IRIGOIEN, Joan Mari

(Altza, 1948)

"Beste askok bezala, haurtzaroa dut nik ere paradisu; paradisu horretan, erreka bat —Larratxoko erreka—, gaur dorre zatar zikin batzuek hobiratua: horregatik idazten ote dut, segundoz segundo galdutako denbora betiereko hura hitzez hitz berreskuratu nahian-edo? Edo gizakiak dituen galdera filosofiko-metafisikoei erantzuteko modu bat ote da nire idazketa, zeren behin ohartu bainintzen ezen, filosofoak bere eran eta estiloan erantzuten ahalegintzen den bezala —logika betiere oinarri—, ni ere neurean saia nintekeela, gertabideak eta istorioak asmatuz, irudimenaren eskutik?

Edo barru-arintze hutsagatik idazten ote dut, horrela idatzi bainuen neure lehen nobela, "Oilarraren promesa", ezin eskematikoagoa dena, western gehienetan bezala, onak alde batean, gaiztoak bestean?; baina zer esango dizuet nik, batzuetan gauzak hala etortzen badira, zuri ala beltz, harrokeriak jotako cowboy erakustezin bat baita gaurko munduaren jabe, azken batean, haren inguruan dantzan dabilen mafioso kuadrilla ahaztu gabe, jakina?; edo,gertaerazko adibide bat jartzeagatik —demagun gertaerak Guantanamoko etxolak dituela eszenatoki, edo guardia zibilaren ziegak, gauza bakoitzari bere izena ematea ez baitago batzuetan soberan—, ñabarduraz jantzi behar ote dut, edo are okerrago, aintzakotzat eta duintzat hartu behar ote dut torturatzaile baten ikuspuntua —polizia batena, adibidez—, ordenaren edo demokrazia ustezkoaren izen santuan torturatuari lepoa botaz zapaltzen ari zaionean, zeren torturatzaileak begiak jiratu eta hegaztiak ikus baititzake leihoaz bestaldean, baita demokrazia ustezkoaren zeru urdin zabala ere, eta bere ikuspuntutik mintza baitakioke torturatuari: "Ez kexa, mutila, mundua zuk ikusten duzuna baino zabalagoa da-eta: hara hegaztiak, eta hara zeru urdina, eta hara, beltza eta zuria ez ezik, beste kolore guztiak ere, demokraziaren oinarrian daudenak"? Esan nahi baita boterearekiko oso ere mesfidatia naizela, eta halakotzat hartzen dudala, maila batean, neure jardun literarioa, boterea zenbat eta boteretsuago, orduan eta kritikoago. Baina onartzen dut, normalean, gizakiok izaera poliedrikoa dugula, horregatik idatzi bainuen bere garaian "Poliedroaren hostoak": aurpegi asko ditugula, alegia —aurpegi gogorra ere bai, batzuetan—, nahiz eta alor honetan badugun, bai, non kontsolatu, politikarien espaloira begiratzea aski bailitzaiguke, putin-klubez josia...

"Udazkenaren balkoitik" bizitzari begira jartzen naiz, eta, ezustean, aberatsa naizela ohartzen naiz, urteak aurrera doazen arren poesia mota gehienak baititut oraindik ere atsegin, baina, batez ere, poesia sozial indartsua —mundua amesgaiztoaren esparru bihurtu dugun honetan, zer erremedio!— eta poesia metafisikoa, horregatik bainabil, apika, denborak norarik ez duen leku sekeretuen bila, zelai begi-berdeetan barrena: "errekaren klepsidran, / galdutako orduak, /galduz irabazitakoak, / zeinetan barne-hots odolezkoak baitziren / kanpoko ur-lasterrak eta argi-ezkilak, / hurran zen urrun / urrun zen hurran", edo Fray Luis de Leon handiak esango lukeen bezala: "a la sombra tendido, / de hiedra y lauro coronado".

"Babilonia", arrakastaren beste izena gertatu zitzaidan, baina argi dut, zorionez —zerbait ona behar nuen, bada, neure baitan!—, arrakastarik handiena arrakastarekin ez itsutzea dela: arrakastarekiko distantzia hartzen jakin behar dugula, alegia; Antonio Porchiak, ordea, nik baino hobeto esan zuen hori, eta ekar dezadan hona, bada, bere ahots abandonatuak aspaldi ehundu zuèn aforismoa: "Un millón de estrellas son dos ojos que las miran".

Bestela, susmoa dut, literaturaren ikuspuntutik, guztia asmatua dagoela, eta abangoardiek zeresan gutxi dutela, beraz; geratzen zaigun bakarra, ondorioz, zera da, literatura joerak geureganatzea eta haiek baliatzea, nork bere mundu pertsonal errepikaezina eraikitzeko, horretan aritu ote naizen...

Gauza bat gehiago: behin batean "Consummatum est" esan nuen arren, aurrera segitzen dut; esan nahi baita lehen "Lur bat haratago" izan nintzela, eta orain, berriz, bi lur haratago nahi nukeela, zoro samarra ere egon behar da, baina Zorogoien jauna halaxe dago, antza; baliteke, haatik, portura iritsi baino lehenago burmuinak lehortzea, neure abentura berri honetan; baina burua lehortzen bazait, munduak ez du askorik galduko, beharbada —seguru ezetz—, eta ni irabazten aterako naiz, hutsak hartutako Oteizaren beste eskultura bat bihurtuko bainaiz, ausaz: Arantzazuko hamabostgarren apostolua, agian...". (J.M. Irigoien)

------------------------------------------

(© Mari Jose Olaziregi)

Idazle oparoa dugu J.M. Irigoien: eleberria, narrazio-liburuak, haur eta gazte literaturako liburuak (ik. Bakarneren gaztelua, 1986; Metak eta kometak, 1994; Apaiz zaharraren gitarra, 1996; Komunista.com, 2005) eta poemarioak (ik. Hutsetik esperantzara, 1975; Denborak ez du nora, 1991; eta Hautsa eta maitemina, 1998; Letra txikiaz bada ere, 2002; Biziminaren sonetoak, 2004) barne hartzen ditu bere produkzioak. Horietaz gain, hainbat testu itzuli (R. Dahl-en liburuak, esaterako) eta egokitu ditu. Ibilbide luze horrengatik, gure egungo panoramako idazlerik sarituenetakoa dela esan genezake. Haren lehen nobelak, Oilarraren promesak (1976), Kritika Saria irabazi zuen eta Francoren diktadurapean Euskal Herriak jasaten zuen errepresio politikoaren aurkako aldarria du abiapuntu. Urte batzuk geroago, 1982an, J.M. Irigoienek bere bigarren nobela kaleratu zuen, Poliedroaren hostoak (1982) [itz.: La tierra y el viento, Ed. Hiru, 1997], nobela esperimentaltzat har genezakeena. 1980an Azkue Saria eta 1982an Kritika Saria irabazi zituen obra honek erakusten digu autoreak Hego Amerikako errealismo magikoari dion miresmena, bereziki, Garzia Marquez edo Rulfo bezalako idazleei. Poliedroaren hostoak Euskal Herriko zenbait familiaren mendeetan zeharreko istorioa kontatzen digun «ibai nobelatzat» har genezake. Gizaki modernoaren konplexutasuna eta barne-haustura islatzen saiatzen diren bi zatitan dago egituratuta. Bertan kontatzen diren gertakarien protagonistak Elizalde (karlistak) eta Ibargoien (liberalak) sendien bost belaunaldi dira, eta haien arteko gorrotoa Lehen Gerra Karlistatik Francoren garaia arte luzatzen da. Egilearen hurrengo nobelak, Udazkenaren balkoitik (1987), Jon Mirande Saria irabazi zuen 1986an. Francoren diktadura bizi zuten gazteen belaunaldiaren ikuspen nobelatua eskaintzen zaigu bertan. Erreal-miresgarriaren teknikari uko egin gabe, autoreak nobela testimoniala idatzi nahi izan zuen, aurrekoa baino egitura askoz sinpleagoan oinarritua. Hala ere, Babilonia (1989) dugu egilearen eleberri ezagunena [itz.: Babilonia, Ed. Bromera, 1992; Ed. Acento, 1999]. 1989ko Kritika Saria lortu ostean, Euskadi Saria eskuratu zuen 1990ean. Babilonian izen bereko baserriaren eta bertan bizi den familiaren historia kontatzen da. Trinido eta Feliziano Garayalde anaiak dira pertsonaia nagusiak, elkarren arerio eta jaio aurretik ere anai arteko borroka batean sartuak. Egileak berak adierazi zuen Babilonian landa giroko nobela, karlistaldietan zentratutako nobela historikoa eta euskal kulturaz zenbait antropologok egindako interpretazioak batu nahi izan zituela. Eleberriaren egituraketa nabarmenduko genuke, bera osatzen duten hiru plano narratiboen uztartze egokia, baita narratzaile bakoitzaren ahots eta estiloa testuratzean egileak erakutsitako abilezia. Ahots kontzertu polifoniko honek eta kontatzen den istorioak duen dramatikotasunak, irakurlea harrapatzen dute hasieratik. Horri gaineratzen badiogu plano bakoitzaren oinarrian dagoen dokumentazio sendoa (gertakizunen garaiko erreferentzien artean sartzen dira, besteak beste, gerra karlisten edo trenbidearen eraikuntza eta beste zenbait gertakizunen gaineko iruzkinak), ulergarria da nobelak hain harrera ona eduki izana.

Consummatum est (1993) (itz.: Consummatum est, Ttarttalo, 2001) nobelarekin beste norabide aldaketa bat gertatu zen Irigoienen ibilbidean, nahiago izan baitzuen unibertso narratibo berri hori lehen aipatutako euskal erreferentzia historiko eta mitikoetatik urrun eraikitzea. Nahiz eta autorearen prosaren karga sinboliko-poetikoa eta dena blaitzen zuen errealismo magiko-fantastikoaren kutsua handia den hemen ere, gai eta kezkak unibertsalagoak mamitzen dira bertan. Nobela ongiaren eta gaizkiaren parabola da, eta oraingoan ere plano desberdinetan dago antolatuta narrazioa. Kalamidadeen liburuaren ostean (1996), Lur bat haratago (2000) eleberri mardula eman zuen argitara Irigoienek (itz.: Una tierra más allá, Ttarttalo, 2002). Bertan, eleberrigintza klasikoaren helburu funtsezkoenetakoa egiten du bere egileak: istorio bat kontatzearena. Eta istorio hori hurrenkera kronologikoa errespetatuz edo irakurleari etengabeko ohar eta iruzkin metanarratiboak eskainiz kontatzen da. Molde tradizionalean bideratutako narrazio hau tipologia desberdinetan sailka genezakeen eleberria dugu, izan ere, Lur bat haratago, eleberri historikotzat ez ezik, ikasketa-eleberritzat edo abentura eleberritzat ere har baikenezake. Joxe Azurmendik liburuaren aurkezpenean ongi esan zuen modura, XVII. mendearen berreskurapen bikoitza egiten da liburuan, bai literario-linguistikoa, baita historikoa ere. Lehenengoari dagokionez, Axularren idazkera egokitu du Irigoienek, prosa barroko erakargarria lortuz. Joanes Etxegoien nafarra da eleberriko protagonista eta narratzailea. Sendi handiki bateko kidea, Joanesen familia luzaroan egon zen erbestean Gaztelako inbasioari aurre egin izateagatik. Alabaina, Etxegoiendarren iragana, familiako kideen artean azaleratuz doazen fede eta jokamolde desberdinak, kide protestanteen tolerantzia edo senide katolikoek erakusten duten sineskeria eta hertsikeria, izango dira protagonistaren bizitza markatuko dutenak. Tradizioa eta modernotasuna, lurra eta itsasoa, Europa eta Amerika, katolikoak eta luthertarrak... Irigoienen eleberri hau alderik alde zeharkatzen duten oposizioak ditugu.

Amodiozko istorio bat kontagai duen Ipuin batean bezala (2002) eta drogazaletasuna aitzakia narratibo duen Odolean neraman (2004) ditugu Irigoienen azken nobelak.


Idazleari buruzko informazio gehiago:

Argazkia: euskalkultura.com©