ITURBE, Arantxa

(Alegia, 1964)

"Bizitzan zer izan nahi nuen baino lehenago erabaki nuen zer egin nahi nuen: idatzi. Eta helburu horrekin ikasi nituen Informazio Zientziak, ogibidea idaztetik ateratzeko biderik egokiena izango zelakoan. Bidean, ordea, irratigintzak txunditu ninduen. Idaztea baino kontatzea zen nik egin nahi nuena, eta horretan egin ditut urteak: bozgoraz kontatzen irrati-magazin batean.

Irratian ari nintzen egun batean bat-batean lagun batek tentatu egin ninduen: "eta idatzi, noiz?". Egunero idazten nuen. Kontatzeko. Baina ez idatzia uzteko. Eta egun hartatik aurrera idazten hasi nintzen. Gaur arte.

Ipuin laburrak, batik bat. Ofizioa eta afizioa nahastu egiten zaizkidalako bihotzean, akaso. Kontatzeko orduan zehatza, azkarra, zuzena eta laburra izatea gogoko dudalako, beharbada.

Argitaratu ditut pare bat ipuin liburu (Ezer baino lehen (1992), Lehenago zen berandu (1995) eta kronika garratz bat amatasunaz (Ai, ama! (1999). Norbaitek irakurri nahi balitu. Eta irakurtzeko perezaz dagoenari kontatzeko gogorik ez dut galdu. Denbora aurkitzea da. Topo egitea.

Norbaitek entzuteko kontatzen dut, norbaitek irakurtzeko idatzi. Eta halere, jakingo banu inork ez duela entzuten kontatzen ari naizena edo inork ez irakurtzen idatzi dudana, ez nituzke nire aukerak aldatuko: bete-betean asmatu dut ofizioan eta afizioan. Bihotza betetzen didate biek. Eta hori asko betetzea da".

Iturbe, A. "Biografia", in Olaizregi, M. J. An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies-Unversity of Nevada, Reno, 2004.




©Estibalitz Ezkerra



Informazio Zientziatan lizentziaduna da eta Euskadi Irratian egiten du lan, kazetari gisa. Goizean Behin saioan esatari eta zuzendari moduan egindako lanagatik Kazetaritzako Rikardo Arregi saria jaso zuen, 2000. urtean. 1990. hamarkadan iritzi-zutabeak idatzi zituen El Diario Vasco eta Gara egunkarietan.

1992an lantoki duen irratiak Maite, maite, maitea Eusko Jaurlaritzarekin argitaraturiko antzezlana emititu zuen, irrati-nobela bat bailitzan. Urte horretan bertan ikusi zuen argia Iturberen estreinako ipuin bildumak: Ezer baino lehen (Elkar). Handik bi urtera argitaratu zuen bigarrena: Lehenago zen berandu (Elkar). Iturberen narraziogintzari buruz ondokoa idatzi du Marijose Olaziregi literatur kritikariak: «Bikote harremanak dira Arantxa Iturbek bere bi narrazio bildumetan argitaratu dituen ipuinen ardatza. Haietan emakumezko pertsonaiak dira nagusi, estresak eta eguneroko erritmo biziak markaturiko hiriguneetan bizi diren emakumezkoak. Bere narrazioek badute bat-batekotasun eta freskotasun bat pertsonaien erregistroan ez ezik tramaren beraren egituran antzematen dena. Izan ere, Iturberen prosak beharrezkoak ez diren apaingarriei eta artifizioari ihes egiten die. Nahikoak zaizkio pintzelkada labur eta etengabeak narrazioaren erritmoa aldatzeko. Ironiaz erretratatzen ditu maitasun faltan diren hiritarren frustrazioak, bakardadea eta gaizki ulertuak» (Olaziregi, M. J. "Prólogo", Pintxos. Nuevos cuentos vascos, Madrid, Lengua de Trapo, 2005). Iñaki Aldekoaren aburuz, «Arantxa Iturbe arraina uretan bezala dabil gizonezko pertsonaien anbiguedadeak, okerrak eta bikote harremanari begira behin baino gehiagotan agertzen duten haur jarrera azaltzerakoan. Bere narrazioetan ez dira falta zorroztasuna ezta ukitu ironidun umorea ere» (Aldekoa, I. Historia de la Literatura Vasca, Erein, Donostia, 2004. 225 orr.).

Hamazazpi narrazio biltzen ditu Ezer baino lehen lanak. Haietako batzuk HABE aldizkarian azaldu ziren lehenago; beste batzuk, zenbait lehiaketetan sarituak izan ziren: "Riiiing!" eta "Maiteak denak" narrazioek esaterako, Julene Azpeitia (1989) zein Donostia Hiria (1990) sariak jaso zituzten, hurrenez hurren. Bikote kontuen –amodioa eta desamodioa, gaizki ulertzeak, komunikazio arazoak- nondik norakoen berri ematen digute ipuin hauek, tonu ironikoan egin ere. Estiloari begira narrazio laburrak dira, hizkera zuzenekoak eta biziak.

Gai zein estilo aldetik aurreko lanaren tonika jarraitu arren, Lehenago zen berandu laneko hamahiru narrazioek suspense handiagoa eta ironiaren ordez sarkasmoa erakusten dute. Amaia Iturbideren arabera, bilduma honetako «hamahiru ipuinon hizkera ahozkotik hartua da, hitzetik hortzerakoa, baina ez baserrikoa, baizik eta kaletarra. Hizkera arina, grazioxoa, prexkoa eta bixigarria, tipustapastekoa hala nola etxeko eztabaida baten ondoko ate danbada, kaskarina, ahalegin haundirik eskatzen ez duena, paperetik zuzenean irakurri gabe belarri ertzera ere konta, daitezkeen narrazio solte eta kuxkuseroak. Gaiak gaixto askoak. Liztorkabia.
»Hiriko gertaeren collage itxurako ipuinok "bihotzeko aldizkari-en" ustegabea daukate, udako erromantzearen zirrara, nobela poliziakoaren impasse-a, mesanotxeko argiaren pikardia, fotomatoi-argazkiaren eztenkada edo baimenik gabe eta egoera konprometituan egindako argazkiaren malizia. Batzuk sketx dibertigarriak dirudite, beste batzuk egunkarietako berriak edo telefono-hizketaldiak. Ezer berezirik ez duela ere, krokatu edo engantxatzen du izenburu misteriotsuko liburu honek. Besapean eramatekoa, hurrenkera berean zein atalka irakurtzekoa, hondartzan nahiz autobusean, jan azkar egiten da, hala nola sandwich edo hanburgesa bat. Txolarteetarako, txurrutadatzat» (Iturbide, Amaia. "Atrebentziarik ez bada", Euskaldunon Egunkaria, 1995-09-17).

1999an Ai ama! (Alberdania) saiakera laburra plazaratu zuen, amatasunaren gaineko topikoak hauste aldera. Agurtzane Intxaurragarekin batera aipatu lana antzerkirako moldatu zuen, eta HIKA taldeak agertokietara eraman zuen 2001ean. Iturbek eta Intxaurragak euskarazko antzerki egilerik onenaren Max saria jaso zuten handik bi urtera. Felipe Juaristik azaldu bezala, Ai ama!-n «Arantxa Iturbek bere esperientzia hartzen du oinarritzat (ama da, izan ere) eta amatasunaren aldeko halako apologia goxoantza eta enpalagosoa egin beharrean (egin zezakeena, bestalde, Arantxa Iturberen aurretik izan diren ama askok eta askok halaxe egin baitute), amatasunaren zera hori ifrentzura zabaldu eta aztertzera jarri da, azpildurak agerian utzi nahian.
»Ez da, beraz, liburu gozoa, ezta gozagaitza ere, gazi-mingotsa ere bai zati batzuetan bederen; amatasunaren inguruan dauden topikoak aireratu egiten ditu egileak, eta balizko ispilu baten aurrean barregarri utzi ere bai. Liburua, estiloari eta idazkerari dagokienez, bizia da, elkarrizketa zehatz eta zorrotzen laguntza baitu. Horrekin batera, distantzia hartzen baitu, bada halako begirada ironikoa ama izateak dakartzan abantaila eta desabantaila guztien gainera jaurtitzen dena. Hala ere, ez da irribarre egiteko liburua. Ezta gutxiago ere» (Juaristi, Felipe. "Topikoen aurka", El Diario Vasco, 1999-12-11).

Kontu-jaten (Alberdania) 2006an dugu Iturbek orain arte argitaraturiko azken lana. Bertan bildu ditu Euskal Herriko hainbat emakumeri egindako elkarrizketak, beren haurtzaroaren eta gaztaroaren gainean mintzo direnak. «XX. mendearen lehenengo hamarkadetan jaiotako emakumeen bizi esperientzian (eta ez ahaztu "eskarmentua" ere esaten zaiola bizi esperientzia honi) oinarritutako liburua da. Beraz, gerra zibila ezagutu zuen belaunaldiko emakumeen ikuspuntua eskaintzen zaigu, honek inplikatzen duenarekin. Batzuetan kontakizuna etxe barruko gertakari txikiak plazatzera lerratzen da, ohiturazko literaturatik hurbil; baina gertakari txiki horiek handi bihurtzen dira pertsonaien ikuspuntuan, gertakari horien arabera hartzen baitute zentzu osoa beraien bizitzek. Bestaldetik, idazleak jakin izan du kontakizun hauetan ahozko kontaeren bizitasun freskoa gordetzen» (Rojo, Javier. "Eskarmentua", El Correo, 2006-11-01).


Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: eitbe.com

© Ezer baino lehen: Elkar

© Lehenago zen berandu: Alberdania

© Ai ama!: Alberdania

© Kontu jaten: Alberdania