MUJIKA IRAOLA, Inazio

(Donostia, 1963)

"Donostian jaio nintzen 1963an, baten batek Kennedy presidentea hil zezan baino lau egun lehenago. Ez nintzen ni izan baina. Maisu eta Euskal Filologia ikasketak egin nituen. Kontakizun laburrak idatzi ditut batez ere. Batzuk ipuin-bildumetan bildu ditut eta beste batzuk ez oraindik. 1987koa da nire lehen bilduma: Azukrea belazeetan. Izenburu arraro horren baitan elurraren metafora dago, eta, elurraren baitan, nire lehen aberriarena: haurtzaroa. Bilduma horretatik kanpo geratu zitzaidan, baina bilduma hartakoa dela uste dut Linkon kontakizun laburra (1991), gazte sail batean argitaratu zena. 1994an, Hautsaren kronika argitaratu nuen; hain naiz elezahar zalea, daudenak gutxi iruditu, eta berriak asmatu bainituen liburu horretarako. Giza izaeraren argi-ilunak aztertzeko agertoki ezin hobea iruditu zait beti gerra. Edozein gerra, baina aukeran hurbilago nuenez, laster hasi nintzen Espainiako Gerra Zibila eta Frantziako okupazio garaia atzeko oihal hartu eta fikzioa egiten. Aurreneko emaitza, hemen argitaratzen den Itoak ur azalera bezala hau izan zen (1992), beste bilduma luzeago baten ernamuina izatea nahi nukeena. Gauza bera gertatzen zaio Matriuska izeneko liburuxkari ere (1995); hiru ipuin biltzen ditu oraingoz. Orain arteko azken liburua Gerezi denbora da (1999); nobela dela esaten dute, baina nik ipuin luzetzat hartzen dut. Liburu horren azken frogak inprentaren esku utzi, eta gau hartan bertan jaio ziren nire seme-alaba bikiak; gerezi denbora nonbait. Erraz ulertuko duzue zergatik ez dudan gaur arte gehiago idatzi."

Mujika Iraola, Inazio. "Biografia", in Olaziregi, M.J. (bil.) An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies-University of Nevada, Reno, 2004.


© Mari Jose Olaziregi




Maisu ikasketak egin ostean, Euskal Filologian lizentziatu zen idazle honek, editore lanean dihardu 1993an Jorge Gimenezekin batera sortu zuen Alberdania argitaletxean. Euskaldunon Egunkaria zenaren web orrian esaten zaigunez, ume garaian Tolosako Urkizu auzoan ematen zituen udetan ezagutu zuen baserri giroa marraztu zigun Azukrea belazeetan ipuin bilduman (Erein, 1987). 24 urte eskaseko idazlearen emaitza hori izango da, ziur aski, Mujika Iraolaren lanik interesgarriena oraindik ere. Horretaz gain, euskal klasikoak gogoko dituen egile honek, hainbaten liburuen edizioak prestatu izan ditu, hala nola, Juan Inazio Iztuetaren Ez direlako aketsak eta Juan Bautista Agirreren Arpoi baten eran, adibidez. Jean Etchepareren Mendekoste gereziak ipuin bildumaren edizioa ere apailatu zuen. Ipuingintzan sari garrantzitsuak eskuratu ditu: Ignacio Aldecoa 1990ean eta Irun Hiria 1992an. Literatur itzulpenaren alorrean ere egin izan du lan: Oscar Wilderen Salome, Sylvain Saulnieren Marie Ttikia eta Javier Agirre Gandariasen Eguzkiak euskaratu ditu, besteak beste. Hauetaz guziez gain, egilearen bibliografia osatuko lukete ondoko lanek: "Tu Quoque" (ipuina, Arabako Foru Aldundia, 1991), "Itoak ur azalera bezala" (ipuina, Kutxa Fundazioa, 1993), Hautsaren kronika (ipuin liburua, Alberdania, 1994), Matriuska (ipuin liburua, Erein, 1995) eta Gerezi denbora (nobela, Alberdania, 1999). Haur eta gazteentzat idatzi dituen liburuen artean, berriz, Linkon (Erein, 1991) eta Muñozekin batera haurrentzat idatzitako Urguleko arima herratua (Donostiako Udala, 1997. Itz: El vigía de Urgull) aipa genitzake. Gerra Zibilean girotutako narrazioa genuke bere azken argitalpena: Sagarrak Euzkadin. Manzanas en Euzkadi (Alberdania, 2007).

Tonu zinez lirikoa du, prosa poetikoa, Azukrea belazeetan liburuak. Bertan, Hego Ameriketako errealismo magikoaren hainbat baliabide eta, batez ere, J. Rulforen irakaspena egiten zuen bere. Errealismo mota horrek urte haietako hainbat euskal nobela neorruralista ez ezik, ipuin aipagarriak ere liluratu zituen (ik. I. Zurutuzaren "Haizeak iparlaino beltzak dakartzanean" 1989ko ipuina), eta ahozko euskal tradiziozko literaturan edaten zuen fantasia batekin jarri gintuen aurrez aurre. Gure iragana bisitatzeko modu bat ahalbidetu zuen narratiba horrek, urtetan ukatu zaigun identitatea berreskuratzekoa. Rulforen Lautada sutan liburuak biltzen dituen 15 ipuinetako paisaia gogorra eta mixeria erabatekoenaren ordez, ailobre, alpalpa, frantziberde eta hainbat belarrez estalitako euskal belardiak dauzkagu Mujika Iraolarenean. Paisaia berde ezagun horretan gertatzen dira, XX. mendearen lehenengo hamarkadetan, hain justu, liburuan kontatzen zaizkigun gertakizun harrigarriak. Liburua alderik alde zeharkatzen duen gereziondo japoniarraren irudi beldurgarriak, heriotza hurbil dela iragartzen digu gehienetan, jakina denez, beti lehena loratu eta lehena soiltzen den arbola hori, kolore zuriz janzten baita patu tristearen iragarle izan nahi duenean. Ahozkotasunaren baliabide eta estiloz zipriztindua, bertako narratzaileen jardunak erritmo narratibo bizia du, perpaus eta paragrafo zehatzen errepikapenean oinarritzen den erritmo arina. Eta Gipuzkoako Tolosa inguruko auzune honetan, XX. mende hasierakoa izan arren (ik. Gerra Zibilari zein Ameriketarako emigrazioari egiten zaizkion erreferentziak), askozaz ere lehenagoko mundua begitantzen zaigula esango genuke. Mundu honetan, Rulforen, Faulknerren... edo Atxagaren ipuinetan bezala, itxuraldaketak gertatzen dira, eta sexu nahiz gizarte arauen transgresioak beti zigorra dakar ondorio gisara. Horregatik da hain krudela mundu hori, heriotzak eta zigorrak bere gain hartzen dituenak beti ahulenak izan ohi direlako, aitarekin debekuzko harremanen ostean haurdun gelditzen den Regina gajoa bezala.

II. Mundu Gerrako gertakari dramatikoen oroimenen inguruan antolatu zuen Mujika Iraolak bere Itoak ur azalera bezala (1993) ipuin gogoangarria. Beran, itoak ur azalera agertzen diren bezain astiro jakiten ditu narratzaileak bere iragana erabat baldintzatu zuten gertakizun tragikoen berri. Txekhov handiaren ipuinetan bezala, elementu ustez xumeenen inguruan antolatuz doa amaieran errebelazio baten gisara begitantzen zaigun egia.

1994ko Kritika Saria eman zioten Hautsaren kronikak (Alberdania, 1994) ipuin liburuari. Guztira, 15 ipuin jasotzen ditu liburuaren hasiera aldera bere burua erreportari gisara aurkezten digun Felix izeneko jubilatu berriak. Edonola ere, oraingo honetan, aurreko liburuetan ez bezala, toki eta pertsona ezberdin asko azaltzen da liburuan: Paris, Lisboa, Siles edo Euskal Herria, Mata Hari, Orixe edo Anne Marie Picaud. Estiloari dagokionez, oraingoan ere ugariak dira denbora mitiko bati erreferentzia egiten dioten kontakizun fantastikoak, XIX. mendeko elezaharren moduan idatziak. Mujika Iraolaren prosa poetiko aberats eta lirikoaren adibide umotua den liburu honetan, bi anaia biki marinelek emakume berarekin zuten harremanaren gaineko sorginkeria (ik. "Pasaiako bikiak"), Mata Hari misteriotsu batek enbaxadore alemaniarrari egindako opari misteriotsua (ik. "Ez eskatu amodioari ez lezakeenik"), ispilu beldurgarriek eragindako patu dramatikoak (ik. "La forza del destino"), marinelen galgarri bihurtzen diren emakumezko deabruak, Illarramendiko Harriari Lizardik egozten dizkion elezaharrak, gaztetasun betierekoaren sekretua gordetzen duten Mendikuteko gazteluaren harresiak (ik. "Mendikuteko altxorra"), hau da, fantasia eta errealitatearen arteko mugak iraultzen dituzten ipuin iradokitzaileak aurkituko ditu irakurleak.





Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: Zaldi Ero

© Sagarrak Euzkadin: Alberdania

© Azukrea belazeetan: Erein

© Hautsaren kronika: Alberdania