MINTEGI, Laura

(Lizarra, 1955)

"Zertarako idatzi? Zergatik idatzi? Betiereko galdera, erantzun zailekoa.

Bizitzeko, jakinmina asetzeko, ezinegona uxatzeko, mundua ulertzeko, galderak sortu eta erantzunen bat eskuratu ahal izateko. Gizonezko batzuei entzun diet esaten maitatuak izateko idazten dutela. Ez dut uste emakume idazle bakar baten kasua denik.

Idatzi ditudan liburu guztiek irakatsi didate zerbait.

Ilusionaren ordaina ipuin bildumak irakatsi zidan mundu berriak sor nitzakeela eta nirea ez den bizitza bizi nezakeela, irudimenaren indar hutsarekin.

Bai... baina ez nobelak irakatsi zidan intzestoa ez dela halabeharrez trajikoa ezta dramatikoa ere. Uste baino modu naturalagoan bizi daiteke, ingurunea nolakoa den.

Legez kanpo nobelarekin ikasi nuen ez nintzela gai torturatzailearen larruan sartzeko. Ikasi nuen, bestalde, genero nobela egitea (polizi nobela kasu honetan) erakargarria suerta daitekeela, baina, gutxi emanez gero, gutxi jasotzen da trukean.

Nerea eta biok nobela mintzatu zen gustuko dudan gaiaz, ausentziaren presentziaz. Ausente egonik zein presente daude falta direnak!

Sisifo maite minez nobela da azalezina azaltzeko ahalegin ausarta. Maite mintzea zoratze mota modukoa da.

Ecce homo nobelak ere gai zailari ekiten dio. Zer den maskulinitatea, zer den politika, nolakoa den jarduera politikoa jokamolde maskulinoarekin edo femininoarekin arituz gero. Politikak iraultzeko asmoa baldin badu, emetasunaren indar iraultzailea du ezinbesteko."


© Estibalitz Ezkerra

Laura Mintegi Lizarran jaio zen eta 1973tik Algortan bizi da. Euskara Bilbon ikasi zuen 17 urte zituela. Historian lizentziaduna (1978) eta Psikologian doktorea (1999). Bere doktorego-tesiaren fruitu da Subjektibitatea nobelagintzan: Stephen Crane-ren "The Red Badge of Courage" saiakera (Euskal Herriko Unibertsitatea, 1999). 1981etik aurrera Euskal Herriko Unibertsitatean dihardu, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasle. 2004tik euskal PEN Clubaren lehendakari da. Hainbat aldizkari, egunkari eta irratitan kolaboratu izan du, eta hitzaldi, mahai-inguru eta kongresu ugaritan hartu du parte. Literatur sariei dagokienez, esan dezagun, 1983an Donostia Hiria irabazi zuela "Satorzuloa" ipuinarekin eta Santurtziko Ipuin Lehiaketan ere finalista izan zela "Paris edo" ipuinarekin. Lehenago, 1982an, Kirikino Sarian finalista izandakoa zen "Ez dadila belu izan" ipuinarekin. Hiru ipuinok bere lehenengo narrazio-liburuan eman zituen argitara: Ilusioaren ordaina (1983). Honetaz gain, bost eleberri plazaratu ditu Mintegik: 1985ean Azkue Eleberri Saria irabazi zuen Bai... baina ez (1986), Legez Kanpo (1991), Nerea eta biok (1994), Sisifo maite minez (2001) eta Ecce Homo (2006). Bere ibilbide literariogatik, 2000. urtean COPE Literatur Saria eman zioten.

Esan daiteke emozioek zeharkatzen dutela idazle honen obra alderik alde eta amodioak, desamodioak, desirak, ametsek, etsipenek, konpromiso politikoak... presentzia erabatekoa dutela bere lanetan.

Ilusioaren ordaina 1983an eman zen argitara, eta fantasia ukituaz bizitzaren paradoxak kontatzen zaizkigu bertan. Erdialdeko Europako (Kafka bereziki) egileen eragina nabarmena da testuan. Saritutako ipuinez gain, "Ekaitzaren ilunaz" da nabarmentzekoa, urte haietako uholde bortitzen inguruko istorioa kontatzen duen ipuina. Bai... baina ez (1986) eleberrian, gizarte-arauen mugak gainditzen dituen amodiozko istorio bat kontatzen zaigu. Hirian kokatutako istorioa dugu, bakardadeaz, amodioaz, sexua bizitzeko moduez... mintzo zaiguna. Idazkera xumea darabil Mintegik; gehiegikeriatik ihes egiten du, eta, ororen gainetik, eleberriaren unibertso osoa iragazten du narratzailearen begiradak. Margoei (Degas-en koadroei) edo Women in love filmari egindako erreferentziak nabarmenduko genituzke. D.H. Lawrenceren Women in Love (1920) eleberri ezagunean oinarritutako filmean fijazio edipikoa bazen kontagai, aita-alaba arteko Elektra konplexua du abiapuntu Mintegiren Bai... baina ez nobelak. Finean horixe baita eleberri hau: gizarte arauetatik at bizi nahi duten pertsonaia bakartien oihua.

Eusko Jaurlaritzaren 1989ko Jon Mirande Eleberri Lehiaketan akzesita lortu zuen Legez Kanpo (1991) eleberriak. Egileak elkarrizketa batean esan bezala, «ideiek busti, lehortu, zikindu edo kontagiatu egiten dute artelana», eta hortik eleberrian kontatzen den gaiaren izugarritasuna: torturarena. Bi planotan dago antolatuta eleberria. Plano nagusian, Alfredok hartzaile ezezagun bati lau urte lehenago gertatutakoak adierazten dizkio, txikitako Ignacio bere lagunarekin topo egitean. Ignacio abokatu famatua da eta tortura salaketapean dauden guardia zibil batzuen defentsa egiten ari da. Bigarren planoan, Ignaciok igorritako polizia nobela transkribatzen da, zeinean ama batek hilketa basatiak egiten dituen, bere semearekin hitz egiten duen emakume oro akabatuz. Planoek aurrera egin ahala, eleberriaren oinarrian dagoen galdera begitatzen zaigu irakurleoi: legez kanpo ote justizia?

Nerea eta biok (1994) bere eleberririk autobiografikoenatzat jo zuen Mintegik. Eleberriko bi protagonistak emakumezkoak dira: Isabel, 42 urteko unibertsitate-irakaslea, eta Nerea, Parisko kartzela batean preso dagoen ekintzailea. Nerea Isabelen ikasle dela-eta, elkarren arteko gutun harremanari ematen diote hasiera, eta harremanak iraungo dituen lau urteetan astindu izugarria hartuko du Isabelen bizitzak. Amatasuna, abandonatu zuen senarrarekiko sentimenduak, konpromisoa, emakumezkoen arteko harremanak... hori guztia du hizpide, estilo zuzen, argi eta intimistan. Emozioen zurrunbilo honetan, Isabelena da, ezbairik gabe, ahots nagusia eta Nerea aitzakia huts da askotan. «Bizitzea konprometitzea da», emakumeen arteko maitasuna (June eta Mansfield, Woolf eta bere maitalea, Sartre eta Beauvoirren hiruko amodia, Colette... aipatzen dira), konpromisoak hartzeko gizonezkoek duten ezintasuna, emakumezkoen zapalkuntza, maitasunik gabeko sexua, ekintza politikoak neurtzeko irizpideak... horra Mintegiren eleberriak jorratzen dituen gaiak. Horixe baita, ekintza gutxiko eleberri honetan egiten dena: hausnartu, gogoetak ahozgora esan, protagonistaren nia hustu.

Sisifo maite minez (2001) eleberrian amodioaz, desiraz, maiteminaz... hitz egiten digu, berriro ere, Mintegik. Maitemintzeak muturreko egoeretara eraman gaitzakeela iradoki nahi izan digu egileak. Bere amoranteari jarraituz, senarra eta seme-alabak Euskal Herrian uzten dituen emakumezkoaren istorioa kontatzen zaigu nobelan, emakume horren itzulera unetik hasita. Esan daiteke, maitemintzearen prozesuaren disekzioa egiten ahalegintzen dela narratzailea baita iradoki ere jokabide oro ez dela ulergarria. Eta dena esaten da eleberri honetan, dena aztertzen, jarduera psikoanalitiko nobelatua bailitzan. Eta guztiaren oinarrian, mendi gailurrera harritzarra igotzera kondenatu zuten Sisifo gizajoa, A. Camusek esan bezala (ik. Sisiforen mitoa, 1942), lehenengo heroi absurdoa. Sisiforen antzera, maitasunari itsatsita gaude gizakiok, amildegira garamatzan desira itzuri ezinari lotuta. Hala ere, saioak pena merezi duela iradoki digu Mintegik, eta horretarako, psikoanalisiaren, idazleen (Proust, Pavese...) eta Mendebaldeko filosofoen ekarri ezagunak uztartuz (ik. Sokrates, Platon, Aristotele, Spinoza...), maitasunari buruzko eleberria eskaini digu.

Ecce homo (2006, Txalaparta) da, mementuz, egilearen azken nobela, maskulinitatea eta politika ardatz dituena.


Idazleari buruzko informazio gehiago:

© Argazkia: Mikel Soto.

© Ecce Homo: Txalaparta.