JUARISTI, Felipe

(Azkoitia, 1957)

Kazetaritza eta Soziologia ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Porrot eta Literatur Kazeta aldizkarietako sortzaile izateaz gain, editore lanak egin izan ditu Baroja eta Bermingham argitaletxeetan.

Poesian ibilbide oparoa egindakoa da Felipe Juaristi. Bere poetikaren inguruan zera idatzi du Koldo Izagirrek: «Klasikotasuna ez da bakarrik antzinatea, handiaren handiz zama zanpatzaile gerta litekeen tradizio hori. Inoizko eta inongo maisulanek eduki ohi duten erritmoaren gozoa, apainduren egokia, esatearen zehatza... hitz batean, oreka esaten dioguna daukan poema oro sartzen da klasikotasunean. Ezaugarri horietan definitzen da Felipe Juaristiren poesia ere: inspirazio kultuak jotzen du, baina ez da kultista; dotorezia dauka, baina ez da formalista; badu ikuspegi filosofikotik, baina ez da kontzeptuala; eta sentimentala ez bada ere, hain gutxi dugu hotza... Karrankarik egiten ez duen poesia dugu berea, inteligentziaren eta sentiberatasunaren arteko oreka zail horixe da Felipe Juaristiren obra, literaturaren une poetiko gailenen jabetze kontziente baten ondorio pertsonala» (in Izagirre, Koldo. Felipe Juaristi, XX. mendeko Poesia Kaierak, Susa, 2001).

Denbora, nostalgia (La Primitiva Casa Baroja, 1985) dugu Juaristiren lehen poemategia. «Izenburuak, Denbora, nostalgia, ezin hobeto definitzen du obraren eduki poetikoa: denbora eta horrek egilearengan eragiten duen nostalgia. Bere poesia ez da ironiagatik nabarmentzen; zerbait izatekotan, itxaropen ezaren, etsipenaren ironia izango litzateke hura: "erantzun ezaz" jakitun, haren bila jarraitzen du. Jacques Rigaut arima suizidaren ezagun handiak esango zuen bezala, "jokoak bilatzen jarraitzen dutenekin egiten du aurrera". Bere bilaketa nostalgiaz eta malenkonia ukitu batez jantzita dago, André Gideren arabera "jaiera eroria" baino ez litzatekeena.

»Bere poesia oroimenarekin lehiatzen da, eta horrek, ezinbestez, paradisu txiki batzuk - posible diren bakarrak, galduak diren aldetik - antzematen laguntzen digu, baina ez haietan bizitzen baimendu, eta denborak poeta erbestera kondenatzen du zeinak bere patu hilkorraz jabearazten duen» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

Aldekoak aipatu duenez, Paul Eluard-en El amor y la poesía, Charles Baudelaire eta zenbait surrealisten eraginaren marka darama poetaren bigarren lanak, Hiriaren melankolia (La Primitiva Casa Baroja, 1987) delakoak, eta Hölderlin zein antzinateko filosofoena hirugarrenak, Laino artean zelatari-k (Alberdania, 1993). Hurrengo obrarekin, Galderen geografia (Alberdania, 1997), Euskadi Saria jaso zuen Juaristik, 1998an. «Aurreko liburuaren ostean, hau da, lainotik eta nahasbidetik benetako ahots batzuk erreskatatu eta hitzen arrago gorian urtu ostean, edo, Rilkek esango zuen bezala, "munduaren berbaro sortzailearentzat izen bat proposatu" ostean, egileak bere azken testamentua dakarkigu non poemek - izenek - bere mundu poetiko eta existentzialagatik galdetzen duten. Galdera handiak isildu direnean, erantzunik topatu ez den arren, haiek erakarrita jarraitzen dugu geuk. Bizitza eta heriotza, maitasuna eta ahanztura, galdera eta erantzuna, poesia eta infinitoa, euria eta tristura edo Auschwitz. Inoiz ez da hitza erasaten abstrakzio lurrintsuen bidez; aitzitik, ideiak eta sentimenduak, filosofia eta erotika, etika eta politika, oro mamitzen da poesian, zeina beti galderaren eta gogoetaren alde dagoen. Metafisika bako gogoeta. Hitzen geografia bat; bere hitzak, bere munduaren, poeta batek idatzitako giza alfabetoaren profilak markatzen digutenak. Alabaina, liburuaren izenburua da: Galderen geografia. Hala da: baieztatzen duenean ere, poetak galdetu egiten baitu» (in Aldekoa, Iñaki. Op. cit.).

Orain arte argitaratu duen azken poemategia dugu Begi-ikarak (Erein, 2004). «Heriotzaren aurrean, iluntasunaren, isiltasunaren, ezezerezaren aurrean jarri, eta begiratu zer geratzen den ikararen atzeko aldean, agian, Kutz-ek Conrad-en nobelan esan zuen bezala, "Izua, izua" esaldi haren ordez, beste joera bat: "bizitza... bizitza": "Gizona bere mugak baino gehiago da,/ bere errautsak baino gehiago,/ bere gorputza baino gehiago,/ bere etxea baino gehiago".

»Baina itxaropen puntu horretara heldu aurretik, gizakiak izua ezagutu behar izan du, era berean borobila eta zuzena den liburu honen barrenean. Hasierak markatzen baitu zer den hegan egitea: "Hegan egin du txoriak/ eta ortzadarra eraman./ Ilun geratu da basoa"» (in Kortazar, Jon. "Bizitza... bizitza", Bilbao, 2005-01).

Narratibari dagokionez, Intzentsua lurrean bezala (La Primitiva Casa Baroja, 1988) estreinako nobelaren ondotik Arinago duk haizea, Absalon (Erein, 1990) argitaratu zuen Juaristik. Eroen historialek eta beraiek asmaturiko fikzioek mugatzen dute nobelaren agertokia, bien arteko mugak behar bezain anbiguoak izanik. Doktorearen rola jokatzen duen pertsonaiak ematen die lotura, berak kolekzionatzen bait ditu istoriook, zuzenean ala zeharka. Bizitzaz, naturaz, denboraz, amodioaz, zorionaz... mintzarazten ditu pertsonaiak, etengabeko jario poetikoaz eta eroen irudi topikoari hain egoki zaizkion argitasun izpiez. Bien bitartean, iraganeko garai historiko bati heldu zuen Bordelera (Erein, 1996) eleberriarekin. Bertan, Zalduna, Soldadua, Apaiza, Poeta eta Musikaria elkartzen dira Bordelera joateko asmoz. Normandarren eta Angelesen gudua bukatu berria da eta horiek, Normandarrak izanik, garaile gertatu dira. Baina Bordeleko bidean ostatua hartzen duten etxean norbait dute beren zain...

Airezko emakumeak-ekin (Erein, 2004) Euskadi sarietako finalista izan zen gipuzkoarra, 2005ean. XVIIgarren mendeko Benedict De Spinoza filosofo judutarrak Ethics lanean bildu zituen gogoetatik abiatu, Europako historiaren pasarteetan - Inkisizio garaia, Frantziako Iraultza eta Bigarren Gerra Mundiala- giroturiko zenbait istorio garatzen ditu idazleak, zeinen bidez judutarrak judutar izanagatik jasandako erasoen berri ematen den.

Haur eta Gazte literatura ere jorratu du Juaristik. «Bere testuetan askatasuna eta maitasuna bezalako gaiak ageri dira (animalien ikuspuntutik kontatuak, esaterako), baina batez ere narratzeko abilezia eta poetikotasuna nabarmentzen dira» (in Etxaniz Erle, Xabier. Euskal Gazte Literaturaren Antologia, Elkar, Donostia, 2005). Ildo horretan, Tristuraren teoria-n (Erein, 1993) «askatasun ezaz hitz egiten du. Apurka-apurka askatasuna galtzeak sortarazten duen tristuraz. Instituzioak, ohiturak, hitz egiteko ahalmena... galduz joango den herrian tristuraren definizioa asmatzen dute haur narratzaileek. Militarrek boterea hartzen duten unetik askatasun horiek nola galtzen diren eta horrek pittinka-pittinka jendearengan duen eragina ikusten da era poetikoan, seriotasun handiz, idatzitako ipuinean» (in Etxaniz Erle, Xabier. Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia, Pamiela, Iruñea, 1997). Bien bitartean, ekologismoaren eta arrazakeriaren gainean gogoeta egiten dute azeri berezi bat - barazkizalea dugu, dotore janztea atsegin du eta munduan zehar ibilia da - protagonista duten Ilargi-lapurra-k (Erein, 1994) eta Animalien Inauteria-k (Erein, 1999). Azken horrekin egileak Euskadi Saria jaso zuelarik 2000 urtean. «Ilargi lapurra liburuan, hiru izan ziren azeriak argitu beharreko misterioak - eta ipuinak - : ilargia nola lapurtu zuten, zer zela-eta agertu zen itsasoko kaioa basoan, eta non zegoen neskatxa desagertua. Animalien Inauteria liburua, berriz, desberdina da: ipuina bakarra da eta, misterio bat argitu beharrean, animalien eta gizakien arteko harremanak ditu ardatz, eta baita, zeharka bada ere, animalien artekoak ere. Basoa eta hiriaren artean, muga espiritualaz gain, harresi bat dago eta froga batek erabakiko du harreman horien eta harresiaren geroa: bi aldeak musikan gehiago nor den erakutsi beharko dute, hau da, nork sortzen duen musikarik ederrena, eta horrek gero eta katramilatsuago den istorioa piztuko du - eta horrekin batera irakurlearen arreta» (in Etxaniz, Xabier. Op. cit.). Bestalde, Lehen eta Hirugarren munduen gaineko ikuspegia, inmigrazioaren arazoa azalaratzen dute Aduna eta aduanak (Erein, 2000), Zezena eta mutila (Desclée de Brower, 2005) zein Haydn-en loroa (Aizkorri, 2003) ipuinek. Azken horretan «herria eta elementu arrotza, horixe dugu gaia. Eta horren azpian, gutxien gutxienik, beste bi gai: herri txiki xamar baten antolaketa soziala eta inmigrazioa, batetik; eta hizkuntza eta komunikazioa, bestetik» (in Latartegi, Josu. "Bizipoza keinu ttipietan", Deia, 2004-11-16).

Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Argazkia: Zaldi Ero