nati haurdun geratu eta Mikelek Iparraldera laguntzen dio aborta dezan. Izan ere, neskak barruan daraman haurra Felix Artetxe ETA kidearena da. Baina bikotearen bidaiak poliziaren susmoak pizten ditu, eta horren ondorioz Mikel atxilotu eta torturatu egingo dute. Gertatutakoaren berri izan bezain pronto, Felix Iparraldetik itzultzen da Natirekin hitz egiteko, baina poliziek hil egiten dute. Horrek bultzatuko ditu Mikel eta Nati euren harremana etetera. Mari Jose Olaziregi kritikariaren aburuz, «narratzaileak konta-teknika modernoak darabiltza, hala nola, plano alternantzia azkarrak, zehar estilo askean tartekatutako pasarteak... eta 100 metro eleberrian agertzen direnen gisako pasarte elebidunak, egunkariko berrien zatiak edo kameraren begiari jarraiki antolatutako deskribapen objektiboak. Eta baliabide horiekin batera, eleberri beltzetako hainbat elementu ezagun, Mugetan eleberrian marrazten zaigun hiria itogarria baita, giza uholde etsituez osatua, hitsa. Zigarro keak zeharkatzen dituen orriotan, bi marrako sinboloaren errepikapen misteriotsuak, edo Blues tristeen aipamenak, noizbait guri ere Epe Gabeko Saltoa gerta dakigukeela oroitarazten digute, hau da, gure eguneroko bizitza astindu eta baldintzatuko duen gertaera bortitzak gutxien espero dugunean asalda gaitzakeela» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru-Zornotzako Udala, Bilbo, 2002).

Hurrengo lanarekin, Arrainak ura baino (Kutxa Fundazioa, 1999; Elkar, 2000), Irun Hiria Eleberri Saria irabazi zuen Etxeberriak, 1998an. Nobelan zehar protagonistak, 40 urte inguruko Simon Azkue ginekologo ezaguna, Madrileko Burtsaren Etxea leherraraztera bultzatu zuten arrazoiak azaltzen dizkigu: Rita Zabaleta, hainbeste maite duen emakumea edo, hobeto esanda, hura txunditzeko nahia dago berak harturiko erabakien atzean. Olaziregiren aburuz, «amodioa da Arrainak urak baino eleberriaren leit-motiva, maitatzeko modu arriskutsua, izenburutik iradokitzen zaigun moduan: Simonek Rita arrainek ura baino gehiago behar baitu bizitzeko» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. Cit.). «Rita-Penelopek jertseak egiten dizkio kartzelan duen senar-ohi Hans Lauer-Ulisesi. Baina oraingo honetan, Hansen merituak ez dira Ulises ausartarenaren parekoak, eleberrian esaten denez, Alemaniako Brigada Antikapitalista Gorrietako buruzagi zen Hansek, hilketa eta sarraski ugari egin baitzituen kartzelatua izan baino lehen. Iragan hori ezabatu nahi du, hain justu, Simon Azkue protagonistak bihotzez maite duen Ritaren baitan: ekintza 'heroikoak' egiteagatik zigortu zuten alemaniar terroristaren oroimena. (...) Umore beltzak, korrosiboak zeharkatzen du Arrainak ura baino eleberria alderik alde, frustraziorik handienean bizi den protagonista gizagaixo honen patu tragikoa ulertzeko beharrezkoa den umoreak» (in Olaziregi, M. J. Op. Cit.).

Eulien bazka (Susa, 2003) dugu gipuzkoarrak osaturiko lanik biribilena. Nobela beltz honetako protagonistari, Damian Arruti detektibeari eztarrian kartzinoma bat aurkitzen diote, eta heriotza hurbil izan dezakeela jakiteak askatu egiten ditu barruan daramatzan beldur guztiak. Hori nahikoa ez balitz, euliekiko zaletasun berezia duen detektibe honen emaztea hilik aurkituko du poliziak. Haren heriotzaren errudunak bilatzeko prozesuaren ondorioz, kitatu gabeko kontuak azalduko zaizkio, emazte ohiarekin, ezkutuko maitale fidelarekin, ageriko maitale berriarekin, burkide ohiekin, adiskide zaharrekin, eta bere buruarekin.

Damian Arrutiren ibileren jarraipena genuke Etxeberriak argitaraturiko azken obra: Mutuaren hitzak (Susa, 2005). Nobela beltzetan bezala, hemen ere heriotza bat agertzen zaigu hasieran, hilketaren itxura duen heriotza. Baina idazleak beste bide batzuk hautatu ditu, zeren nobelaren erdira arte ez baita berriro hilketaren kontu hori aipatuko. Bitartean ikertzailearen arazoez hitz egingo zaigu, pasa berria duen gaixotasunaz, Baztan aldera egiten duen bidaiaren arrazoiez, arteaz eta literaturaz.

Haur eta Gazte literatura ere jorratu du egileak. Arlo horren barruan kokatu beharko genituzke, besteak beste, Estatua baten historia (Elkar, 1988), Bilintx Saria irabazitakoa, zein Inesaren balada (Elkar, 2002). Azken horrekin Haur eta Gazte literaturako Apirila Sarian finalista izan zen Etxeberria.

Etxeberria sukaldaritzari buruzko zenbait libururen egile ere bada: Sukaliztegi partikularra (Orain, 1996), Erabateko sukaldea (beste egile batzuekin; Ttarttalo, 1998), Gipuzkoako Gastronomia-Gastronomía de Gipuzkoa (Martin Berasategirekin batera; Kutxa, 2002), eta Sukaldean (David de Jorgerekin batera; Lur, 2004). Bestetik, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria zein Joseba Sarrionandiari egindako elkarrizketak bildu zituen Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan (Alberdania, 2002) obran, eta idatzizko prentsan argitaraturiko zutabeak Patri maitea... (Alberdania, 2003) argitalpenean.


Idazleaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:

© Hasier Etxeberriaren argazkia: eitb.com

© Mugetan: Elkar

© Eulien bazka: Susa