LERTXUNDI, Anjel

(Orio, 1948)




Š Mari Jose Olaziregi

Transcript aldizkarian argitaratua, 2005.




Anjel Lertxundik Filosofia eta Letrak ikasi zituen Donostia, Erroma eta Valentzian. Irakaskuntzan eta kazetaritzan aritu da hainbat urtez. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izan zen 1982-1985 bitartean. Haren ekarri literarioak askotarikoak dira: haur eta gazte literaturako 30 liburutik gora (Tristeak kontsolatzeko makina, 1981; Lehorreko koadernoa, 1998), saiakera-liburu interesgarriak (Mentura dugun artean, 2001), ipuin liburu esanguratsuak (Aise eman zenidan eskua, 1980; Piztiaren izena, 1995) eta hamar bat eleberri. Bere ni poetikoaren etengabeko bilakuntzak definitzen baitu Lertxundiren ahalegin literarioa. Hunik arrats artean (1970) ipuin-liburuak, kasu, euskal ipuin modernoaren hastapena zehaztu zuen zenbaitentzat, eta bertan nabarmena da Hego Amerikako errealismo magikoaren eragina, baita absurdoaren antzerki eta ipuinen eragina ere. Ondoren etorri ziren, 1971eko Ajea du Urturik eleberri alegorikoa, edo planteamendu neorrealistara hurbildu zen Goiko kale (1973) eleberri autobiografikoa.

Euskal irakurleen artean arrakasta handia izan zuen 1983ko Hamaseigarrenean, aidanez eleberriak eta zinemara eramana ere izan zen, idazlearen beraren zuzendaritzapean. Apustu beldurgarri baten gorabeherak kontatzen dira eleberrian eta autoreak elkarrizketa batean zioenez, eleberriaren helburuetako bat indarkeria kasuetako konplizitatea salatzea zen. Istorioa landa giroan gertatzen da, baina giro horren aurkezpen ohiturazkoari ihes egiten dio, zinez kontatzeko modu modernoak baitarabiltza idazleak (cf. Pavese). Eleberri horien ondoren, Lertxundiren eleberrigintzaren eboluzioak aldaketa errotikoa egin zuen eta hainbat tradizio poetikoz elikatuz doan bidaia intertestualean sartu gintuen. Horietako bat dugu Otto Pette: hilean bizian bezala (1994) nobela arrakastatsua, Espaniako Premio Nacional de Narrativako finalista izatea lortu zuena. Otto Pette baronetaren atean ezezagun baten agerpen harrigarriaz hasten da aberastasun estilistiko handia duen eleberri hau. Eleberri historikoa izan ez arren, pertsonaien deskribapenak, kontatzen diren gertakariek eta girotzeak, oro har, Erdi Aroan gertatzen dela adierazten digute. Autorearen dokumentazio lana garrantzitsua izan da eleberri honetan. Hor daude, besteak beste, XIV. mendean Europa jo zuen izurritearen erreferentziak (D. Defoeren A Journal of the Plague Year (1722) baliatuz eginak), motibo literario ezagunak (herio dantzarena) edo Fiammetaren aipamena.

1995ean sortutako Ifrentzuak sailean, euskal tradizio petoak (beraz, unibertsalak) eta unibertsalagoak diren beste batzuk (beraz, euskaldunak ere) barne hartzen dituen ibilbide literarioa hasi zuen egileak: Piztiaren izena (1995) ipuin-liburua, deabruaren eta Fausto mitoaren ingurukoa; Azkenaz beste (1996) eleberri fantastikoa, Argizariaren egunak metanobela (Euskal Herriko literatur sari nagusia, Euskadi Literatura Saria, 1998an lortu zuena); eta Letrak kalekantoitik (1996) atsotitz, mito eta herri kanten glosa-bilduma. Azkenaz beste eleberri fantastikoak hasieratik harrapatzen du irakurlea. Eleberri honetako protagonistek elezaharrrak, historia eta literatura nahasten diren bidaia fantastiko batean Amerika eta Europako ordokiak zeharkatzen dituzte hirurehun urtean zehar Argizariaren egunak (1998) eleberrian, heriotzari, eromenari eta idazketari buruzko hausnarketa egiten da, metafikzioaren baliabideak erabiliz.

Lertxundiren Zorion perfektua (2003) eleberritik hartu dugu aldizkari honetarako lagina. Tonu lirikoa duen eleberri errealista da, eta atentatu baten lekuko izan den hamasei urteko neska baten barne-haustura, konmozioa, kontatzen du. Hilketa gertatu zenetik hamalau urtera kokatzen gaitu narratzaileak, eta bi plano horien etengabeko alternantzian antolatzen da aitormen kutsu nabarmena duen narrazio moral hau. Eta morala dela diogu (ez moralista), izugarrikeria horren aurrean kokatuz, kontzientziarik gabeko zorion perfektua salatzeko ahalegin argia egin duelako Lertxundik eleberri interesgarri honetan.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




Š Argazkia: erabili.com