IRASTORTZA, Tere

(Zaldibia, 1961)

Euskal Filologia eta Filologia Hispaniarreko ikasketak egin zituen. Zenbait urtez Bergarako UNEDeko Ikastetxe Elkartuan lan egin zuen, eta orain Beasaingo Ikastolako zuzendaria da. 2002tik 2006 urte bitartean Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakaria izan zen. Literatur aldizkari batzuen sorreran parte hartu izan du, besteak beste, Susa, Kandela, Goierritarra eta Kalegats. Artikulu, ipuin eta poemak idatzi ditu aldizkariotan, eta baita Maiatz, Ttu-Ttua, Administrazioa Euskaraz, Egan, Karmel, Hegats eta Mugalari-n ere. Era berean, Argia aldizkariko ohiko kolaboratzailea da.

Tere Irastortzaren poemagintza «intimismotik hurbil» kokatzen du Jon Kortazar literatur kritikariak. «Baina egileak intimismo hitzari esanahi orokorragoa eman nahi dio, hau da, pertsona orok hurbilen duena adierazi nahi du idazlearen iritziz, eta ez, nahitaez, norberaren intimitatea soilik. Irastortzak dio bere poemagintza idealizazioranzko ibilaldia dela, eta poesia idatziz bakarrik mundua ez dela aldatuko baldin badaki ere, bere lanak hasieran hurbileko eta eguneroko munduarekiko loturak aurkitzea xede bazuen ere, emeki-emeki bere baitatiko adierazpidetik abiaturik poesia minimalistarantz egin du, izan ere, poesia oro guztietan ageri diren gaiak baliatzen baditu ere, egileak egia handien aurrean dituen usteak ediren baikenitzake: amodioa, bizitza eta heriotza. Kasu batzuetan existentzialismoranzko joera hauteman genezake, izan ere, bizitzan aukera bat egiteak beste guztiak baztertzea esan nahi du eta aukera galdu horiek amildegiaren sentipen izugarria sortzen dute. Itxaro Bordak esan du horixe dela Tere Irastortzaren zalantza handia, segurtasunik ezari arreta berezia hartzea. Tere Irastortzaren aburuz, poesia oro da elegia-mota bat eta horixe dateke olerkien etsipenezko tonu berezia azal dezakeena» (in Kortazar, Jon. Euskal literatura XX. mendean, Prames, Zaragoza, 2003).

Gabeziak (Haranburu Altuna editore, 1980) dugu gipuzkoarrak argitaraturiko lehen poemategia, eta haren ostean etorri ziren Hostoak. Gaia eta gau aldaketak (Bilbo Aurrezki Kutxa, 1983) eta Derrotaren fabulak (Pamiela, 1986). Azken hori, «tituluak ongi dioen bezala, derrotaren adierazle bipila dugu, non denborak eta biziak suntsitutako gizaki galdu eta ahantziak ageri zaizkigun, izanaren hustutzea islatzen duten horietakoak asko eta asko» (in Camino, Iñaki. "Derrotaren fabulak", Argia, 1986-07-13).

Derrotaren fabulak-ek argia ikusi zuen urte berean kaleratu zuen Irastortzak bere laugarren obra, Osinberdeko khantoreak (Pamiela, 1986), eta handik zortzi urtera bosgarrenak: Manual devotio gabecoa (Pamiela, 1994). Amaia Iturbide poetaren aburuz, Manual devotio gabecoa-k «inorarik bako bidearen antza du, geografia abaildu baten izararena, hutsa eta hautsezkoa, heriotzarekiko beldur eta bakardadezkoa. Gauez, hizkuntz baztertuen hotsez, isil-beharrez, tartez eta minez estalita azaltzen da. Argi-izpietan errefraktatua, itzaletan tolestatua eta haruntzago ez doazen oihartzunetan lekatua. Denboraren aldien eta aldaketen ingurumarian kontrajarririk eta ezereztutako paperetan zarbaildurik. Aurreko liburuetako gabezia eta derrotaren tonua du Manual devotio gabecoa-k eta aurreko liburuetan bezalaxe, kanpoalde hitsetik begiratu nahirik intimititatearen gela atontzen dabil poeta, bestearen beharra somatuz, hedatuz eta bilakatuz.
» Errealitatea ametsaren gainean hartzen da, hala nola egunkaria mahaian. Izan ere, T. Irastortzaren poemagintza osoa langa eta hesiz josi eta jorratutako errealitatetik hasten da. Eta jaulkitzen zaion hizkuntza ikuspegi honen arauerakoa izango da, tradiziotik edan ondorengo funtzionaltasunaz erabilarazia» (in Iturbide, Amaia. "Ahots baten bidean", Euskaldunon Egunkaria, 1995-04-09).

Aipatu lanetatik harturiko antologia genuke Gabeziaren khantoreak (Pamiela, 1995), zeinaren ostean lan berri bati ekin zion Irastortzak: Izan gabe direnak. Haurdunaldi beteko khantoreak (Pamiela, 2001). Iñaki Aldekoaren ustez, poemategiak «idatzi nahi duen poesiari heltzeko bide berri, beharrezko eta pertsonala aurkezten du: bere barnean bizitza sortzeko esperientzia. Oinarrizko bizipen honen ildotik, zeinak poeta giza naturaren erritmo eta zikloen agerpen intimoenarekin adiskidetzen duen, Irastortzak lehenaldi bat eta orainaldi bat bizi ditu; oro bestelakoa izango da bizipen iniziatiko horren ostean. Liburuko poemak bizitzaren kadentzia naturalaren katemailen inguruan antolatuta azaltzen dira, poesia da euren metafora: "sormin", "sormen" eta "sorzin" (haurdunaldia baino lehen, hura gertatu bitartean, eta haren ostean). Rilkeren kasuan bezala, gure poetarentzat ez dira nahikoa ezagutza eta oroimena; existentziaren misterio osoa pilatzeko beharrezkoa da ere norbere burua lagatzea. Horrelako zerbait iradokitzen digute ondoko bertsoek: "Oroimena zen jainkoen ezaugarri, / eta ahanztura gure defentsa".
»Horretarako, hau da, bizitza bere osotasunean antzemateko, gorputzaren isiltasunetik urruntzen gaituzten hitz abstraktu eta hutsalak baztertu behar ditugu, baita hizkuntza zehatzetik aldentzen gaituen arrazoimenaren handikeria ere -"ni (naiz), zu (zara), gaur, atzo, hemen"-, eta zentzumenen lekukotzari heldu; alegia, gizakien arrazoimen garaileak ulertzen ez duen mintzaira. Liburua zeharkatzen duen ezinegona dugu hauxe: kontrajarpen gaindiezina dago jainkoen eta gizakien hantuste zein harrokeriaren eta emakumearengan isiltasunaren beroa bilatzen duen sormen barnerakoiaren artean» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

Koldo Izagirreren arabera, «obra oparoa du poeta honek, anitza, estilo desberdinetakoa, baina ingurutik baitaratzen ditu beti bulkorik jasoenak: hitzetarik sortzen baldin badu poema, esperientziatik sortzen du ideia. Etengabeko zehazte prozesu batean tematua, beti jakin izan du ordea, baita bere arorik minimalistenean ere, «zamarik gutxien duen erara, / indarrik haundien duen / sendimenduaz» idazten, hots, aldarri egin behar izan gabeko emetasunaz guztion giharrean jotzen. Minduran eder eta bozkarioan zuhur iritsi zaigu bere azken obra ere, gozatzen eta pairatzen duenetik sortua, perfekzio askoren ondorengo emaitza umotua, amatasuna eta espazioa uztartzen dituen hausnarketa liluragarria. Haurdunaldiak jaiotzea dakar, hau da, sortzea, sorkuntza literarioa, erditzearen beste adiera, eta honenbestez espazio bat okupatzen dugu. Espazio baten hartzea eta bilaketa baten espazioa bihurtzen da poesia, laster gabezia bihurtuko den betetasunez... Haragitasunetik datorren hegaldia da Tere Irastortzarena, hizkerarik arduratuena eta aldi berean hunkigarriena duen poesia» (in Izagirre, Koldo. Tere Irastortza, XX. mendeko Poesia Kaierak, Susa, 2001).

Orain arte argitaratu duen azken lanarekin, Glosak. Esana zetorrenaz (Pamiela, 2003), Espainiako Kritika Saria jaso zuen Irastortzak 2004an, eta Poesia Sari Nazionalerako finalista izendatu zuten. Poemategi horren inguruan zera idatzi du Javier Rojok: «Poesia mundua ulertu nahian planteatzen den azalpena da; baina poesiak berak azalpenak (glosak, alegia) behar ditu, ulertuko bada. Poesia, beraz, alferrikako eginbehar saihestezin moduan agertzen zaigu. Eta liburu honetan paradoxa honetan sakontzen saiatzen da idazlea. Adibidez, lehenengo poemetan hiztegi zientifikoa dei litekeenaren erabilerarekin. Zientzia ere, mundua azaltzen saiatzen baita, baina funtsezkoenera heldu gabe. Mundua ulertu ordez sentitu egin behar da, subjektua ezin jar baitateke mundutik aparte. Baina honen ondorioz, ezinbestez sortzen da subjektuaren eta inguruaren arteko harreman tirabiratsua. Poemak egiterakoan, bestaldetik, idazleak collage-aren teknika erabili du. Zati solteak diruditenak, oharrak, aipamenak pilatzen dira poemetan. Eta, amaitzeko, ezin utzi aipatu gabe Tere Irastortzak hain berezkoak dituen hoskidetasunean oinarritutako hitz jokoak» (in Rojo, Javier. "Azalpenen azalpenak", El Correo, 2003-07-30).

Bestetik, Irastortzak Marià Manent, Edmond Jabès eta Marina Tsvietaieva-ren poema liburuak euskarara itzuli ditu.


Idazleaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:

© Tere Irastortzaren argazkia: Zaldi Ero

© Derrotaren fabulak: Pamiela

© Gabeziaren khantoreak: Pamiela