IZAGIRRE, Koldo

(Altza, 1953)

Gazterik sentitu zuen Koldo Izagirrek literaturaren deia, eta sentipen horrek eraman zuen Frankismo garaiko azken urteetan Euskal Herrian, handik eta hemendik, agertu ziren kultur mugimenduetan parte hartzera. Ibilbide laburreko baina azken hamarkadetako euskal literaturaren historian toki garrantzitsua betetzen duen Ustela aldizkariaren sortzaile izan zen, Bernardo Atxagarekin batera, eta gerora Oh! Euzkadi! kaleratzeari ekin zion Ramon Saizarbitoriaren laguntzaz.

Ustela-k eta Oh! Euzkadi!-k argia ikusi zuten garai berberean, 1970eko hamarkada amaieran alegia, plazaratu zituen Izagirrek estreinako poemategiak: Itsaso ahantzia (Kriseilu, 1976), Oinaze zaharrera (Ustela saila, 1977), eta Guardasola ahantzia (Ustela saila, 1978). Sormen krisi batek poesiatik aldenduarazi zuen egilea hamar urtez. Epe horren amaiera edo, hobeto esanda, gaindipena suposatu zuen Balizko erroten erresuma (Susa, 1989) poemategiak. Lan horren inguruan ondokoa adierazi du Izagirrek: «Hortxe amaitzen dut nerabezaroa, edo Izagirre idazlearen prehistoria» (in Etxeberria, Hasier. Bost idazle, Alberdania, Irun, 2002). Iñaki Aldekoaren arabera, «iraganaren azterketa kritikoa dei gezakeenarekin hasten da liburua, beren patua dela eta poesiaren balioa handitu duten haiek gogora ekartzeko jarraian. Lauaxetaren - zeinaren obra adinkide zuen Garcia Lorcarenarekin maiz erkatua izan den - edo ziegako sapaitik urkatzen lagundu zien soka beste hegorik - Lizardiren garaiera zerutiarren kontra - eduki ez zuten haien kasua dugu. Eta bada Arestiren kasua ere, belaunaldi gazteen aitaponteko hura, Balizko erroten erresuma-n egunsenti berrien sinbolo eta akuilu gisa aldarrikatua» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

Non dago Basques' Harbour (Susa, 1997) poemategian, berriz, haurtzaroko Pasaia, Altzan jaio arren hantxe hazi baitzen Izagirre, portu giroa gogora ekarri zuen. «Memoriaren paisaia horretan, gutxi inporta du bizitakoa ala amesturikoa den (berreraikia beti), umearen begi irekiek eta inguruan gertatzen denarekiko erne dauden belarriek gidatuko gaituzte. Beraz, poetaren haurtzaroak heltzen dio portuko imaginarioari (bandera ezberdinetako ontziak, urpekuntzi abandonatuak, garabiak, merkantziak, alkoholez eta sexuz bustitako denetariko jendea...), eta beste ahots poematiko batek, helduaren ahotsak, umearen begirada zeharkatu eta zentzua emango dio munduari. (...) Izagirreren poesia disidentziaren suminduratik mintzo zaigu. Baina zein da bere lurraldea? Bere espazioa itsasoa da. Beraz, ez da arraroa poesia honetan gehien azaltzen den irudia utopia edo, beste modu batera esanda, amesturiko aberria jasoko duen irlaren bila dabilen ontzia izatea», azaldu du Aldekoak (in Aldekoa, Iñaki. Op. cit.).

Aldekoak aipaturiko «amesturiko aberriaren» harira, esan beharra dago Balizko erroten erresuma-n zertzelada batzuk eskaini bai, baina Non dago Basques' Harbour-en nabarmenki azaltzen dela poetaren ideologia. Izagirrek berak azaltzen duenez, «Non dago Basques' Harbour eta beste madarikazio batzuk da titulu osoa. Ez da galdera bat beraz, madarikazio bat baizik, maldizio bat. Horrek adierazten digu inportantea bidaiatzea dela, hain zuzen, eta ez portu batera iristea. Inportantea bidaia da, eta gero eta urrunago, eta gero eta libreago, eta hori maila guztietara interpretatuta ere, hartzen dut nire gain helburua bidaia dela, helburua ez dela gauza arruntetan islatuko» (in Etxeberria, Hasier. Op. cit.).

Poesiaren barruan argitaratu duen azken lana dugu Teilatuko lizarra (Susa, 2006), Izagirrek idatzi eta Joseba Tapiak musikaturiko poema-kantuak biltzen dituen liburua.

Narratibari dagokionez, Zergatik bai (Kriseilu, 1977) eta Gauzetan (Ustela saila, 1979) narrazio bildumak ditugu gipuzkoarraren lehen argitalpenak. Gauzetan «literatura fantastikoan sartzeko euskal saio modernoen artean lehenetakoa» dela azpimarratu du Mari Jose Olaziregik. «Liburu hau Izagirreren prosaren gaitasun semantiko eta sinbolikoaren adibidea da, errealitatearen kanpoko itxuratik haratago joan nahi duen animismoz blaitutako prosa» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru, Bilbo, 2002).

Bien bitartean, Gerra Zibila Euskadin nola hasi zen islatzen duen nobela errealista dugu Euzkadi merezi zuten (Hordago, 1984). «Baina, kasu honetan, errealismoak ez du esan nahi gertakarien kronika objektibo eta fidela egiten denik, narratzen diren gertakizunen birsortze estilistiko iradokitzaile eta barrokoa baizik. Izagirreren prosari darion kutsu herritarraren eta ahozkotasunaren erabilera ezaugarri iraunkorrak izan dira autorearen ibilbide literario guztian», zehaztu du Olaziregik (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit.).

Aipatu lanen ondotik etorri ziren Mendekuak (Susa, 1987) eta Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak (Elkar, 1991), zeinarekin Gazte Literaturatuko Bilintx lehiaketan lehen saria jaso zuen Izagirrek. Hamalau istorio biltzen ditu Metxa esaten dioten...-ek, Nikola da Agirre Metxa agure egoskor eta bihurria protagonista delarik. Kronika liburuen artean kokatu beharko genuke Kuban giroturiko Ez duk erraza, konpai! (Susa, 1995), nahiz eta egileak berak aitortzen duen nahiko eklektikoa dela lan hori. «... Nahiko fantastikoa da, nolabait esatearren. Badu fikziotik, eta baditu erreportaje zati batzuk ere. Gero nahasten dira pertsonaia asmatuak eta benetako biztanleak... Kronika hori hibridoa da...» (in Etxeberria, Hasier. Op. cit.). Zentzu horretan, kronika estiloan hobeto txertatuta dago Merry Christmas, Panama! esan zen heriotzak (Euskaldunon Egunkaria, 1999).

Ezin aipatu gabe utzi Vladimir (Erein, 1996) eta Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) eleberriak. Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri eleberrian heriotzara kondenaturiko ekintzaile politiko baten arrazoi pertsonalak, sufrimendua eta izua deskribatu nahi izan zituela adierazi zuen behin Izagirrek, eta, hain zuzen, euskal ekintzaile bat da istoriako protagonista. Baina hari gertatutakoaren atzean Cánovas del Castillo hil eta, horregatik, garrotez hiltzera kondenatu zuten Angiolillo anarkista italiarraren itzala antzeman dezakegu. Izan ere, narrazioren une batean azaltzen zaigu nola protagonistak ere "Germinal!" oihukatu nahi duen exekutatua izan baino lehen, hitz horiexek izan baitziren Angiolillok ahoskaturiko azkenak. Olaziregiren aburuz, «estrategia narratiboaren aberastasunak (jauzi kronologiko etengabeak, fokalizatzaile anitzen txandakatzea, bizkaieraren erabilera narrazio nagusian...) bereizi egiten du Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri genero historikotik eta gertakizun historiko baten birsortze literario bihurtzen du» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit.).

Bai Angiolillorekin nolabaiteko lotura sentitzen duen ekintzailea bai Metxa beren ideiak defendatzearren muturreko egoeretara heltzeko prest dauden pertsonen eredu ditugu. Izagirrek beraren iritziz, pertsonaiak «koherenteak dira, baina ez estereotipoak. Ez dira heroi positiboak, sozial errealismoaren heroiak, alegia. Indibidualtasun handia dute biek, eta horretan oinarritzen da beren amorrua. Korrontearen kontrakoak, nolabait» (in Etxeberria, Hasier. Op. cit.).

Metxaren irudia berreskuratu egingo zuen egileak Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak ematen duen Joseba Jaka bekar eskeri osaturiko Agirre zaharraren kartzelaldi berriak (EEF-Elkar, 1999) obran, baina Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak liburuan baino presentzia handiagoa du hemen fantasiak. Idazleak berak «fartsa sasiburlesko»-tzat jo du istorioa.

Saiakera ere jorratu du Izagirrek - Gerraurreko literatur kritika (Iñigo Aranbarrirekin batera eginikoa; Labayru; 1996), Gure zinemaren historia petrala (Susa, 1996), Incursiones en territorio enemigo (Pamiela, 1997), Euskararen historia txikia Donostian (Susa, 1998) -, baita biografia - Elgeta, sasiaren sustraiak (Trikitixa Elkartea, 2000) - . Horrez gain, film baterako gidoia idatzia du - Ke arteko egunak (Elkar, 1990) - , eta bere zuzendaritzapean kaleratu dira XX. Mendeko Poesia Kaierak (Susa, 2000-2002) bilduma osatzen duten antologia poetikoak. Itzulpengintzan ere lan eskerga egin du gipuzkoarrak; besteak beste, Alfonso R. Castelao - Zirtzilak-Kristalezko begia (Susa, 1986)-, Uxio Novoneyra - Bazterrak Os eidos (Pamiela, 1988) - , Vladimir Maiakovski - Poemak (Susa, 1993) - , Joan Salvat-Papasseit - Antologia (Pamiela, 1995) - , Prosper Mérimée - Mateo Falkone eta beste zenbait istorio (Elkar, 1995) - , Jacques Prévert - Ume txintxoak ez diren umeendako ipuinak (Txalaparta, 1996) - zein Victor Hugo - Jaizkibel (Kilometroak, 1997); Idi orgaren karranka (Elkar, 2002) - euskaratu ditu.

Orain arte argitaraturiko azken lanean, Sua nahi, Mr. Churchill? (Susa, 2005), ipuingintzari heldu dio berriro Izagirrek. Hamazazpi istorioz osaturiko liburu hau Non dago Basques' Harbour poemategiko iruditeria berreskuratzera dator.

Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Argazkia: Zaldi Ero