JIMENEZ, Edorta

(Mundaka, 1953)

1953ko azaroaren 8an jaio nintzen, Konkordato urtea, Opus Dei, amerikarren laguntza eta ordurako garaiturik zeudenen etengabeko porrota, familia pobre baten magalean eta Mundakako gizarte onaren barruan. Elektronika ikasi nuen, honezkero ahaztua dudan gaia, baina literaturan nire elektroi errebeldeen karga arintzeko bidea bilatzen lagundu zidan.

Goiz hasi nintzen idazten, utzi egin nuen, soldaduskara eraman ninduten eta han euskaldunen antzinako hizkuntzarekin topo egin nuen. Legedi antiterrorista zela-eta gogoz kontra bueltatu nintzen Madrilera –oker tamalgarria, esan zidaten gerora–, eta ondoren poesiara dedikatu nintzen. Bost liburu, bost porrot besapean nituela prosara igaro nintzen. Hiru nobela eta bost ipuin bilduma kaleratu ostean, 2001 urtean testu bilduma txiki bat argitaratu zidaten –Euskalduna revisited–.

****************************************

Irakasle ikasketak egin zituen, Euskal Filologia adarrean, baina bizimodua nola edo hala aurrera ateratzeko nahiak denetariko lanak egitera bultzatu zuen hasieratik: bolada batez marinel izan zen baita irakasle, telebista eta zinema gidoilari –ETB-ko Hau komeria!, Farenhait, Beti eskamak kentzen, Babel zein Sautrela saioetan aritu da, besteak beste– zein itzultzaile. Kazetaritza ere jorratu du, eta Egin, Gara zein Euskaldunon Egunkaria egunkarietan zutabeak idatzi izan ditu.

Sortzaile gisa, poesia jorratu zuen lehenik Edorta Jimenezek. Omar Nabarro izenpean kaleratu zituen Itsastxorien bindikapena (Susa, 1985), Egutegi esperimentala (Susa, 1986), Gizaeuropa (Susa, 1986), Gaua zulatzen duten ahausietan (Susa, 1987), Eragiketa basatiak (Susa, 1987) eta Odoleko eskifaia (Susa, 1989) poemategiak. Koldo Izagirreren arabera, «Lauaxetak Artxandatik ikusi nahiago zuen hura, Arestik amorruz madarikatu eta Gandiagak Madrilen deskubrituko zuen hura, alegia, bekatuaren, erdalkeriaren eta zapalketaren hiria, naturaltasun osoan hartzen du Omar Nabarrok espazio poetiko bezala. Berarentzat Arestiren Zorrotzako portuko aleman barkua gaueroko kontua da, eta ulergarria da indar sinboliko berri batez janztea: barkuak, lanaren monotonia ekartzeaz gainera, hilerrirako zama hartu behar du».

Alabaina, Jimenez-Nabarroren poesian hiria ez da kokaleku hutsa. «Gizakien topaleku ere bada, maitasunezko istripuen ibilbidea eta porrot kolektiboen kontzientzia. Oroimen historiko horretatik idazten du Omar Nabarrok gure historia salbatu nahian, askatasuna defendatu nahi zuen Burdineta bat ere ukan baitzuen noizbait Bilbo honek», gaineratzen du Izagirrek. «Gure historia modernoaren pairatzaile dugu poeta hau, inozentzia, hemen, orain, krimen bat balitz bezala. Baina, zorionez, ezin izan du ito barruan daraman lirikoa. Bai baitu Omar Nabarroren poesiak historikotasun honetaz sakonagoko elementu bat, gordeago edo nabarmenago etenik ez daukana bere poema liburu guztietan, hiriaren gogortasun fisiko eta espiritualari kontrajartzen zaiona: ura, euria, itsasoa, likidotasuna. Kresal egarri handi batean bizi da poeta, esan genezake Bilboren presentziaren azpian Mundakaren presentzia dagoela, naturak erakartzen duela beti. Han-hemenka ageri dituen tanta, euri, itsas txori, marea, uhin ugariek ordezkatzen duten isuritasun horretan egin nahi du bat Nabarrok, horretan urtu. Itsasoaren baretasuna behar hori, euriaren jauste berean joan nahi hori, absolutuaren bilaketa da. Gogorra eta malgua, konkretua eta abstraktua, historia eta betikotasuna, epika eta lirika ezinegon aberatsenean bizi dira Omar Nabarroren poesian» (in Izagirre, Koldo koord. Omar Navarro, XX. mendeko poesia kaierak, Susa, 2001).

1990eko hamarkadan narratibarako jauzia egin zuen Jimenezek. Genero horri dagokio Speed gauak (Susa, 1991), Bilboko Alde Zaharreko gau giroan kokaturiko nobela. AEB-etako errealismo zikinetik hurbil den obra honetako protagonista drogaren eraginpean dela ematen digu bere ibilera basatien berri. «Bilbon gertatutako lapurreta batek zehazten du eleberriaren hari narratiboa. Polizi eleberria izan ez arren, Speed gauak eleberriak intriga dosi handiak ditu, hilketa bat argitzen baita bertan», azaldu du Mari Jose Olaziregi literatur kritikariak (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru, Bilbo, 2002).

Bere hurrengo lanarekin, Azken fusila (Susa, 1993), Azkue literatur saria jaso zuen. Liburuan azaltzen diren gertaerak 1952 urtean kokaturik daude, Espainiako Gerra Zibilaren ondoko urteetan alegia, agertokia egilearen jaioterria, Mundaka, delarik. Preso errepublikarrak trenbidea egiten dabiltza Bizkaiko kostaldean, eta trenaren etorrerak erabat eraldatuko du zonaldearen paisaia. «Lan horien inguruan sortzen diren adiskidetasunen eta gertakarien kontakizunaz gain, bigarren plano narratiboa ere agertzen du eleberriak, bere adiskide Onofre kapitainaren etxean bat-batean agertzen den makiseko gerrillariarena, hain zuzen. Pertsonaien ezaugarri ongi adieraziak, batez ere narratzaileak Onofreren psikologian egiten duen murgilketa sakona, eleberriaren tempo-a, bizkaieraren hainbat aldaeraren erabilera heteroglosikoa, obraren oinarrian dagoen dokumentazio bikaina... horra, besteak beste, Azken fusila-ren lorpenetako batzuk», esan du Olaziregik (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit). Mundakan bertan giroturik dago Baleen berbaroa (Txalaparta, 1997), baina kasu honetan XVI. mendeari begira jartzen da idazlea baleen arrantzaren berri emateko. Dena den, ez nuke Baleen berbaroa nobela historiko hutsatzat hartu behar. Jimenezek azaltzen digun istorioak, marinel baten hilketa misteriotsua tarteko, badu abenturazko zein intrigazko nobeletatik dezente.

Bere azken nobelak ditugu Kilkerren hotsak (Susa, 2003), zeinetan berriro Gerra Zibilari heltzen dion, eta Sukar ustelaren urtea (Txalaparta, 2004). Azken hori XVI. mendean kokaturiko abentura-eleberria dugu. Felipe Juaristik azaldu bezala, bertan aurkituko ditugu «itsas abenturak, ontziak batetik bestera, mutil gazteak begiak bete amets, gerra eta sukarra, su eta herio, sukar ustela. Eta gorrotoa lege...» (in Juaristi, Felipe. "Gorroto ustela", El Diario Vasco, 2005-05-20).

Ipuingintzan ere aritua da Jimenez. Ildo horretan, bereak ditugu Urdaibaiko ipuin eta kondairak (Zubia, 1996), Gabriel Aresti saria irabazi zuen Atoiuntzia (Elkar, 1990), Manhattan (Elkar, 1994) eta Laudanoa eta sutautsa (Susa, 1996). Olaziregiren arabera, «Manhattan liburuan sexua eta droga mundua agertzen dira zinemak eta rock & rollak blaitzen dituen kontakizunetan; Laudanoa eta sutautsak-ek, berriz, Eros eta Tanatos arteko borroka eternala irudikatzen du, garai eta giro desberdinetan zehar egindako bidaia literario baten bidez» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. cit).

Egilearen beste obra batzuk dira Europako mugetan barrena (Txalaparta, 2001) kronika liburua, non Europan zehaz trenez eginiko ibilbidea kontatzen duen, Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan (Susa, 2004), San Fermingway. Otras historias de Ernest Hemingway (Txalaparta, 2005), George L. Steer, Gernikan izan zen kazetaria (Txalaparta, 2004), eta Robert Capa (Elkar, 2005) biografia.

Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Argazkia: eitb.com