ITURRALDE, Joxemari

(Tolosa, 1951)

Zoria lagun, liburutegi erraldoia zeukan etxe handi batean - italiar eredukoa, aiton-amonak, osaba-izebak, lehengusu-lehengusinak eta anaia-arrebak, denak toki berean bizitzen - jaio nintzen. Horrez gain, lorategia eta ortua geneukan. Umetan gutxitan ateratzen ginen kalera. Bageneuzkan txakurrak, loroak, dordokak, oiloak, untxiak... Gerezi eta mizpirarik onenak zuhaitzetatik hartzen genituen umotu baino lehen. Anaia-arrebetatik zein lehengusu-lehengusinetatik nagusiena nintzenez, jokuak antolatzeaz arduratzen nintzen eta kirola egiten genuen kalera atera behar izan gabe. Gazterik hasi nintzen liburutegi erraldoi hartan harrapatzen nuen oro irakurtzen... Hamalau urte bete nituenerako irakurriak nituen (inork horretara behartu gabe, inork horren berri izan gabe) Tormesko itsumutila, On Kixote Mantxako eta Simenonen hainbat nobela. Udan, Errioxara joaten ziren aiton-amonen itsumutilarena egiten nuen. Beraiekin bakarrik egoten nintzenez, liburuak irakurtzen igarotzen nituen hiru opor-hilabeteak.

Garai hartan, Eskolapioetan mundu guztia zientzien arloan ikasten zuen. Gaztelaniaz, jakina. Ez zegoen letrak aukeratzerik. Matematika, fisika zein kimikako teoria eta eragiketekin nazka-nazka eginda uzten gintuzten. Horrela unibertsitatera iritsi arte. Ez nuen ikasturteak gainditzeko arazorik eduki, baina nire arloa literatura zen. Ohorezko matrikula beti eramaten nuen nik. Hamabost urterekin argi neukan literaturarekin zerikusia zeukan zeozer ikasi nahi nuela. Gizajoa, hamasei urte besterik ez nituen (bi hilabete falta zitzaizkidan hamazazpi betetzeko) unibertsitatera heldu nintzenean, erabat beldurrak jota. Euskal Herriko Unibertsitatea existitzen ez zenez, Iruñeara joan nintzen, Nafarroako unibertsitatera. Literaturaz gain linguistika ikastera derrigortu ninduten, eta nola latinez eta grekeraz ezer gutxi nekien ezin okerrago igaro nituen lehendabiziko urteak. Geletatik zebiltzan apaiz eta mojek arrotzak egiten zitzaizkidan mintzaiera haietako aditz eta deklinabideak sehaskatik zekizkitela ematen zuen.

Hurrengo urtean, Asteasuko mutil bat ezagutu nuen Tolosan. Berari ere interesatzen zitzaion literatura, baina zera egiten zitzaidan arraroa (eta oraindik ere ez diot azalpenik bilatu): ekonomikak ikasten zebilen Bilboko unibertsitatean. Berak ere nahi zuen idazle izan, eta gerora Bernardo Atxaga ezizena erabiltzen hasiko zen. Berehala egin ginen elkarren lagun. Elkarri laguntzeaz gain testuak, irakurketak eta komentarioak trukatzen genituen. Gaur egun arte.

Graham Greenek egunero orri bat idazten zuen, ez gehiago ezta gutxiago ere. Nik neuk ez dut egunean hamabost lerro baino gehiago idazten, eta inoiz ez dut ahazten ordu batzuk gogokoen ditudan egileak irakurtzen igarotzea. Ez ditut atsegin epe laburrean liburu asko argitaratzen dituzten idazleak. Ez ditut aintzat hartzen. Flaubertek behin esan zuen: «Gauza bat esateko hainbat modu daude. Baina bakarra da onena». Kilkirra eta roulottea argitaratu baino lehen, zortzi urte eman nituen hura idazten. Izua hemen-i bost urte eskaini nizkion. Narrazio laburrek ez didate hainbeste denbora kentzen; eta haur eta gazte literatura erritmo - esan dezagun - normalean idazten dut. Poesia astiro egin beharrekoa da: urtean dozena bat poema baino gehiagorik ez (gero ez ditut argitaratzen, edo egitekotan atzerriko aldizkarietan ateratzen dira ezizenpean).

Niretzat literatura ikasteko bide bat, bizitzeko modu bat da. Ez dago helmugarik, nork bere burua osatzen joatea da azken helburua. Ez zait gustatzen literatura arrakastarekin, sariekin, ospearekin nahastea. Niretzat ez dago egilerik, liburuak baizik. Liburu bat hartu, irakurri, barneratu egiten dut... eta hurrengo liburuaren bila joaten naiz. Eta ondoren hurrengora. Ez dut liburu bakoitzeko egilea tronu batean jartzen. Horregatik gorrotatzen ditut jerarkia sistema, sariak, gaur egungo literatur munduan diren kritikak. Kanpoan zarata, bidegabekeria, interes handiegia dago. Hotsa gehiegizkoa denean, idazketan bilatzen dut babesa. Eta irakurketetan. Eta aurrera jarraitzen dut. Ez dago presarik. Ez dago etenik.

***************************************************

Filosofia eta Letretan lizentziaduna da, eta 1975 urteaz geroztik Hezkuntza Ertainean irakasle dihardu. Hain zuzen, Euskara eta Euskal Literaturako Katedraduna da Tolosako Orixe institutuan. Euskal PEN Klubaren sorreran parte hartu zuen, eta gaur egun elkarteko Lehendakariordea da.

Joxemari Iturralderen lehen literatur lanak aipatzekotan, 1977ra jo beharko genuke. Urte hartan agertu zen, Bilbon, Pott Banda, zeinaren atzean zeuden Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Jon Juaristi, Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia eta Iturralde bera. Talde haren babesean idatzi eta sariketetara bidali zituen bere estreinako ipuinak. Haietako batek, Ene Ixabel maiteari gutuna martxoak 10ean jota natzan ohetik izenekoak, Bilboko Ipuin erregaitzak lehiaketan lehen saria jaso zuen 1982an. Handik gutxira ikusiko zuen argia bere lehen liburuak: Dudular (Erein, 1983) ipuin bildumak. «Lan horretan, ipuin batzuen exotismoak aurrez aurre topo egiten du underground estilotik hurbilago dauden beste narrazio batzuekin. Pertsonaia baztertuen presentzia eta haietako gehienen patu gaiztoa dira oinarri tematikoa estilo moderno eta formalki abangoardistan idatzitako ipuin hauetan», azaldu du Mari Jose Olaziregi kritikariak (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru, Bilbo, 2002).

Molde bereko istorioak jaso zituen hurrengo argitalpenetan: Pic-nic zuen arbasoekin (Erein, 1985), Hamasei urte bete nuenean hiriko argiak iraungi ziren (Euskal Jaurlaritza, 1986) zein Nora noa? (Erein, 2001). «Egileari gustuko zaizkion gaiak azaltzen dira: giza harremanetako gatazkak, basamortua gaur egungo mundu zitalaren sinbolo gisa, munduaren kaosa, zibilizazioaren injustizia, edo etengabeko aurrera joateak dakarren ezinbesteko etsipena» idatzi du Olaziregik Nora noa?-ren inguruan (in Olaziregi, Mari Jose. Op. Cit.).

Nafarroako artizarra (Elkar, 1984) dugu Iturralderen lehendabiziko nobela, 2006an berrargitaratua izan dena. Erdi Aroan giroturiko eleberri honetako protagonistak familia ingurutik at bizi diren bi anaia dira. Beraien ibilaldien aitzakian zenbait hiriren berri ematen digu egileak, haien artean Lizarra, non aipatu garaian denetariko etniak bildu ziren. Nafarroako artizarra-ren ostean Euskal Herrian kokaturiko trilogia bati ekin zion Tolosakoak. Lehen aleak, Izua hemen (Erein, 1989), Bizkaiko Foru Aldundiaren Nobela Lehiaketan lehen saria eraman zuen. Izua hemen-eko protagonista, Kepa Zenika, Gerra Zibila amaituta Errusiara bidaltzen dute, han errefuxiaturiko euskal haurren egoera azter dezan. Baina herrialdean sartu ezin eta Finlandian geratuko da Zenika, emakume baten ondoan bere bizitza berregiteko bertan. Bien bitartean, Euskal Herrian utzitako semea ETA-n sartuko da, baina atxilotu eta torturatu egingo du poliziak. «Liburu honetan Iturraldek protagonista ibiltari bat aurkezten digu. Ibiltari hitzak modernitatera garamatza, deserrotuaren puntura, anonimatoarenera. Baina nahiz eta leku batean zein bestean egon, izua bere baitan sustraitua darama, tumore gaiztoa bezala abarreztatuko den zuhaitz beltza. Eleberri honetan zehar Iturralde gaur eguneko gizartearen eta gizakiaren arazoak buzeatzen eta erretratatzen dizkigu, edo hobeto esanda, arazoetako bat, izuarena, errealitatearen jabe den prosa baten bidez. Izua hemen dago eta gizona bere bakardadean», idatzi du Amaia Iturbidek (in Iturbide, Amaia. "Izua hemen", Euskaldunon Egunkaria, 1995-07-16).

Jarraian Kilkirra eta roulottea (Erein, 1997) etorri zen. Nobelaren arabera, amerikar bat (kilkirra) Euskal Herrira etorri da, maite izan zuen emakume baten arrastoei segika. Gero, dena konplikatu egiten da, giroa, politikoa batez ere, berezia baita - Trantsizio urteak dira -, eta amerikarra irakasle sartzen da Institutu batean, ingelesa irakasteko. Bizimodu horretaz asperturik, roulotte bat hartuko du eta austo-stop eginez (roulotte eta guzti) Euskal Herria bisitatzen hasiko da. «Zenbait pertsonaia eta egoerari esker, garai haren argazkia ikus dezakegu, deskribapen historiko hutsetik haratago joan eta biztanle aztoratu horien bizipenetan sartu nahi duen argazkia. Hizkera zuzenaz eta ironia dosi handiz, iraganeko eta oraingo gure errealitatea aztertzen du Kilkirra eta roulottea-k», esan du Olaziregik (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit.). Lan honengatik Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen Iturraldek.

Trilogiako azken obra genuke Euliak ez dira argazkietan azaltzen (Erein, 2000). Bertan, Julio Rekexo detektibeak emakume batzuk ikertzeko agindua jasotzen du, eta haien arrastoei segika Bilbo eta Londres artean ibiliko da. «Rekexo neskazale hutsa da eta harreman korapilatsuak sortzen dira bera eta emakumeen artean. Ironia handiz kontatutako gertakariotan, ezustea hartzen dugu trama-sarearen atzean antzematen dugun Kutz doktore indartsuaz jabetzen goazen heinean. Liburuaren aurkezpenean egileak esan zuen bezala, gizarteak guztiongan eragiten dituen kontrol eta manipulazioa, gizon-emakumeen arteko harremanak, urruntasuna eta desterrua,... Euliak ez dira argazkietan azaltzen eleberria zeharkatzen duten gogoetagaiak dira» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. Cit.).

Haur eta Gazte literaturan ere aritua da Iturralde. Zikoinen kabian sartuko naiz (Pamiela, 1986) argitaratu zuenetik hona hogei liburutik gora idatzi ditu, besteak beste, Londresen nago aitonarekin (Erein, 1987), Ijitoak dauzkat etxean (Pamiela, 1988), Lau bizikleta urrutira joateko (Erein, 1994), edo Risky nerabe bihurria protagonista duen liburu bilduma, Ibaizabalek argitaraturikoa.

Bestalde, Iturralderen eginahalari esker irakur daitezke euskaraz Ernest Hemingway-ren Agurea eta Itsasoa (Elkar), T. S. Eliot-en Lur eremua (Joseba Sarrionandiarekin batera itzulia; Hordago), Susan H. Hinton-en Errebeldeak zein Kaleko legea (Desclée /Alfaguara), Gianni Rodari-ren Makinaz idatzitako ipuinak (Desclée /Alfaguara), Roald Dahl-en Bakarka hegal egiten zein Matilda (Desclée /Alfaguara), A. Martin eta J. Riberaren Ez ezazu sardinarik eskatu garaiz kanpo (Desclée /Alfaguara), Christine Nöstlinger-en Konrad (Desclée /Alfaguara), Bill S. Ballinger-en Kez egindako erretratua, Omar Khayyam-en Rubaiyatak (Erein) eta Ignacio Martinez de Pison-en Bravo anaien altxorra (Erein).

Idazleari buruzko informazio gehiago:

Argazkia: 111akademia.com