LIZARRALDE, Pello

(Zumarraga, 1956)

"Zumarragan jaio nintzen 1956an. Herritar gehienek utzi berriak zituzten sega eta aitzurrak. Gure aitak kamioi baten bolantea hartu zuen. Ordu asko eman ditut errepidean eta trenbideetan. Izan ditut ameskeria batzuk, baina sekula ez idazle profesionala izatekoa.

Zeruko Argian eta Argia euskal aldizkarietan eman zidaten idazteko eta ikasteko proportzioa eta Ustelan argitaratzekoa. Sei liburu kaleratu ditut (Sargori (1994), Un Ange passe –Isilaldietan– (1998) ipuin-liburuak, barne), eta ez dakit zer esan idatzi dudanaz. Okerrago biziko nintzateke idazteari utzi behar banio, baina oso zaila litzaidake irakurri gabe aurrera egitea.

Euskal idazle eta literaturzaleen artean oso jende adeitsua topatu dut, baina konplize gutxi daukat.

Idazle naizela entzuten dudanean garai batean baino gutxiago lotsatzen naiz. Idazten jarraitu nahi dut, eta ez daukat presarik".

Lizarralde, Pello, "Biografia", in Olaziregi, M.J. (bil.), An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno, 2004.




©Estibalitz Ezkerra



Hilargiaren hotzikarak (Ustela, 1978) poema bildumarekin eman zen ezagutzera Pello Lizarralde. Aipatu lana dugu gipuzkoarraren saio bakarra poesian, haren ostean narratiba landu baitu batik bat. Bere narratibaren gainean zera esana du: «Nire liburu guztien atzean irudi obsesiboak daude. Pare bat liburu bakoitzeko, ez gehiago. Benetan asaldatzen nauen irudi batek hartzen nauenean, pazientzia handia izaten dut eta urtetan edukitzen dut» (in Volgako batelariak, 2005eko apirilaren 6a).

Irakurle gisa, gehienbat XX. mendeko literatura interesatzen zaiola adierazi du Lizarraldek. «Aspaldiko klasikoenak ere irakurri ditut, baina, seguru aski, ez behar bezala. Europa Zentraleko, Italiako, Frantziako eta Estatu Batuetako idazle asko oso gogoko ditut. Hego Amerikatik iristen dena normalean ez zait interesatzen (berriez ari naiz). Literatura errealista irakurtzeko joera izan dut beti (errealista zer den argitzea da kontua). Idazle batzuen izenak kateatuta etortzen zaizkit. Lehenengo katea: Gogol, Txekhov, Martin Walser, Kafka, Hans Lebert, Thomas Bernhard, Peter Handke. Bigarrena: Sherwood Anderson, Faulkner, Nathanael West, Scott Fitzgerald, Hemingway, Jim Thompson, Patricia Highsmith, Raymond Carver, Bobbie Ann Mason, Cormac McCarthy. Katea bati lotu gabeak: Proust, Rilke, Char, Ponge, Camus, Joan Ferrater, Cortázar, Pavese, Natalia Ginzburg, Sciascia, Vittorini, Celati, Ignacio Aldecoa, Juan Benet, Luis Mateo Díez, Emmanuel Bove, Modiano, Ernaux, Krystof... Bizirik daudenen artean, puskaz gainera, gehien gustatzen eta interesatzen zaidan idazlea Cormac McCarthy da. Dena den, batzuetan zaila zait soilik literaturaz mintzatzea, arrakaletatik filmeak eta kantak ateratzen baitzaizkit».

1984an agerturiko E pericoloso sporgersi. Zuri beltzean (Lur) nobelak eman zion hasiera Lizarraldek prosalari gisa landutako ibilbideari. Kooperatiba batean lanean diharduen teknikari bat dugu obra horretako protagonista. Itxura batean gizon arras grisa dela ematen badu ere, kontakizunak aurrera joan ahala ohartuko gara hiltzaile bat daramala bere barruan. E pericoloso sporgersi. Zuri beltzean lanaren ondotik beste bi nobela argitaratu zituen Lizarraldek: Hatza mapa gainean (Pamiela, 1988) eta Larrepetit (Erein, 2002). Azken horrekin Euskadi Literatura saria jaso zuen, 2003an.

Amaiera bako ihes baten berri ematen digu Hatza mapa gainean-ek Istorioko protagonistak, Max eta Beatriz, Beltza izeneko pertsonaia bat dute haiei segika, eta ahalegin oro egingo dute hura gainetik kentzeko. Ihesa bat dago Larrepetit nobelaren oinarrian ere. Harkaitz Canok ondokoa idatzi du obra horren inguruan: «Gesualdo Bufalinok bi eratako idazleak bereizten zituen: esku ahurra ireki eta bertan erortzen den guztia pilatuz idazten dutenak batetik, eta esku ahurrari buelta eman eta eskura erortzen zaion guztiari irrist egiten utzi ondoren, esku gainean geratzen den apur hori beste guztia biltzeko gaitasun atzemangaitza duten maluta gutxi batzuk baino ez erabiliz idazten dutenak. Sedimentazioa da lehen idazle motaren lanerako moldea, orori irrist egiten utzi eta esentzia harrapatzen saiatzea, bigarrenarena. Raymond Carver edo Natalia Ginzburg bezala, Pello Lizarralde ere, bigarren multzoko idazlea delakoan nago. Denbora ematen dio liburu bakoitzari. Baita esaldi bakoitzari ere.

»Ez dira mardulak bere obrak, mardula izatea balore den garaiotan. Ez dago akzio handirik bere narrazioetan, akzioa bertute den garaiotan. Larrepetit da bere azken eleberria, eta hitz bat bera ere soberan ez duen liburu arraro horietakoa da. Ihes bat kontatzen du, informazio asko ezkutatuz, gutxirekin asko sujerituz. Irakurtzeko baino areago, irakurlearen begiak lerroetan barna irrista daitezen prestatuta dago esaldi bakoitza. Bitartekoen ekonomia aipatu ohi da sarri literaturan: hitz gutxirekin asko esatea. Kontua da, benetan zaila dena, aukeraketa horretan maluta esentzialak hautatu eta beste guztia baztertzea dela. Sarritan, bere liburuak irakurterrazak direla-eta harrotzen den idazle askok ez du hautaketa horretan asmatzen, maluta esentzialak baztertu eta axalkeriak soilik kontatzen dizkigu. Ez da hori Pello Lizarralderen kasua. Une bakoitzeko egoeraz jabetu gaitezen beharrezkoak diren mugimendu, begiraden norabide, usain eta argi tonuak emanak zaizkigu. Protagonisten arnasa sentitzen dugu: aire korronteak, egurrezko zoruaren zarata, ateen azpietako argi-lerroa, belarraren usaina. Guztia dago gure zentzu lokartuak atezuan mantentzen dituen estridentziarik gabeko mihise eder baten zerbitzura» (Cano, Harkaitz. "Larrepetit", El Correo, 2002-06-26).

Bestetik, bi narrazio bilduma argitaratuak ditu Lizarraldek: Sargori (Pamiela, 1994) eta Un ange passe –Isilaldietan– (Erein, 1998). Sargori lanean «giro sargoria sapa da irakurleak liburuan sumatuko duen ezaugarririk behinena, eta giro horren pean desarroilatzen dira kontakizunak. Irudi batetik sortuak dira: izan daiteke karretera ondoko taberna batean eserita zegoenean ikusitakotik. Izan ere, karreterak eta tabernak, liburuan sarri agertzen diren tokiak baitira. Irudi horien deskribapenak dira, gehienetan, kontakizunak. Salbuespen bi aipatuko nituzke. Badira bi kontakizun, desarroiloz eta izatez beste neurriak dituztenak, eta ipuintzat har daitezkeenak. Bata, "bazterretik" izenburua daramana, mendian agertu den urkatuarena kontatzen duena. Eta bestea, "azpian" izenburua daramana, haur batzuek elkar maite eta mendian aparteko tokian dagoen bikoetekiko krueldadea kontatzen duena, samurtasun handiz kontatu ere. Eta samurtasuna da kontakizun guztiei dariena, izerdia balitz bezala.

»Besteak, esan bezala, irudi zenbaitzuen deskribapenak dira. Pello Lizarraldek pertsonaiak ikusten edo imajinatzen ditu, haiengandiko zerbait egiten zaio deigarri. Izan daiteke ibiltzeko manera. Izan daiteke ikusten duelako haiengan zerbait gozoa, barnekoa, ahula, emea. Pertsonaiak ez baitira ohikoak; haurrak, emakumeak, gizonezko markatuak. Marjinatuak, alegia. Haiei segitzen die kamara batekin balihoa bezala. Mugimendua dute kontakizunek, haiek irakurriz aditzen ditugu pertsonaien ahotsak, usaintzen haiek usaintzen dituzten usainak, ikusten haiek begira ari direna. Zehatza da Pello Lizarralde. Horixe da haren meritorik handiena» (Juaristi, Felipe. "Samurtasuna", El Diario Vasco, 1994-09-03).

Un ange passe –Isilaldietan– bildumari dagokionez, «lau narrazio bildu ditu, eta lauek ezaugarri bera erakusten dute: ikusi egiten dena, entzun egiten dena, hau da zentzumenez jasotzen dena kontatzen da, interpretaziorik egin gabe; gertaerak azaltzen dira, baina gertaeren atzean dagoena jakinarazi gabe. Gauzak horrela, kontakizunek batzutan hotzak dirudite. Giro honetan, isilaldian gordetzen dena, esan edo ikusten ez dena misterio handia suertatzen zaio irakurleari eta, horrenbestean, edozein ekintzaren atzean (denik eta ekintzarik arruntena ere) zerbait bitxia dagoelako inpresioa uzten dio, zerbait bitxi eta misteriotsu hori zehazki zer den jakitera inoiz heltzen ez den arren. Pertsonaiak, bakardade neurrigabe batean galduta bezala, beti orainaldiaren kateez lotuta daude, ez baitute iraganik ez geroaldirik. Hauek isilaldien lainopean izkutaturik agertzen dira. Gero eta nabarmenagoa iruditzen zait Pello Lizarralde gure artean dagoen idazlerik onenetako bat dela, liburu hau lekuko» (Rojo, Javier. "Isiltasunen atzean", El Correo, 1998-11-18).

Iragaitzaz (Erein, 2008) izenburua du Lizarralderen azken nobelak. 2006ko urtarrilean egunkarietan azalduriko gertaera bat du ardatz lanak: kamioi gidari bat hilik aurkitu zuten restop batean, bere kamioiaren azpian. Bi egun zeramatzan gorpuak han, inor ez zelarik horretaz ohartu. «Lizarraldek berea duen estiloari helduz, Sargori ipuin bilduma zein Larrepetit nobela goraipatuetan bezala, ez dago hari narratibo edo trama literario korapilatsurik. Guztia doa iragaitzaz aurrera, "nora ezak gidatua dirudien norabidea harturik", eta Martinen ibilbidea unean uneko ezusteko itxura batera garrantzigabeek markatuko dute: beste kamioilariekin eginiko bidaia zatiek, autobus-gidari bilakaturiko lankide ohiarekin izaniko enkontruak, elurra dela-eta La Nava herritik ezin aterata gelditzeak, hildako kamioilariaren semeari hildako aitaren kamioiko gauzak itzultzen dizkionekoak, amarekin telefonoz izaten dituen elkarrizketa behartuek... eta, nola ez, etengabe esperoan dagoen telefono dei horrek» (Ayerbe, Mikel. "Joan-etorrian", Berria, 2008-06-08).

Bestetik, itzulpengintzan ere aritua da Lizarralde. Bereak dira Natalia Ginzburgen Hirira doan bidea (Igela) eta Arratseko ahotsak (Igela), zein Gianni Celatiren Denak hasperenka (Igela) nobelen euskarapena.


Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: bsarasola.wordpress.com

© Larrepetit: Erein

© Sargori: Pamiela

© Un ange passe: Erein