LANDA, Mariasun

(Errenteria, 1949)




© Mari Jose Olaziregi

Transcript aldizkarian argitaratua, 2005.




Orain artekoan, 27 liburu argitaratu ditu Mariasun Landa idazleak eta Bernardo Atxagarekin batera, atzerriko hizkuntzetara gehien itzuli den euskal idazlea da. Filosofia ikasketak egin zituen Frantziako Sorbonne unibertsitatean eta gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, nahiz eta Lehen Hezkuntzan zein euskaltegietan ere aritu den klaseak ematen. Bere ibilbide literarioan hainbat eta hainbat euskal sari jaso ditu, hala nola: Lizardi Saria (1982), Euskadi Saria (1991), edo Antonio María Labaien Saria (2002); baita nazioarteko zenbait sari ere, esaterako White Ravens saria irabazi zuen 2002an Elefante txori-bihotza liburuagatik (2001) eta, jakina denez, Espainiako Kultura Ministeritzak Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala eman zion Krokodiloa ohe azpian lanagatik 2004an. Haur eta gazte literaturako idazlea izanik, etengabeko esperimentazio poetikoa nabari da bere ibilbide literarioan, eta hori argi islatzen da tekinka eta estilo literarioen etengabeko bilaketan. Horixe da hain zuen, Landaren ustez, haur eta gazte literaturaren erronka garrantzitsuenetako bat, alegia, giza sentimendu sakon eta unibertsalez ahalik eta era xumeenean jardutea.

Gianni Rodari-ren literatura fantastikoaren eragin nabarmena duten hainbat liburu argitaratu ondoren agertu zen Mariasun Landaren ekoizpen literarioaren mugarri bihurtuko zen liburua: Txan fantasma (1984), errealismo kritikora gerturatzen den lana. Kontuan harturik Txan izeneko fantasma batek psikiatriko batean sartu duten neskatila autista baten istorioa kontatzen duela, argi dago sentikortasun biziko kontakizuna dela. Aldiz, urte batzuk geroago etorri zen Iholdik (1998) inflexio-puntu berri bat markatu zuen Mariasun Landaren ibilbide literarioan. IBBYren Ohorezko Zerrendarako hautatua izan zen ipuin hau Landaren lanik onenetarikoa da, eta hari esker bilakaera poetikoan urrats bat aurrera egin eta estetika posmodernoagoetara gerturatu zen. 16 mikroipuinez osatutako liburua da, edozein irakurle harritzeko moduko xumetasun, zehaztasun eta ahalmen iradokitzailez idatzia.

Beste hainbat ipuin bikain, hala nola Katuak bakar-bakarrik sentitzen direnean (1998) eta Nire eskua zurean (1996), psikoliteratura deituriko korrontearen barruan sailkatu izan dira, eta gurasoen eta seme-alaba nerabeen arteko harremanetan gailentzen diren sentimendu gorabeheratsuak dituzte ardatz (jeloskorkeria, bazterketa...).

Edozein kasutan, idazle honen ipuinen ezaugarri bereizgarriren bat definitzekotan, umorearen erabilera eta nonsense delakaren antzeko estiloetarako hurbilketa aipatu beharko genituzke. Galtzerdi suizida (2001), bere buruaz beste egin nahi duen galtzerdi abenturazale baten istorioa, edo Errusika (1993), dantzari izan nahi duen arkakuso baten gorabeheren kontaketa, aipatu estiloaren erakusgarri ezin hobeak dira. Idazlearen azken argitalpenak, Elefante txori-bihotza (2001) eta Krokodiloa ohe azpian (2003), literatura onaren adibide paregabeak dira. Azken horrek, absurdoaren literaturaren teknikaz baliatuz, bakardadearen eta larritasunaren gaiak jorratzen ditu. Krokodiloa ohe azpian ipuinak Juanjo (J.J.) izeneko administrari gris baten bizitzan gertatzen diren gorabeherak kontatzen ditu. Bizitza gris eta bakartia daraman gizon honek zapatak janez elikatzen den krokodilo bat topatzen du bere ohe azpian. Tratamendu psikiatrikoen eta depresioaren aurkako sendagaien kontura egiten den parodia, krokodilitisak jotako pertsonaia honek bizi dituen egoeren komikotasuna... ipuinaren alderdi erakargarrietako batzuk besterik ez dira, edozein irakurle txunditzeko modukoak.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Amona, zure Iholdi: Erein

© Krokodiloa ohe azpian: Erein