MEABE, Miren Agur

(Lekeitio, 1962)

Nire poemez hitz egitea neure buruaz hitz egitea da. Eta baliteke neure buruaz hitz egitea irakurleaz hitz egitea ere izatea.

Poesia, nire ustez, sare moduko bat da, poematik harago joanik, gugan eragina duten errealitateak harrapatzen dituena. Poetak bizitzari so egiten dio (naturari eta gizarteari, gertaerei eta pertsonaiei, eremu logikoei eta txoko magikoei) eta gero, barneratze-ariketa eginez, bere baitan bilatzen ditu "bizitzako gauza" horien ehun mehearen berri ematen duten berbak.

Halaxe, gauzei begiratzeko moduan sentimenduaren balioa aldarrikatzen dut. Aldatu, poesiak ez baitu posible ezer aldatzea: ez historia, ez oraina, ez gizateria.

Nik neuk barruko apalak ordenatzeko, oroitzapenak eguneratzeko, izuak arrazionalizatzeko, bizitza paralelo baten aztarnak barrundatzeko... nor naizen nik neuk ez ahazteko idazten dut. Neurri horretan, poesia irtenbide bat da, egarria eta panikoa baketu beharrak eragindakoa. Egarria asetzeko eta panikoari izkin egin behar horretan, egunerokoari oratzen diot.

Beste berba batzuetan: erradiografia kaleidoskopikoak egiten ditut. Horregatik, bat datoz ni egilea eta ni poetikoa. Eta oinarrizkoa gertatzen zait onirismoaren bidez berreskuratutako memoriaren dimentsio erotikoa, poemaren zerbitzura ipinita.

Emaitza orokor modura, konforme nengoke mezua ematean gardentasunaren, erosotasunaren eta dotoreziaren arteko oreka lortuko banu.

Horregatik, ez dut perfekzioa bilatzen, edertasuna baizik; ez dut egia bilatzen, benetakotasuna baizik; ez dut transzendentzia bilatzen, intentsitatea baizik.

------------------------------------

(© Estibalitz Ezkerra)

Miren Agur Meabe Lekeition jaio zen, 1962an. Irakasle Eskolan ikasi zuen Giza Zientzietan espezializatuz, eta Euskal Filologia egin zuen ondoren. Zenbait urtez, Bilboko ikastola batean aritu zen irakasle, baina 1990 urteaz geroztik argitalpen zuzendaritzan eta kudeaketan lan egiten du Giltza-Edebé argitaletxean. 1986an Uneka... Gaba (Labayru) ipuin bilduma argitaratu zuen, eta handik lau urtera Lasarte-Oria udaleko saria jaso zuen Oi, hondarrezko emakaitz! poemategiarekin (Idatz & Mintz aldizkariak argitaratu zuen, 1999an). 1997an Imajina ezazu Euskadi saria eman zioten Ohar orokorrak poesia liburuagatik. Bi lan horietako zenbait poema berreskuratu zituen Meabek bere lanik esanguratsuena osatzeko: Azalaren kodea (Susa, 2000) poemategia.

Iratxe Gutierrez kritikariak azaltzen duenez, Azalaren kodea laneko poesiaren protagonista «lehenengo pertsonan mintzo den emakumezko ?nia? dugu». «Protagonista hau hizkuntzaren morrontzatik askatu nahian dabil. Baiki, morrontza honek besteekin izandako harremanak zeharo baldintzatzen baititu, komunikazioaren ezintasunera eramanez. Are gehiago, hizkuntzarekiko morrontzak oroimenera garamatza, oroitzapenen zartadak ezin sahiestuz. Horregatik, beharrezkoa dakusa menpekotasun horretatik askatuko gaituen beste zeinu sistema baten beharra, beste komunikazio sistema baten beharra: azalaren aldeko aukera egingo du. Eta sentimendu eta kezken kanporatze horretan norberaren larrutzea baino, barrukoa kanporatzeko azalaren gardentasunaren, naturaltasunaren alde egingo du: gorputza kode berriz larruztatzeko beharraz jardungo du» (in Gutierrez, Iratxe. Idatz & Mintz, 2001eko azaroa). Iñaki Aldekoaren iritziz, «André Bretonen lanetan bezala, besarkada poetikoa haragikeriaren besarkadaren modukoa da, eta iraun bitartean munduko miserian ez erortzen ahalbidetzen du. Poesia ezagutza eta ezezagutza da aldi berean, gorputzen, haiengan diren misterioen esplorazioa: beren sekretua eskuratzeko ahalegin desesperatua» (in Aldekoa, Iñaki. Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia, 2004).

Egilearen beraren arabera, «liburuan zehar, adieraztea nahitaezkoa dela azpimarratzen da etengabe, baina... komunikazio absolutua ez da posible. Berbek, gehienetan, ez digute laguntzen libreago izaten —akaso bai, hala garela sentitzen—, eta hondatu egiten dute konpondu baino gehiago. (...) Zer geratzen zaigu bestearekin bat egiteko, berbak ezgauza direnean, urri edo lar direnean, distiratsuegi edo zarpailduegi daudenean? Geu, huts-hutsik: azal hutsa, tresna mugatua. Eta azala esatea gorputza esatea da, eta gorputza esatea izatea esatea da» (in Askoren artean. Poetikak & Poemak, Erein, Donostia, 2005).

Izateaz ari garelarik, Azalaren kodea lan arras pertsonala dela esan behar dugu, edo Meaberen beraren hitzak erabiltzearren, egilearen «erradiografia kaleidoskopikoa» eskaintzen dio irakurleari. Aipatu kontzeptua ondoko terminoetan azaltzen du poetak: «Erradiografia, nire barru-mundua bistan uzten baitu. Kaleidoskopikoa, neure izaeraren pieza txikiak direlako ikusgai, atal mugikorrak, behin-behineko egoera atseginean eraturiko osotasun aldagarria. Nire esperientziak dira gora eta behera dabiltzanak kaleidoskopioaren begian. Esperientziak esatean, ez dihardut frogagarriak diren egitate objektiboez soilik. Oroitzapen bat, gogoeta existentzial bat, fantasia bat, begirada jakin batek uzten digun sentsazio fisikoa... horiek ere esperientziak dira, maila errealean gauzatu ala ez» (Askoren artean, op. cit., 56 orr.)

Esperientzia horien barruan kokatu beharko genituzke iraganak orainean utzitako aztarnak ez ezik ametsak, zeinetan erotismoak toki handia betetzen duen. Meaberen ustez, «bere gorputzaren erotismoa azaltzen duen ahots horrek izugarri gozatzen du onirismoaren bidez berreskuratutako memoriaren dimentsio erotikoarekin, poemaren zerbitzura ipinita» (Askoren artean, op. cit., 57 orr.). Emakumearen desio sexualen azalaratze horretan, Hélène Cixous-en postulatuekin nolabaiteko lotura antzematen du Gutierrezek, Le rise de la Méduse lanaren egileak inkontzientearen eta libidoaren ildotik abiaturiko idazketa proposatzen baitzuen.

Azalaren kodea poemategiagatik Kritika saria jaso zuen Meabek, 2001ean.

2002an Haur eta Gazte literaturako Euskadi saria eraman zuen Lekeitiokoak Itsaslabarreko etxea (Aizkorri, 2001) lanarekin. Argitalpen horren ostean etorri dira, beti ere haur eta gazte literaturaren arloan, ondoko liburuak: Bisita (Gara, 2001), Joanes eta Bioletaren bihotza (Elkar, 2002), Etxe bitan bizi naiz (Elkar, 2003), Nola zuzendu andereño gaizto bat (Giltza, 2003), Amal (Gara, 2003).

Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Argazkia: Zaldi Ero