LETE, Xabier

(Oiartzun, 1944-2010)

(© Estibalitz Ezkerra)

Xabier Lete Oiartzunen jaio zen, 1944an. Gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren Zeruko Argia aldizkarian. 1965ean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, JoxAnton Artze, Jose Anjel Irigaray eta Lourdes Iriondorekin batera, Ez Dok Amairu taldea abian jarri zuen. Izena Jorge Oteizak aukeratu zuen; euskal kultura berreskuratze aldera, diziplina artistiko guztiak bilduko zituen mugimendua sortzea zuen amets eskultore ezagunak, eta kantagintzaren kasuan, Ez Dok Amairu-ren eskutik, xede horrek izan zuen erantzunik. Francoren diktadura urteak ziren, garai ilunak zalantzarik gabe. Egoerari buelta emateko gogoa nabaria zen euskal gizartean, eta nahi horri erantzunez kantua oihu bilakatu zen. Lehengo zein talde kideek beraiek osaturiko kantak plazaratu zituen Ez Dok Amairu-k, kanta konprometituak eta landuak, taldeko partaideen irudiko konpromisoa ezin baitzitekeen zabarkerian erortzeko aitzakia gisa hartu —eta uste bera mantenduko du Letek bere ibilbide poetikoan—. Sasoi haiek gogoan, zera esan du Letek: «Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera —kanta zaharrak ere jasoz—, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa. (...) Kanta, nola edo hala borrokarekin lotzen da. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen» (in Lete, Xabier. Euskal kanta berria, Jakin, 4. zkia, 1977).

Baina artista plastikoak biltzen zituzten Gaur, Hemen eta Orain taldeekin gertatu bezala, Ez Dok Amairu-ri ere iritsi zitzaion desagertzeko unea: 1970ko hamarkadan gertatu zen hori, Baga, biga, higa ikuskizuna aurkeztu ostean. Letek ordurako emazte zuen Lourdes Iriondorekin batera kantagintzan jarraitu zuen. Beste zenbait kantarirekin kolaborazioak ere egin zituen, hala nola Antton Valverderekin, zeinarekin Lizardiren poesiei eta Txirritaren bertsoei ahotsa jarri zien 1975-78 urte bitartean. Antzerkia ere jorratu zuen euskal teatro modernoaren oinarriak finkatzeko asmoarekin, eta bilaketa horretan Eugenio Arozena izan zuen lankide. Kolaborazio horretatik sorturiko obrak Oiartzungo Intxitxu antzerki taldeak eszenaratu zituen.

1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia: Egunetik egunera orduen gurpillean. Gabriel Arestiren poesia sozialaren oihartzuna, Harri eta Herri-n bildutakoa batez ere, antzeman zitekeen aipatu lanean eta, ildo horretan, bidegabekeriak salatzeko erabili zuen Oiartzungoak hitza. Hitza, bai, zeren poetaren egitekoa zein izan behar ote duen bere buruari behin eta berriro galdetu ostean ondorio horretara iritsiko baitzen. Horregatik, kritikatu egingo zituen botereari men egiten zioten poetak zein errealitatea alboratuta joku estilistiko hutsaletan erortzen ziren sortzaileak. Maribel Sáchezen aburuz, «Letek ez du beharrezkotzat jotzen inundik ere poeta iraultzaren aitzindari eta mexulari izatea, baina ezin du begiak errealitatearen aurrean itxi, hots, ez dago poeta ez poesia inuxenterik, ez dago zikintasunik gabeko poesia. (...) Poetak, gizonaren sozial-izatearen kontzientziaz osaturik eta azpimarraturik egon behar du. Sozialtasun horren adierazpen nagusia herri baten izan nahi eta ezin izate minberakor eta argi-ilun adieraztean legoke, guzti hori herri urratu eta bortxatu baten kontestuan. Honelako kontestuan badira "dena ala ezer ez" politika ekintza lehen arautzat dutenak, baina Lete "ahal denean ahal den guztia" lema duten gizonen alde agertuko da» (Askoren artean. Gaurko poesia, Labayru, Bilbo, 1993).

Poesia mailu bat dela esaten zuen Arestik, kontzientziak astintzeko akuilua. Ados zegoen Lete, baina bere ustez konpromisoa norbere buruan hasten zen eta horrek esan nahi du poetak ezin dituela bere sentimenduak alboratu. Zeren Sánchezek gogorarazten duen bezala, «Leterentzat poesiaren iturburu lehena sentimendua da, bestela ez dago poesiarik, eta geroxeago arrazoi, sujetoak mundu sujetagaitz guzti hori, tajutu, lotu, izentatzeko erabakia hartzen duen une berean baina ez lehenago. (...) Guzti honek baieztapen bat egitera eramaten du poeta: "Sentimendu eta sufrimendurik gabeko poesia erretorika hutsa da, berdin zait retorika soziala edo retorika-preziozista» (Askoren artean. Op. cit., 1993).

1974arekin heldu zen Bigarren poema liburua. Obra horretan Letek poetaren rola aztertzen jarraitu zuen, baina aurreko lanarekin konparatuta poesia askozaz intimoagoa, barnerakoiagoa osatu zuen. Frantziako filosofia existentzialistaren eraginez, poetak tarte handiagoa eskaintzen zien bizitzari eta heriotzari buruzko gogoetei. Hurrengo poemategian, Urrats desbideratuak (1981; Irun hiria literatur lehiaketa saritua izan zen), nabarmenagoa zen bilakaera. Hizkuntza gogortzeaz gain, ezkortasuna eta etsipena zerien poemei. Sánchezen aburuz, «Letek idatziriko poema liburuetan garapen argi bat ikusten dugu. Lehenengoan, poeta gazte, gartsu eta inguruarekiko kezkaz beteriko poeta azaltzen da, bere inguru-giroa aldatzeko beharra sentitzen duen horietariko bat, halaber borroka hortan aritzeko gai sentitzen da. Bigarrenean, esperientzia gehiagoko gizona da, gizon helduagoa. Ideia berberak mantentzen dira baina nolabaiteko zalantza ere nabaria da, bizi izan dituen garaiak utzitako arrastoek erreflexionatzera eramaten dute; eta erreflexio horren ondorioz sortzen da aipatutako zalantza hori: kontzientziazioaren arazoa. Hirugarrenean dezepzioa agertzen da nagusi, bizitzaz azken batean ezer onik itxaroten ez duen gizona bezala agertzen da, nahiz eta oraindik askatasunaren kezka nolabait mantendu. Honetan bi alde agertuko dira, borrokaren beharra eta etsipena» (Askoren artean. Op. cit., 1993).

Urrats desbideratuak-eko poemetan existentzialismoaren eraginak indarrean jarraitzen du, baina jadanik ez da poetak aintzat hartzen duen ikuspuntu bakarra; beste filosofo baten esanak ere darabiltza orain buruan Letek, Nietzschre-ren esanak. Esther Zarrauak azaltzen duenez, «ihesean dago salbaziorako bidea, aukerarik dramatikoena ere kontuan hartuta, hau da, heriotza. [Poeta] mundu honekin nekatuta dago, eta ihes egin nahi du. Nolabaiteko aldea dago 66an pentsatzen zuenaren eta oraingo jarreraren artean. Egunen batean hilko den kontzientzia duelako, edozein unetan heriotza bidera aterako zaiola-eta nahi duena gauzatzeko aukerarik ez duela izango jakin badakielako, itxaropenik ez duen gizaki existentzialistarekin parekatzen da. Baina badu gizakiaren egoera etsipengarri hori konpontzeko bidea, eta bide hori maitasuna da, zeinak Jainkoan sinistera eramaten duen, hura baita maitasuna bizirik mantendu dezakeen bakarra, heriotza ostean ere» (in Zarraua, Esther. Xabier Lete: Mirando atrás, Zurgai, Bilbo, 1991).

Denboraldi batez literatur sorkuntza alboratu zuen Letek politikan jarduteko. Hain zuzen, 1980ko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailean aritu zen, Zuzendari Nagusi lehenik eta Sailburu ondoren. Gaixotasunak, baina, zeregin publikoak alde batera uztera derrigortu zuen. Osasunak hobera egitearekin batera heldu zen Oiartzungoaren hirugarren lana, Zentzu antzaldatuen poemategia (1992), zeinarekin Euskaltzaindiako Felipe Arrese Beitia olerki saria jaso zuen. Gerora, edizio berritu batean, aipatu lanak Biziaren ikurrak izenburua hartu zuen. Iñaki Aldekoaren esanetan, «Urrats debideratuak-i tonua ematen zion jarrera existentzialistak bizitzaren ikuspegi barnerakoiago batekin bat egiten du» azken poemategian. «Poetak publizitate eta ideologiari loturiko leloetatik at ikusten du bere burua; arreta bere osasun fisikoarentzat eta, zergatik ez, espiritualarentzat ezinbestekoa den horretatik desbideratu dezakeen edozein errealitate sozialetik kanpo dago. Zentzu horretan, bizitzarekin esker onekoa den poesia idazten du Xabier Letek, eta bertan ez da urtaroen joan-etorrian existentziaren "miraria" ospatzen duen begirada behatzailea baino ezer sublimeagorik: poesia bat da zeinetan kantua otoitzarekin nahasten den. (...) Bizitzaren gorabeherak irrika bako begirada ezkorrarekin behatzen duenaren ahots tonua da, eta betidanik heriotza gertu sentitu duenaren kontzientziaz tradizionalki balore kristauak izan diren apaltasun, erruki eta barkamenari dei egiten die» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Argazkia: zuzeu.com