LOPEZ GASENI, Manu

(Bilbo, 1961)

Euskal Filologian lizentziatua eta Psikodidaktikan doktore, EHUko irakaslea da gaur egun, Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Sailean. Alde askotatik egon da literaturari lotua: literatura irakaslea, itzultzailea, idazlea, ikerlaria, argitaletxe-aholkularia...

Haur eta Gazte literatura landu du gehienbat, zenbait sor-lan, itzulpen eta saiakeraren bitartez. Sari batzuk ere irabazitakoa da horren ondorioz: Lizardi saria (Urrutiko intxaurrak), Bapore saria (Gogoa lege), Becerro de Bengoa saria (Literaturak umeei begiratu zienean).

Haur eta Gazte literatura bazterreko generoa izanda, esperimentaziorako eta literatura kanonikoekiko trukaketetarako arlo egokia dela uste du. Hortik ateratako ikaskizun asko, gainera, aplikagarriak dira bestelako literaturetan.

Bio-bibliografia:

Manu Lopez Gasenik ikerketa lan ugari eginak ditu Haur eta Gazte Literaturaren alorrean, eta jarduera horren emaitza genituzke ondoko argitalpenak: Euskarara itzulitako haur eta gazte literatura: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak (EHUko argitalpen zerbitzua, Bilbo, 2002), Panorama de la Literatura Infantil y Juvenil vasca actual (Galtzagorri Elkartea, Iruñea, 2004), 90eko hamarkadako haur eta gazte literatura (Pamiela, 2005), Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan (Utrisque Vasconiae, 2005) zein Literaturak umeei begiratu zienean (Pamiela, 2006). Bestetik, 2002an Historia de la literatura vasca liburua kaleratu zuen, Acento argitaletxearekin.

Literatur sormenari dagokionez, 1987an haurrei zuzenduriko estreinako lana argitaratu zuen Lopez Gasenik, Elkarrekin: Jokoz kanpo. Haren ostean etorri ziren Iñazioren kefir bereziak (Marian Morenorekin batera idatzirikoa eta Erramun Landak ilustratua; Pamiela, 1988), Andoni eta Maddalenen komediak (Pamiela, 1994) eta Semaforoko ipuinak (Aizkorri, 2004) liburuak. Andoni eta Maddalenen komediak obrak eskolaren inguruan giroturiko 33 antzezlan labur biltzen ditu, ikasturteko aste bakoitzean bat antzezteko prestatuak.

Gazteak gogoan, bost eleberri idatzi ditu Lopez Gasenik: Borroka arroka (Erein, 1991), gazteen koadrilen bizimoduari buruzko lan errealista, Jaun agurgarria (Pamiela, 1993), Urrutiko intxaurrak (Erein, 1996), Olioa urpean (Alberdania, 1998), eta Gogoa lege (SM, 2005). Jaur agurgarria laneko protagonista gaztea, Oskar, bolada txar pasatzen ari da bere gurasoak banatzeko bidean daudelako. Horren aurrean, mutikoak epaileari gutun luze bat idaztea erabakiko du, bere kezken berri izan dezan. «Ipuina ere baden eskutitz horretan Oskarrek bere bizitzaz, bere gurasoen egoeraz, haien arteko harremanez eta beren dibortzioak gaztetxoarengan duen eraginaz hitz egiten dio epaileari. Manu Lopez Gaseniren ipuin labur honek ederki islatzen du errealismo kritikoaren barruan familiaren arazoak lantzen dituzten literatura lanak...» (in Etxaniz Erle, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura, Pamiela, Iruñea, 2005).

Urrutiko intxaurrak eleberriak, berriz, Sergio tenislari gaztearen gorabeherak kontatzen dizkigu. «Baina Sergioren historia aitzakia bat da, aitzakia bat gure gizarteari buruz, gazte prodigioei buruz edo pertsonen erabilerari buruz hitz egiteko. Aitzakia bat da haur eta gazte prodigio horiei lapurtutako haurtzaroaz eta gaztaroaz mintzatzeko.

»Urrutiko intxaurrak-en, baina, ez da arazorik planteatzen, ezta gizartean ematen diren antzeko gertakarien irtenbidea proposatzen; Manu Lopez Gasenik idatzitako ipuinean historia bat kontatzen da, istorio entretenigarria, atsegina, irakurlearen interesa pizten duena, gainera. Bideratutako testuen errazkeria alde batera utzita, ipuin honetan gure gizartean hainbat neska-mutiko azkar, trebe eta apartekori gertatutako historia komentatzen da. Narratzaile bitxi baten bidez; bankuko bulegotik, distantziatik dena ikus eta azter dezakeen narratzaile hitz jariodunaren bidez» (in Etxaniz, Xabier. "Lapurtutako haurtzaroa", Euskaldunon Egunkaria, 1996-05-25).

Bien bitartean, zientzia fikzioaren alorrean kokatzen da Olioa urpean. Liburuak «gure gizartearen ikuspegi kritiko eta ironikoa erakusten digu, oso urruti ez dagokeen etorkizun baten ikuspegitik azalduriko kritika soziala. Kritika baino areago ironia ere badena kasu askotan lau ahots narratzaileren bidez agertzen da, eta bertan etorkizun hurbileko gizarte batean eman daitezkeen gertakariak eskaintzen zaizkigu. Ikuspegi materialista, zabor janaria eta antzeko ideien aurrean elkartasuna eta ekologia modukoak dauzkagu, beharturik elkarrekin bizi behar duten bi familiaren bizitzan» (in Etxaniz Erle, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. Op. Cit.).

Ikuspegi futurista batetik idatzita dago Gogoa lege ere, zeinarekin egileak Bapore saria jaso zuen 2005ean. Bertan azaltzen zaigu nola gainezka egindako planeta batek gizaki batzuk, jatorri xumeena dutenak, espazioko zenbait guneetara bidaliko dituen Lurrarentzat lan egin dezaten. Gizaki horien bizi-esperantza txikiagoa da, eta mediku bat horren arrazoia ikertzen arituko da. Ikerketek aurrera egin ahala konprobatuko du gizaki horietan badela gen bat zeinak Lurreko gizakien bizitza urteak luza ditzakeen.

Bestalde, Lopez Gasenik euskarara itzuli ditu Lewis Carroll-en Alice's Adventures in Wonderland (Alizeren abenturak herrialde miresgarrian, Pamiela, 1989), Through the Looking-Glass (Ispiluan barrena, Pamiela, 1990) eta The Nursery Alice (Alizia haurrentzat, Pamiela, 2004), Eric Wilson-en Murder on the Canadian ("Canadian Express"-eko hilketa, Baporea, SM, 1994), Dick King-Smith-en Tumbleweed (Sir Itzulipurdikari, Baporea, SM, 1995), Jesús Ballaz-en El último vuelo (Azken hegaldia, Aizkorri, 1998), Agustín Fernández Paz-en Cos pes no aire (Oin hegalariak, Anaya-Haritza, 2001) eta Noite de voraces sombras (Itzal suntsigarrien gaua, Pamiela, 2005). Gazteleratu, berriz, Juan Garziaren Itzalen itzal (Sombra de sombras, Alga, 2005) zein Patxi Zubizarretaren Atxiki sekretua (Guarda el secreto, Anaya-Haritza, 2006).

Idazleari buruzko informazio gehiago:




Argazkia: Zaldi Ero