LASA, Mikel

(Donostia, 1938)

Gabriel Arestiren poetika sozialak aztarna sakona utzi zuen ondorengo euskal poetengan eta, zentzu horretan, Harri eta herri-ren egilearen oihartzuna suma zitekeen gerora etorri ziren poemategietan. Hala ere, izan ziren bestelako bideak urratzeari ekin zioten sortzaileak eta haien artean kokatu beharko genuke Mikel Lasa. Koldo Izagirrek azaltzen duenez, Donostiakoaren poesiarekin «Baudelaire-ren aurrekoak izatetik Baudelaire-ren ondorengoak izatera pasa ginen, hau da, literaturaren historia modernoaren barnean kokatu zen gure poesia, eta konplexurik gabe aldarrikatzen zituen gure poetak bere lagun hilezkorrak: Tzara, Aragon, Lautréamont, Kafka... Mikel Lasak ekarri zuen modernotasuna ordea ez da bakarrik literatura garaikidearen bereganatzeaz sortua. Ageri zuen tristura, jarrera izan gabe, inguru itogarri batek eragina zen, Hego Euskal Herriko 1950-60 urteen basatzak, deshistoriaren erreinu luzeak, ghetto hark. Esan ohi dena baino sozialagoa da bere asperdura existentziala» (in Izagirre, Koldo koord. Mikel Lasa, XX. mendeko poesia kaierak bilduma, Susa, 2001).

1960ko hamarkadan hasi bazen ere poemak kaleratzen handik eta hemendik, Egan, Olerti, Yakin, Argia, Literatur Gazeta, Porrot eta bestelako aldizkarietan, 1971era arte luzatu zuen Lasak lehen –eta azken– poemategiaren argitarapena. Poema bilduma izenekoan jaso zituen, Amaia arrebaren poemekin batera, ordurako nahikoa ospe lortua zuten lanak, besteak beste Tamariza eta pikondoa, estreinako aldiz Camilo Jose Cela-k zuzentzen zuen Papeles de Sons Armadans aldizkarian agertu zena. 1963an Egan-en azalduriko "L'homme revolté" artikuluan azaldua zuen poetak bere poetikaren nondik norakoak, existentzialismoarekiko bere atxikimendua. Jon Kortazarrek gogora dakarrenez, «artikulu horretan, Camus-en miresle zela aitortzeaz landara, poemagintzaren ardatz gisara "bikoiztasun tragikoa" zuela adierazi zuen. Ez da zalantzarik, bikoiztasun horren bidez berriro azalduko baitira izatea eta existitzea, paradisua eta historia» (in Kortazar, Jon. Euskal literatura XX. mendean, Prames, Zaragoza, 2003). Hala ere, jarrera existentzialista horren inguruan zenbait zehaztapen eman ditu Felipe Juaristik. Bere ustez, «Mikel Lasa ez da existentzialista bat izan hitzaren zentzu hertsian. Bere poemetako askoren gaia gizakia eta haren arazoak diren arren, hau da, gaur egun arrunkeriaz kontu "existentzialak" izendatzen diren horiek hala nola bizitzaren zentzua, mina, heriotza, denboraren iragaitea... horregatik bakarrik poeta existentzialista deitzea Fedor Dostoievski nobelagilearen zein Rainer Maria Rilke poeta alemaniarraren obra izendatzeko adjektibo bera erabiltzearen pareko litzateke.

»Ororen gainetik, Mikel Lasa humanista bat da zeinak garrantzi handia ematen dion gizakiari eta hura inguratzen duten sentimendu guztiei; gizakia bere begiradaren jomuga du, haren gorabeherekin bibratu, dardar egin, negar egiten du. Zenbaitetan bere pentsamendua Albert Camus zein Simone Weil-en filosofiarekin –azken horrek bere izakeran eragin handia izan du– koloreztatzen badu ere, horrek ez du esan nahi existentzialista hutsa denik, ez, behintzat, Sartre-k terminoari ematen dion zentzu hertsian. Albert Camus-engandik hartua du bere existentziaren aurriei gailendu eta bere nortasunaren amildegira gerturatzen den gizaki errebeldearen ideia. Simone Weil-engandik, berriz, geure ekintzen traszendentziaren ideia» (in Juaristi, Felipe eta Maraña, Felix koord. Mikel Lasa. Memory dump (1960-1990), EHU, Leioa, 1993).

Iñaki Aldekoaren arabera, «Modernitateko beste hainbat poeten antzera, Urrezko Aroko lehen Adan haren irudia –paradisu hura non "gizonak eta harriak berriro bakeak eginen dituzte"– Lasaren irudimen bakartia ere xaxatu zuen. Baina poeta kontziente da natura –kasu honetan itsasoaren presentzia esanguratsua da– auto askia dela, perfekzio bera, poetarengan nostalgiak eragin arren. Aldi berean, poetak jakin badaki banaketan dagoela naturaz jabetzeko modu bakarra. Eta beste horrenbeste gertatzen da maitasunarekin. Izan ere, benetako amodioak galdutako horiek osatzen dute, oroimena utzita desagertu ziren haiek. Eta poeta ohartzen da eskuraezina dena berritzeko ahaleginaren hutsaltasunaz. (...) Ezagutzaren eta negazioaren behin betiko dialektika azaltzen zaigu poesia honetan, eta bere intuizioetako asko garai bateko poesiari zor zaizkio zeinak modernitatean ondo finkaturik dauden sinboloak akuilatu zituen: jendetzan aurki daitekeen gizabanako bakartia, jai egunetako asperdura, hiri gogaikarria, harrizko hondartzak, etab.» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

Hori guztia adierazteko, Lasak «ez du estilo nabarmengarri bat proposatzen, sentsibilitate mailako berritasuna baizik: gauzak adierazteko espiritu malenkoniatsu eta, halaz guztiz, tristuran sobera laketzen ez dena», azaltzen du Koldo Izagirrek. «Aitortua duenez, poetak ukaiten ditu halako aldarteak, "egunttoak", barnekoak esatera behartzen duten flakeziak. Euskal olerkari zaharrek mendira bezala, itsasertzera jotzen du orduan Lasak, noraezeko ibilian gogoetatsu. Paisaia honek funtzio sinboliko apala du, giro egiteko dela ematen du, baina azkenean dekoratiboak ziruditen zuhaitzak, esaterako, ametsaren galbide bihurtzen dira, edo maitasunaren babes, edo akiduraren lekuko. Paisaian gauzatzen da hitza, baina poetaren ingurua ez da inoiz koloreduna, eta euriaren presentzia ugariak koadro inpresionista bat oroitarazten digun arren, esan liteke geometria nagusitzen dela gristasunean» (in Izagirre, Koldo. Opus cit., 2001).

Poema bilduma-k argia ikusi eta isildu zen betiko Lasaren ahotsa, ahots publikoa bederen. Zeren idatzi idatzi du orduz geroztik, baina argitaratzeko asmorik gabe. Bere gogoeten isla diren geroko testu labur zein poemetako batzuk agertu ziren, Poema bilduma-ko lanekin batera, 1993an Euskal Herriko Unibertsitateak kaleraturiko Mikel Lasa. Memory dump (1960-1990) bilduman.

Itzulpengintzan ere aritua da Lasa. Bereak ditugu Marcel Schwob-en Mime (Mimoak; Baroja, 1985) ipuin bildumaren, Michel Tournier-en Vendredi ou la vie sauvage (Ostirale edo bizitza basatia; Auskalo, 1986) nobelaren eta Arthur Rimbaud-en Une saison en enfer (Denboraldi bat infernuan; Erein, 1991) poemategiaren euskarazko itzulpenak. Era berean, Alfonso Sastreren Historia de una muñeca abandonada (Bazterrean utzitako panpinaren ixtorioa; Antzerti, 1984) eta Gabriel Celayaren zenbait poema ekarri ditu euskarara. Bestetik, ezin aipatu gabe utzi 1972an plazaraturiko Nobela berria Hego Amerikan (Etor) saiakera lana.

Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Argazkia: Zaldi Ero