MONTOIA, Xabier

(Gasteiz, 1955)




© Estibalitz Ezkerra




Montoiaren ibilbide artistikoan, literatura eta musikak bat egiten dute. Hertzainak taldearen sorreran parte hartu ondoren, M-ak taldeko kide izan zen urtetan, bakarka kantatzen hasi zen arte. Susa argitaletxearen inguruan kaleratu du bere obra: hiru poema liburu (Anfetamiña, 1983; Likantropo, 1985; Narraztien mintzoa; 1988); Plastikozko loreak erregearentzat (1998) kronika-liburua; Non dago Stalin? (1991), Hezur gabeko hilak (1999), Blackout (2004) eta Elektrika (2004) eleberriak, eta bi ipuin liburu: Emakume biboteduna (1992) eta Gasteizko hondartzak (1997). Elkar argitaletxearekin atera zituen Baina bihotzak dio (2002) eta zein Euskal hiria sutan (2006) narrazio bildumak, eta Denboraren izerdia (2003) nobela. Bestalde, 2006an argitaraturiko Bingo (Pamiela) bilduman bere ibilbide poetikoa jaso zuen.

1998an Zabalkunde Saria eman zion Montoiari Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Gasteizko hondartzak liburuarengatik, eta Euskadi Literatura saria 2007an Euskal Hiria sutan lanagatik.

Anfetamiña (Susa, 1983) poemategiarekin eman zen, egile gisa, ezagutzera Montoia. Ordutik, beste bi poema bilduma argitaratu ditu: Likantropo (Susa, 1985) eta Narraztien mintzoa (Susa, 1988). «Etiopia-k planteatu zuen haustura moldeak izan zuen, zalantzarik gabe, jarraitzailerik. Horren adibide da Montoia, zeinak bere lehen poemategiko izenburua, Anfetamiña, Atxagaren liburuko bertso batzuei zor dien. Hain zuzen, haren lanaz ustiatu zen bere izaerarekin bat zetorren espiritu errebelde eta birrintzailea lortzeko. Rocka inguratzen duen bazterreko munduarekin bat eginda dagoen Montoiak ariketa literariorako aproposak diren hitz nobleen eta hitz subalterno edo ez nobleen arteko bereizketa tradizional diskriminatzaileari ihes egiten dio. Estetizismorako joera ororekin apurtu egiten du, eta Louis Aragonen estilo surrealistan edo Boris Vianen modu birrintzailean hartaz arbuiatu egiten duten likantropoak soilik interesatzen zaizkio mundu literariotik. Ez da kasualitatea bere bigarren liburuaren izenburua Likantropo (1985) izatea. Bere azken poemategia, Narraztien mintzoa (1988), egilea lanbidean trebatu dela erakusten du, sarkasmoari, umore beltzari zein bere obraren ezaugarri den itxaropen ez mingotsari uko egin gabe» (Aldekoa, Iñaki. "La poesía vasca de los años 80 y 90". Historia de la Literatura Vasca, Erein, Donostia, 2004, 231).

Koldo Izagirreren aburuz, «Xabier Montoiaren poemak itxuraz diruditena baino hornituagoak daude azpi-aipuz eta poesiarekiko ez ezik gure etxeko eta mundu zabaleko erreferentzia literarioez, baina hori ez da kultismoari emaniko amorea, irakurle informatuaren patxada ?edo irriño petrala? inarrosteko baliagarria zaion neurrian baino ez du erabiltzen jolas literarioa. Horixe da Montoiaren poesia berezi egiten duen zantzuetako bat: probokaziozko jarrera, zenbaitetan desatsegina zaigun eta beti ere poxelu egiten digun tonuz gora edo beheragoko agertze bat. Bere inkonformismoa, izan ere, berdin jazartzen zaio etika kristauari zein zintzotasun komunistari, azken finean ortodoxia modu desberdinei egiten die eraso, kontziente eta zuhurki. Poetak katarsis politiko-moral bat egiten du gehiegikeriaren bitartez.

»(...) Poeta beti izan da gauaren biztanle, izarrei beha egin izan du hasperen, edo ilunpean babestu ohi da itzalek ikara ez dezaten. Xabier Montoia bestelako poeta da ordea, gaueko piztia den neurrian. Aurkintza urbano desolatuak erakusten dizkigu, eta bakardadean kokatzen du bere burua. Maitasuna baino gorrotoa du balore, eta gorputzarekin batera transfiguratzen zaio espiritua, amoral bihurtzen da, indibidualtasuna aldarrikatzen du. Baina paradoxa bada ere, otsoen anaia egiten da. Pudore handi bat dago Xabier Montoiaren poesiaren funtsean, gainez egin ez diezaion gorde egiten duen lurreko kondenatuekiko elkartasun handi bat. Arauak eder deklaratu duen ororen gorrotoa delako berea» (Izagirre, Koldo. "Sarrera", XX. mendeko poesia kaierak, Susa, 2002).

1997an ikusi zuen argia Montoiaren estreinako narrazio lanak, Non dago Stalin? nobela. Haren ostean etorri zen Hilen bizimoldea trilogiako lehen izenburua, Hezur gabeko hilak (Susa, 1999), Lehen Mundu Gerran girotua. «Gerla eta gerlaren zentzugabekeria, horra etsai gehienetan ikustezin batengandik heriotza hartzera etsirik diruditen txotxongiloen patua. Liburu honetan ez da heroirik, ez inori eredutako erakusteko moduko ekintzarik. Aitzitik, bi pertsonaia nagusiak ustelak dira, koldarrak; gerlari ihes egin nahi diote, eta ustelegiak, koldarregiak, direlako ez diote ihes egiten. Halaberean, liburu honetan ez da adiskidetasunik ez elkartasunik ageri; senper orduan, lagunak bere kasa molda dadin utziko du laguna. "Hoa ifernura", erran dio protagonista batek bertzeari liburuko pasarte batean. "Ez diat joan beharrik. Bagaudek", erantzun dio bertzeak.

»Leherketen eta kanoikaden artean, erreka edo trintxeretako infernuan norainoko hotza izan daitekeen erakusten digu Montoiak. Beharbada horregatik, kontaera hormak -izotzak- zizelkatu duela dirudi, hotzaren hotzez. Heriok halako tenperatura du, nonbait» (Epaltza, Aingeru. "Herioren tenperatura", Nabarra, 2001-10).

Gatazka ez ezik -hiru lanak baitaude gerra garaian girotuak- pertsonaia nagusien arteko harremanak edo, hobeto esanda, haien odol kidetasunak funtzionatzen du lokarri gisa Hezur gabeko hilak nobelaren eta trilogiako gainerako bi liburuen artean, lehenengoan azalduriko Etxegoienen semea baita protagonista besteetan. Bestetik, Lehen Mundu Gerrako guda zelaia bazen Hezur gabeko hilak-eko agertokia, Blackout-ek (Susa, 2004) «Bigarren Mundu Gerran naziek okupatutako Parisera eraman gaitu. Eta eleberri honetako Paris ilunpetan bizi da, kale nahiz etxeetako argiak piztuta izatea debekatu duten alemanengandik ihesi. Paris ez da dagoeneko Festa handi bat, sarraskiaren erdian probetxu ateratzen dakiten eskrupulorik gabekoen lur eremua baizik. Horietako bat dugu eleberriko protagonista, Jean Etxegoien kazetaria, Montmatreko kabaretetan, gauak ke eta alkoholetan itotzen dituen senpertarra. Eleberri beltzetako pertsonaia krudel eta miserableen antzera, Etxegoien etika, konpromiso edo jokabide zuzenaz haratago dago, gerrek ezer azaleratzen badute, gizakion alderdi miserableena azaleratzen baitute. Generozko filmen erritmoa bereganatzen duen eleberri honetan, irakurleak okupazio garaiko Paris hiriaren birsortze literario erakargarria kausituko du, baina batez ere, jazza beste erlijiorik ez daukan traidore honen istorio asaldagarria» (Olaziregi, Mari Jose. Sautrela).

Bien bitartean, Elektrika-k, trilogiako azken izenburuak Aljeriako gerra du hizpide. «Frantses armadako soldadu talde bat aljeriarren talde armatu baten atetik abiatu da. Hasieran edozein gudatan gertatzen den ohiko ekintza militarra badirudi ere, jazarpen honen kontaera garatu eta ia konnotazio mitikoak hartuko ditu. Batetik, aljeriar taldearen erasoak pairatuko dituzte frantsesek, jazarleak eta jazarriak nortzuk diren argi gelditzen ez delarik. Bestaldetik, Afrikako iparraldeko mendietan sartu ahala, frantses soldaduen basatikerien lekuko egiten gaitu idazleak. Infernuratze baten aurrean gaude, eta infernuratze honetan Jean Etxegoien izeneko pertsonaiaren presentziaren berri ematen zaigu. Iragan ilun, ezezagun baten jabe (...), baina erlijioaren eraginez kezka moralez beterik, bera izango da infernuratze horren adibiderik hautatuena, halako eran non nobela osoak azken lerroetan berak protagonizatuko duen eszenaren aurkezpen luzea baitirudi. Idazleak ohiko maila interesgarriari eutsi dio honetan ere» (Rojo, Javier. "Aljeriako gerran", El Correo, 2005-01-12).

Espazio hurbilago batera, Euskal Herri garaikidera, jo zuen Montoiak Denboraren izerdia (Elkar, 2003) nobelan. Aingeru Epaltzak azaldu bezala, «euskal literaturak kasik ezezagun zuen paisaia eta jendartea -Gasteiz- ez ezik, alderdi mingarrienetatik ere gure historia hurbilenari eta gure orainari beldurrik gabe heltzeko gogoa zor diegu, bertzeak bertze, Xabier Montoiaren literatur lanei. Bide horretatik barreiatu gabe, koska bat estuago egiteko guraria nabari zaio Denboraren izerdia honetan: Estatuko establishment politiko-kultural-mediatikoak balakaturik esne-mamitan bizi den ekintzaile ohiak bere sorterrira itzulita iraganarekin eginen duen topaldi latzaren kontakizuna.

»Gai horrekin ohiko kontu-garbiketa literarioa abiarazten ahal zuen Montoiak, on eta gaizto istorio bat, finean, salduak eta fidelak ongi bereiziz. Idazlea, ordea, ez da zepo horretan erori. Estilo inpertsonal eta urrunena erabiliz eta labanaren aho hotzak zizelkaturiko hizkeran, halako pertsonaia batek eta halako egoera batek ager ditzaketen tolesdura guztiak azaleraztera saiatu da, Peckinpah bidelagun, duela hogei bat urte bereizi ziren bi mundu ikuskeren ezkonezinaren konstatazio eder bezain tristea egiteko. Gure orainaren parabola: duintasunaren ala zoriontasunaren artean hautatu beharra. Nonbait, heriotzan baizik ez gara berriz elkartuko» (Epaltza, Aingeru. "Saldo basatia", Nabarra, 2003-09).

Euskal Herria du, halaber, kokagune Euskal hiria sutan (Elkar, 2006) ipuin bildumak. «Alfabetoaren letrak bezainbeste narrazioren bidez, Euskal Herriaren irudi osoa eskaini nahi izan duela ematen du, narrazioak puzzle baten zatiak balira bezala. Egoera desberdinak, ikuspuntu desberdinak, kontamolde desberdinak agertzen zaizkigu narrazioetan, baina zeharo beregainak diren arren, badago guztietan errepikatzen den puntu bat. Pertsonaiak, zein ere den bakoitzaren egoera edo ikuspuntua, beren bizitzetan zauri mingarri moduan agertzen zaizkien hutsuneen aurrean aurkitzen dira. Batzuetan aurre egingo diete hutsune hauei eta garaipen txikia lortuko dutela ematen du, bestetan, egoerak gainditzen du pertsonaia. Baina lehenengo kasua gertatzen denean ere, garaipen txikia itxurazkoa baino ez da izango, desesperantzaren sentimendua nagusitzen baita narrazio hauetan, ustezko garaipenean ere pertsonaiak galtzaile suertatzen direlako» (Rojo, Javier. "Narrazioen alfabetoa", El Correo, 2007-03-14).

Montoiaren gainerako narrazio liburuei dagokienez, errealismo zikinaren ezaugarriak bere egiten zituen Emakume biboteduna (Elkar, 1992) ipuin bilduman amodio-desamodioa ardatz zuten ipuin errealista eta zorrotzak eskaini zizkigun, liburuaren azalean zetorren Marcel Duchampen koadroaren jite probokatzailea bere egiten zutenak. Bien bitartean, Gasteizko hondartzak (Susa, 1997) lanean «(Espainiako) Gerra Zibila eta gerra ostea dira iragan mende amaiera arte iristen diren istorioen abiapuntu. Bere nobeletan bezala, egileak ez du lekukotza historiko dokumentaturik eskaintzeko asmorik, baizik eta jende ezezagunaren historia azaltzea, hau da, egoera ezin gogorrago batean harrapatuta dauden zenbait gizakiren bizipenak azaltzea. Esan dezakegu Gasteiz hiria dela Gasteizko hondartzak-eko benetako protagonista, hiri bat probintzietakoa bezala azaltzen zaiguna zeinetan errepresio politiko eta erlijiotsuak biztanleen bizitzak baldintzatu eta ito egiten dituzten» (Olaziregi, Mari Jose. "Prólogo", Pintxos. Nuevos cuentos vascos, Lengua de Trapo, Madrid, 2005).

Baina bihotzak dio (Elkar, 2002) narrazio liburuan, berriz, Euskal Herriarekiko herrimina ardatz zuten ipuinak bildu zituen Montoiak.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: Susa

© Likantropo: Susa

© Blackout: Susa

© Elektrika: Susa

© Denboraren izerdia: Elkar

© Emakume biboteduna: Susa