MARKULETA, Gerardo

(Oñati, 1963)

Hispaniar eta Euskal Filologian lizentziaduna da. Zenbait urtez irakaskuntzan aritu ondoren, gaur egun itzulpengintzatik bizi da. Jon Iriberri ezizenpean kaleratu zituen Gerardo Markuletak estreinako poemategiak: Larrosak noizean behin (Erein, 1990) eta Sagarraren hausterrea (Erein, 1994). Iñaki Aldekoa irakasle eta literatur kritikariaren aburuz, Joseba Sarrionandia, Marijose Kerexeta -Ezezagun baten kuadernoa (1989)-, Rikardo Arregi Diaz de Heredia zein Espainiako 1950eko belaunaldiko poeten eraginpean osaturiko obrak dira biak. «Markuleta hizkuntza hurbila, kolokiala eta, aldi berean, landua darabil, helburua baita poemak helarazi nahi digun anbiguetateari, paradoxari bide egitea. Alabaina bere poesia -Jaime Silesen hitzak erabiltzearren- ez da mintzairaren menpeko, baizik eta mintzairaz baliatzen da. (...) Edukiaren eta formaren arteko orekaren bilaketa etengabea da bere obran. Bertsoen erritmoa eta sonoritatea, hitzak, aliterazioari zein errimari toki egiten dieten elementuak zaintzen dituen poeta baten aurrean gaude. Egitura poematikoa bertso libreari gailentzen zaio.
»Bere poesiaren tonua aitormen autobiografikotik gertu dago, kasik esperientziaren poesiarekin bat egiteraino. Bi edo gehiago izan daitezkeen ahotsak norberari dagozkion baina irakurle arruntak bere egin ditzakeen gaien inguruan mintzo dira poemetan: anekdota kategoria unibertsalera jasoa» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

Bere jatorrizko izenarekin sinatu zuen lehen lanean, Hauta-lanerako poemategia (Erein, 2000), berriz, hiru faktoreren -hizkuntza, herria, maitasuna- araberako mina deskribatzea izan zuen xede. «Liburua ez da, ordea, egilearen pairamenen zerrenda hutsa. Italo Calvinoren haritik, bizi dugun infernuaren oinazerik ez sufritzeko errezeta batzuk ere badakartza. Funtsean, bila aritzea, eta jakitea nor eta zer, infernuaren erdian, ez den infernu; eta hura iraunaraztea, eta hari lekua ematea. Mina ere ziztatzaile izaten ahal baita, akuilu.
»Xedea hura izanik, poetika propio baten bila abiatu zaigu Markuleta, bere ahotsaren bila. Eta horretarako ez du bertze poeten oihartzun -erantzun- izan bertze biderik. Kanpoko batzuk -Gil de Biedma, Garcilaso, Espriu-, bertze batzuk hemengo -Atxaga, Sarrionandia, Izagirre, Aresti-, eta hango ez hemengo -Juaristi (Jon)-. Oihartzun izatean ageri da noski berezkoen Markuleta. Bertzeek erabili edo iradokitako metaforak bere aldera ekarri eta itzulipurdikatzen ditu, bere ironiaren galbahe bihurritik iraganarazita, jantziz eta edukiz berriturik aurkezteko irakurleari» (in Epaltza, Aingeru. "Zer den infernu", Nabarra, 2001-04).

Batak ez du bestea kentzen (Alberdania, 2003) poemategia Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eskaintzen duen Joseba Jaka bekari esker osatu zuen poetak. Felipe Juaristiren arabera, «Gerardo Markuletak ihes egin nahi du liburu honetan sentimentaltasunetik, edo sentimentalkeriatik, berdin da, eta lortzen du, liburua, hasieratik bukaeraraino, ongi neurtuta baitago, hitzen arrastoa zehaztuta eta bideratuta, ez daitezen beraiek gal eta galbidean jar idazlea. Baina ez da sentimendua desagertzen, ez ezkutatzen ere, hor dago, hitzen artean, bere burua noiz erakutsiko, bizitzari noiz helduko.
»Bada, bestalde, poemotan, oso estimagarria den bertutea, neurria. (...) Neurria, bai irudian (esango nuke liburu honetan metafora asko ez dagoela, behar dituenak soilik), bai hitzetan (hitz-jokoak dituen arren, ez dago gehiegikeriarik horretan), bai esanahietan (harrigarria egiten dira poema batzuk duten sinpletasunagatik; gertuago aforismoaren edo erran zaharraren itxuratik), poemetan (guztira hirurogeita hamasei, hiru ataletan banaturik).
»Hitzak eta ez-hitzak neurrikoak dira liburuan. Isiluneak ere bai. Ez dago hitz edergarririk, guardasol laranja kolorekoak bailiran; alderantziz, hitzak ere xumeak dira, baina adierazgarriak. Batak ez du bestea kentzen, adierazpideak infinituak baitira, esateko moduak ere bai, hitzak berdin, irudimena izanez gero, edo lan egiteko grina, poetarena egunero berritzen den ofizioa baita. Geldi egonik alferrik galtzen da» (in Juaristi, Felipe. "Neurria", El Diario Vasco, 2004-04-02).

2006an Ezjakintasunak lana argitaratu zuen Alberdaniarekin. «Formaz poemak sobran lukeen guztia ezabatzera jo du Markuletak, poema minimoak egitera, eta haiku edo epigrama formako poemetara hurbildu da atal zenbaitetan. Edukiz ere, bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz aritzeko tonu apalak hobetsi ditu: keinuak, uneak bildu poemara, hitz-jokoak, umorea, ironia fina lagun hartuta. Surrealismoaren irudi-pilaketarekin irakurlea txunditzeko asmotik urruntzen da Markuleta; baita metafora, sinbolo eta irudi jasoekin goi-arnasadun poesia lirikoagoa egiteko intentziotik ere, eta biluzik -hainbatetan bertso-era neurtuaren jantziak babestuta- ematen ditu hitzak» (in Egaña, Ibon. "Poema minimoak", Berria, 2006-12-03).

Bestetik, narrazio bilduma bat argitaratua du Markuletak, Ipuin euskaldunak (Erein, 1999), Iban Zalduarekin batera idatzirikoa hura, baita haurrei zuzenduriko liburu bat ere: Asier eta egia gurutzatuen liburua (Erein, 1995). Azken horrengatik Lizardi saria jaso zuen egileak.

Itzulpengintzari dagokionez, Markuletak euskaratutako obren artean ditugu Angela Sommer-Bodenburg-en Banpiro txikia arriskuan da (Desclee de Brouwer, 1992), Julio Cortazar-en Oktaedroa (Ibaizabal, 1992) zein Hegoaldeko autopista (Erein, 1994), Sid Fleischman-en Hemen da berriz Mc Broom (Desclee de Brouwer, 1993), Mario Benedetti-ren Historio hiperlaburrak (Erein, 1995), Poesia katalanaren antologia (Ibaizabal, 1997), Jaume Cela-ren Isiltasuna bihotzean (Elkar, 1999), Asun Balzolaren Txoriburu (Erein, 1999) eta Eduardo Galeanoren Hitz ibiltariak (Txalaparta, 2000). Gazteleratu dituen obren artean, berriz, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Cartografía (Bassarai, 2000) dago.


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:

© Gerardo Markuletaren argazkia: idazleak.org

© Hauta-lanerako poemategia: Erein

© Batak ez du bestea kentzen: Alberdania

© Ezjakintasunak: Alberdania