LINAZASORO, Karlos

(Tolosa 1962)

"Tolosan jaio nintzen eta bertako udal liburuzaina naiz aspaldidanik. Euskal filologo, baina ez maisu. Lau ipuin liburu idatzi ditut: Eldarnioak (1991), Zer gerta ere (1994), Ez balego beste mundurik (2000), Ipuin errotikoak (2001). Lau olerki liburu ere idatzi ditut, eta antzerki bat, eta haur eta gazte literaturako hainbat liburu. Ipuina eta poesia ditut jenerorik atseginenak, nobela ez da nire mundu ikuskeran kabitzen. Idazkerak libre egiten nauela uste dut, eta ez dakit askatasuna maite dudan. Maisuak aipatu nahi nituzke orain: Kafka, Borges, Cortázar, Felisberto Hernández, Beckett, Rulfo, Saki, Wilcock, Piñera, Chejov, Hrabal, Mrozek, Bernhard, Anderson Imbert, Arreola, Poe...

Fantasia duten ipuinak ditut gustuko, ludikotasun ukitu bat dutenak, bizitzaren bortizkeriaz zipriztinduak, irakurleari oldartzen zaizkionak, indartsuak, iradokitzaileak, ezustez beteak; uste dut, era berean, ipuinak derrigorrezko dituela umorea eta ironia, eta horixek direla giza-tragediari edo alienazioari edo bakardadeari edo absurdoari aurre egiteko armarik behinenak, babesa eta distantzia eskaintzen dutelako. Ipuina lege-hausle sendoa da, bere erregela propioak dituena: hor barruan oraindik badago zirrikitu bat benetan libre izateko, metaforaren eta alegoriaren erreinuan".

Linazasoro, Karlos. "Biografia", in Olaziregi, M.J. (bil.) An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno, 2004.

©Estibalitz Ezkerra


Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko unibertsitatean. 1987. urteaz geroztik, Tolosako udal liburutegiko arduraduna. Genero ugari landu ditu Karlos Linazasorok (poesia, ipuina, eleberria, antzerkia, haur literatura eta iritzi artikulugintza), baita hainbat sari irabazi ere: Lizardi Saria (1990), Irun Hiria (Poesia-1992), Iganacio Aldekoa Saria (1993), Toribio Altzaga Antzerki Saria (1997), Baporea Saria (1997), Donostia Hiria (1998), eta haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria 2001ean, Bota gorriak obrarengatik.

Poesiari dagokionez, orain arte sei poemategi argitaratu ditu egileak: Udazkeneko karabana erratua (Elkar, 1991), Apunte eta ahanzturak (Kutxa, 1993), Euriaren eskuak (Alberdania, 1995), Inoiz izan ez garenotan (Alberdania, 2002), Eguzkia ateri (Egilea editore, 2001) eta Denbora aleak (Pamiela, 2005). Koldo Izagirreren arabera, «bakardadearen poeta dugu, bereziki, Linazasoro. Egia da bere lehen liburuan maiz mintzo zaigula pluralean, baina gu horrek mozorro funtzioa dauka, nitasuna sobera ozen azaltzeko herabe, ez bada haurtzaroa osoro ezin gainditu batek elkarrengana bildutako minduen multzoarena. Belar-orga, artobixarra, zapaburuak, idiak, igitaia, txilarra, hostoak, urkiak... nekazari giroko eta gaztetxoen jolasetako irudiak eta alderaketak ikusiko ditugu ia beti, ez ordea natura kantatzeko, gizarte mota bat deskribatzeko edo iraganaren gorazarrerako, funtzio mitiko baterako baizik: paisaiaren momentu jakinak dira poemak, egoera animikoak islatzeko baliabideak. Ingurua gauzez eta animaliez betea ageri zaigu, ez pertsonez, eta inor azaltzen denean, bere presentzia ez da ondoko bakardadea areagotzeko besterik. Hitzaren ostean, isiltasun zanpatzaileago bat daukagu. Eta hiria azaltzen denetan ere karrikak hutsak daude, hiria espazioaren perspektiba da, eta ez du baliorik berez. Elementu naturalak baino ez dira ageri berriro, ilargia, elurra, zuhaitzak, poetaren begiak beti memoria konkretu bat jasoko balu bezala. Oroimenak eta irudimenak batera egiten dute lan, deskripzioak barneko egoeraren adierazle dira, tristuraren proiekzioa. Leku edo une mitikoak dira, beraz, bailara elurtua eta hiriko karrika abandonatua. Ez dago batetik besterako gatazka geografikorik, biak ditugu espazio bakartuak, maitasunaren ausentziak halabereko triste bilakatuak, maitasunik ezak dena bihurtzen baitu huts eta ezinbiziko. Gizartean arrotz, umezurtz sentimendu handi baten zama dakar Linazasororen lehen poesiak.

»Alabaina, kanpoko mundu hori itzulian datorkio ostera poetari. Bere jarrera kontenplatiboak kutsagarri bihurtu du oharkabean, besteak beste Linazasorok ikusteko, detaile piktorikorako daukan ahalmen bereziak halako traizio positibo bat egiten diolako. Inguru desjendetu baina malenkoniatsuki eder horrek beteko du, nolabait, bere bakardadea, metaforaz pilatzen den deskripzio pausaturako eta gogoetarako bikain erabiltzen dakien lerro luzeko bikotan, karrankarik gabeko idazkeran, soseguz, hasierako diskurtsoaren fatalismoari dagokion bezala. Noizbait, tentuz bada ere, fidakaitz, zuaren bila abiatuko da poeta hurrengo liburuetan, bakarralditik maitasunera eginen du, eta honen maluretara. Nitasuna gero eta nabarmenago azalduko zaigu, gogoeta zuzenagoan, sinbolorik gabe. Munduarekin harremanetan hasteko uzkur zenak, kontenplazioa utzi eta etorkizunerako urratsa emanen du, ezein karabanaren aiduru egon gabe. Harremana problematikoa izanen da, baina egon badago, bere baitako jardunetik dialektikara datorkigu. Inkomunikazioa haustearen prozesua da Karlos Linazasororen poesia, eta horregatik da, bilduenean ere, ezin humanoagoa» (Izagirre, Koldo. "Sarrera", Karlos Linazasoro. XX. mendeko poesia kaierak, Susa, 2002).

Ipuingintza arloan, Eldarnioak (Erein, 1991), trilogia gisara aurkezturiko Zer gerta ere (Erein, 1994), Ez balego beste mundurik (Alberdania, 2000) eta Ipuin errotikoak (Alberdania, 2001), eta Glosolaliak eta beste (Alberdania, 2004) bildumak osatuak ditu Linazasorok. Mari Jose Olaziregi kritikariaren aburuz, «heriotzak eragiten duen angustia existentziala oso dago presente Karlos Linazasororen obran. Angustia hori absurduaren literaturaren ezaugarriekin azaleratzen da bere ipuinetan (ik. Kafka, absurdoaren antzerkia...), eta logika arrazionala hankaz gora jartzen duen fantasiarekin adierazten (ik. Cortázar). Errealitate eta ametsaren arteko nahasketa, giro itogarria, eldarnioa, ankerkerkeria... horra Linazasororen ipuinen osagaiak. Horregatik dago hainbeste zoro bere ipuinetan, arrazionaltasunaren maskararen atzean dagoen absurdoa irudikatzen dutelako» (Olaziregi, M.J. (bil.) "Hitzaurrea", Mende berrirako ipuinak, Erein, Donostia, 2005).

Aipatu izenburuei beste bi narrazio bilduma gaineratu behar zaizkie: Bestiarioa. Hilerrikoak (Elkar, 2006) eta Erein-Euskadiko kutxa saria jasotako Diotenez (Erein, 2007). Bestiarioa. Hilerrikoak obran, «aurrekoren batean bezala [ikus Zer gerta ere], bere "alter ego"-a izan daitekeen pertsonaia askatu du, bere "alter ego"-a, edo bere ispiluaren bestaldeko irudia izan daitekeena. Nork bere burua errealitateko ispiluan ala ifrentzukoan begiratzen duen, arras alda daiteke mundua, eta bera munduan. Karlos Linazasorok idazle baten (barka, idazle izan nahi duen baten), balentriak eta azañak kontatzen dizkigu. K.L. deitzen da eta T herrian bizi da, eta liburuzaina da, Karlos Linazasoro bera bezala, baina Karlos Linazasoro izateke. Horra hor parodiaren muina. Kontzientzia libre utzi eta nahi erara jokatzen uztea bezala da. Ez dut esango denon ametsa denik, baina bai batzuena. Joko polita, dena dela, zer izango nintzateke ni izateke neu izango banintz? Metafisika. »Parodiarekin batera, ironia. Idazle den eta idatzi nahi duen gizon baten ezintasuna eta zereginaren gerorako gerora atzeratzea. Jeneroei buruzko ironia: aforismoa nobela baten kapitulu bihurtzen da. Monterrosoren jarraitzaile da, horretan, hiper-mega-laburtasunaren sailean bederen. Eta batez ere begirada ironikoa eguneroko egoeren aurrean: supermerkatuan, zahar egoitzan, beilategian (ez belategian), kalean, tabernan, etxean. Ironia xume, fm, jakintsu eta dotorea. Ironia-mota guztiek bezala, lagunak bainoago, adiskideak behar ditu, adierazgarri izateko. Edo idazlea bezalako irakurle fina, jakintsu eta dotoreak, bestela» (Juaristi, Felipe. "Autoparodia", El Diario Vasco, 2006-12-15).

Diotenez bildumaren kasuan, «testu laburrak dira Linazasororenak, baina ez horregatik testu sinpleak. Alderantziz, liburuan bilduta dauden aforismo eta ipuinek, elkarrizketa eta gogoetek irakurlea pentsatzera bultzatzen dute, eta pentsatzeko, jakina, denbora hartu behar, eta bi gauza batera egitea zaila denez, alegia irakurtzea eta pentsatzea, seguru asko, irakurtzeari utziko dio, hitzak buruan dituela, eta jira bat baino gehiago emango dizkio beraiei, gora eta behera astindu ondoren. Ez zaiola damutuko uste dut. Linazasorok errealitatea biluzik uzten baitu, biluzik bere jantzi absurduan. Diogenesek ere halaxe utzi zuen Alejandro Handia, diotenez» (Juaristi, Felipe. "Diogenes", El Diario Vasco, 2007-05-04).

Bestetik, absurduaren literaturari keinu egiten dion Itoko dira berriak (Alberdania, 2003) nobela laburraren zein bi aforismo bildumen -Isiltasunaren adabakiak (Pamiela, 2003) eta Beti eder dena (Erein, 2006)- egile da Linazasoro. Antzezlan bat ere argitaratua du: Burdindenda (BBK-Euskaltzaindia, 1998). «Orain arteko antzerki lan bakarrean, Burdindenda. Trajikomedia sasieruditoa ekitaldi bakarrean (BBK-Euskaltzaindia, 1998), (Linazasororen) ipuingintza alderik alde zeharkatzen duten ezaugarriak kausi ditzakegu: absurdoa, umore beltza eta krudelkeria. Bi pertsonaien solasaren inguruan antolatzen da guztia: burdindenda bateko saltzailea eta erosle gaztea. Eszenografia zinez da sinplea eta hastapenetatik bistakoak dira Samuel Becketten Godoten esperoan obrarekin dituen antzekotasunak. Irlandarraren Vladimir eta Estragonen antzera, Linazasororen erosle gazteak bere buruaz beste egin nahi du eta horretarako beharrezkoa zaion soka erostera sartzen da dendara. Sokaren inguruko elkarrizketa luzatu egiten da eta solas absurdo horretan krudelkeria eta bortizkeria bihurtzen dira nagusi. (...) Amaiera zinez da harrigarria: saltzaileak dendan gordeta daukan liburutegiaren ikusmenak kenduko baitio gazteari bere buruaz beste egiteko gogoa. Happy-end harrigarri honetan, literatura eta euskal kultura suertatzen dira depresiotik ateratzeko terapia egokien gisara. Hortik, liburuaren atzealdean datozen hitzek hartzen duten zentzu berria: "Lan hau, bistan da, bizirauteko idatzia dago, psikiatraren hitzak ekiditeko". Terapia literario zinez gomendagarria, 1997ko Toribio Altzaga Saria irabazi zuen Linazasororen lan honek azken urteotako euskal literatura dramatikoaren panoraman bere lekua baitu» (Olaziregi, M.J. "Euskal antzerki garaikideaz", Lapurdum VIII, (Revue d'études basques), 2003, 389-426).

Era berean, haur eta gazteentzat narratiba -Besterik gabe, Albina (Ibaizabal, 1991), Ipuin arriskutsuak (Erein, 1994), Altzeta (Alberdania, 1996), Gau, gau, gau (SM, 1997), Gret (Kutxa, 1998), Oihan ttiki baina txukun batean (Aizkorri, 1999), Bota gorria (Anaya-Haritza, 2000), Hugo (Aizkorri, 2000), Walter Sismoley Eliseoko zelaietan (Elkar, 2000), Entzungailua (Elkar, 2002), Franti (Giltza, 2003), Mendekuaren graziaz (Erein, 2004), Hogeitasei urte geroago (Erein, 2006)- zein poesia -Kartapazioko poemak (Ibaizabal, 1998), Juan Kruz Igerabiderekin batera egina, eta Hamabi titare (Aizkorri, 1999)- idatzia du Linazasorok.



Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: Diario Vasco