MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier

(Beasain, 1964)

Euskal Filologian eta Filologia Hispanikoan lizentziaduna da. 1980eko hamarkada amaieratik editore lana egiten du Elkar argitaletxean.

Hainbat sariketa irabazi ostean, 1985ean argitaratu zuen Xabier Mendigurenek lehen ipuin-bilduma: Sei ipuin amodiozko (Susa, 1985; 16 ipuin amodiozko edizio berritua, Susa, 2002). Ordutik hona, Hamalau (Elkar, 1992), Opor ezberdinak (Elkar, 1995), Ene dama maite horri (Elkar, 1996) eta Errautsen distira (Elkar, 2002) -Gerra Zibilaren inguruan moldaturiko lau ipuin luzek osatua-, Bihotz gosetien kluba (Elkar, 2005) -maitasuna bilatzen duten pertsonaia bakartiei buruzko bost narrazio jasotzen ditu-, eta Arima enkoniatuak (Elkar, 2006) ipuin-bildumak kaleratu ditu.

Bekatuaren itzala (Elkar, 1995) dugu Mendigurenek idatziriko lehen nobela. Harekin Txomin Agirre Saria irabazi zuen, 1994an. Eleberriaren protagonista apaiz bat da. Herri txiki bateko erretoretzaren ardura hartu berria du, eta handik lanbide bereko lagun bati idazten dizkion gutunen inguruan ardazten da kontakizuna. Gutun horien bitartez jakingo dugu nola apaizaren bizimodu aspergarria iraultzera datozen bere mandatupean den serora eta, batez ere, haren alaba gaztea. Haragikeriaren tentaldia menderatzeko borroka geroz eta biziagoa izango da apaizaren baitan, nobelak aurrera egin ahala.

Berriro igo nauzu (Elkar, 1997) eleberriak, berriz, Espainiako espetxe batean hamazortzi urte igaro ostean, Goierrira, gurasoen etxera itzultzen den ETA kide ohi bat du protagonista. «Protagonistak, Joxe Garmendia Marmitte-k bi igoera egiten ditu hiru egunetan, eleberri hasieran bata, bukaeran bestea, itzulera horretan: lehenengoan, protagonista bere baserrira igotzen da, eta bigarren igoeran, amaieran, Txindokira. Bi igoerak dira dramatikoak eta zailak, gurutze-bidea oroitarazten digutenak. Hizkuntza zuzen eta laua, elkarrizketa biziak, edo bigarren pertsona narratiboaren erabilera genituzke eleberriaren baliabide estilistikoak. Euskal gizartearen irudi eta erretratu izan daitekeen honetan, gatazka politikoa, baserriko bizimoduaren gainbehera, herri txikietako bizimodua... azaleratuz doaz, eta jarrera politiko desberdinen arteko amildegia begitantzen» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru-Zornotzako Udala, Bilbo, 2002).

Gure barrioa 1975 (Elkar, 1998) 1975eko udan girotua dago, herri industrial bateko auzunean. Bertan jazotakoen berri ematen du liburuak, 11 urteko mutiko baten ikuspegitik. «Hiru atal nagusi ditu liburuak. Lehenengoan, haurren ingurunea, auzunea eta jolasak aurkezten dizkigu. Bigarrenean, neskekiko harremanak dira kontagai, eta, hirugarrenean, orduko egoera politikoak (ETAren ingurukoak, Francoren heriotza, Gernikako arbola...) haurrengan duen eragina. Oroitzapenak eta fikzioa uztartuz, estilo xume eta samurra konbinatuz, "haurtzaroa denon aberria da" (ikus Baudelaire) baieztapena eleberri batean gauzatzen ahalegindu da Mendiguren» (Olaziregi, M. J. Op. Cit.).

Nerabearen biluzia (Elkar, 1999) lanarekin autobiografiari heldu zion Mendigurenek, eta genero beraren eskutik osatu zituen geroko Errekarteko koadernoa (Elkar, 2001), Uda betiko balitz (Elkar, 2003), zein Arbelaren gainean (Elkar, 2004). Errekarteko koadernoa-n aitonaren irudia berreskuratu ez ezik haren munduak azken hogeita hamar urteetan zer-nolako aldaketak gertatu diren azaltzen ditu Mendigurenek. Desagertu den bizimodu baten kronika sentimentala egiten du idazleak, erreferentzia pertsonalak oinarritzat hartuta. Uda betiko balitz (Elkar, 2003) obran, berriz, bere gaztetako esperientziatik hartzen ditu liburua harilkatzeko osagaiak; nahiz eta emaitzak ukitu autobiografikoak dituen fikziozko eleberria izan. Arbelaren gainean-en (Elkar, 2004) kasuan, egileak amaren familiaren herria (Itsasondo) hartzen du oroitzapenen ardaztzat.

Antzerkigintzan ere aritua da Mendiguren. Horren adibide dira Publikoari gorroto (Euskaltzaindia, 1987), Kanpotarrak maisu. Kultur ministrariak ez digu errukirik (Susa, 1987), Pernando, bizirik hago oraindino (Euskaltzaindia, 1989), Ankerki (Elkar, 1993), Garai(a) da Euskadi (Kutxa Fundazioa, 1993), Hilerri txikia (Euskaltzaindia, 1995), Telesforo ez da Bogart (Kutxa Fundazioa, 2003) eta Heroien gaua (Artezblai, 2004) antzezlanak.

Bestetik, haur eta gazteei zuzenduriko hogei liburutik gora idatzi ditu gipuzkoarrak, haien artean daude Estitxuk pirata izan nahi du (Elkar, 1987), Tangoak ez du amaierarik (Elkar, 1988) eta Harrika (Elkar, 1990). Azken horretan «langabeziaren gaia aztertzen da gazteen ikuspuntutik. Euskalduna lantegiko langileen egoeran oinarriturik, gazte batek bere aita nola gelditzen den langabezian, horren aurrean langileek daramaten borroka... ikusiko du eta berak ere parte hartu nahi izango du horren kontra. Manifestazioak eta poliziarekin enfrentamenduak agertzen diren bezala, eskolan lantegia ixteaz sorrarazten diren eztabaidak, ikasleen arteko giroa, langabeziaren gaia eta beste mila kontu agertzen dira Harrika nobelan» (in Etxaniz Erle, Xabier. Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia, Pamiela, Iruñea, 1997). Bien bitartean, irakaskuntza du egileak jomugan Irakasle alu bat (Elkar, 1995) liburuan, sexua Obsexuen kluba-n (Elkar, 1997), barnetegiak Kanibalen kaiolan-en (Elkar, 1998), eta Euskal Herrian den gatazka politikoa eta indarkeria Txakurraren alaba-n (Elkar, 2000).

2005ean Egunen harian (Elea) argitaratu zuen, non 2004 eta 2005 urte bitartean bere blog-ean idatzirikoak jaso zituen.

Idazleari buruzko informazio gehiago Interneten:

© Argazkia: Zaldi Ero