MUÑOZ, Jokin

(Castejon, 1963)

«1963an Nafarroako hegoaldean jaio ninduten, Ebro ibaiak eta trenbideak bat egiten duten tokian. Ez dut datu Faulkneriano horrek idazle exotikoa izateko ematen zidan aukera baliatu nahi izan, ordea, nahiz urruntasuna, planteamendu literario gisa, oso gustuko izan. Euskarazko literaturari egin niezaiokeen aportazio xumea bilatzekotan, geografikoak ez diren beste koordenada batzuetan ase nahiago izan dut urrutimin hori. Hausturak, nire aurreneko lanak, asmo hori zekarren. Bertan jada nire ondoko ibilbide literarioaren konstante batzuk topa daitezke, hala nola iheserako grina, distantziaren beharra eta errebeldia bakarkakoa.

Literatur lan batek beti zerbait "berria" ekarri behar du. Liburu bat ez dator -ez luke etorri behar- bakar-bakarrik hizkuntza horren bibliografia potoltzera. Bere asmoa idazlan ariketa zuzen txukuna izatetik harago doa. Berrikuntza -arriskua-, edozein dela ere, beharrezkoa da literatura bat -euskarazko literatura, gure kasuan- osasuntsu haziko bada.

Oteizak esaten zuen, aurreko belaunaldiek gugan duten pisuaren adierazgarri, 80 amonek "begiratzen" digutela. Bizkarra arintze aldera Joan zaretenean nobela laburra idatzi nuen. Asmo horrekintxe, baina urrunago -urrunegi, agian- joanaz, Atlantidara biajia bidai-liburu garratz-ironikoa idatzi nuen, hainbesteraino estutzen ninduen-eta Arestiren "aitaren etxeari" lotuta gauzkan altzairuzko zilbor-hesteak.

Akaso errealismoarekin dugun zor historikoagatik, nik uste dut gure literatur lanek, orain eta munduan, bizi gaituen errealitatearen tentsioak bildu behar dituztela. Euskal Herria "kontatu" behar dutela, alegia. Horrela, gure gatazka gogaikarriaren ifrentzuak azaldu nahian, Bizia lo narrazio liburua idatzi nuen.»


Bio-bibliografia:

Jokin Muñoz Irakasle zein Euskal Filologia ikasketak egindakoa da, eta helduen euskalduntze alorrean zein Irakaskuntza Ertainetan aritua da. 1995ean argitaratu zuen estreinako liburua: Hausturak (Alberdania, 1995). Ipuin zein, aldi berean, nobelatzat jo daitekeen narrazio horretako istorio guztiak Izurkiz izeneko fikziozko herrian kokaturik daude, trena eta tren geltokia protagonista nagusi direlarik. Narrazioan zehar, poesia, gutunak eta egunkarietako informazioak fikziozko prosarekin uztarturik azaltzen dira.

Handik bi urtera plazaratu zuen bigarren liburua, Joan zaretenean, hura ere Alberdania argitaletxearen eskutik. Eleberri psikologikoari jarraituz, Alvaro Egiazabal pertsonaiaren pentsamenduak azalarazten ditu aipatu lanak. Egiazabalek Donostian igarotako gaztaroko pasadizoak dakartza gogora, lagun bat atxilotu dutela jakin eta berehala. «Iraganarekiko kontu-garbitze bat da, oroz gain, Jokin Muñoz castejondarraren Joan zaretenean nobela bikaina. Protagonistaren iraganarekikoa, eta belaunaldi batekikoa ere bai», idatzi du Aingeru Epaltzak (in Epaltza, Aingeru. "Aitaren etxeko atarian", Nabarra, 2001-12). Bien bitartean, Atlantidara biajia (Alberdania, 2000) Felipe Juaristik azaldu bezala, «bidaia bati buruzko narrazio ezkorra, euskalduntasunaren marjinaliatik idatzia» da (in Juaristi, Felipe. "Mundu geurea", El Diario Vasco, 2003-04-27).

Hurrengo lanarekin, Bizia lo-rekin (Alberdania, 2003), Euskadi Literatur Saria jaso zuen Muñozek 2004an. Ikuspuntu ezberdinetatik abiatuta, Euskal Herrian den gatazka politikoari heltzen diote liburuak biltzen dituen bost ipuinek. Ibon Egaña kritikariaren arabera, «pertsonaien xalotasunak, inozentziak -haurrak dira protagonistetako zenbait- eta ezintasunak marrazten ditu Muñozek biolentziak itotako hondo langartsuan eta kontraste horretatik sortzen den hunkidura estetikoan datza narrazio hauen unibertsaltasuna» (in Egaña, Ibon. "Bost bozeto langarraren gainean", Egunero, 2003-04-12). «Ispilu bat izan daiteke askorentzat liburua, beste ikuspuntuak ezagutzeko aukera beste batzuentzat. Baina guztiontzat izango da plazerra ongi idatzitakoa, maisu idatzitakoa, irakurtzea», azaldu du Rikardo Arregi Diaz de Heredia poetak (in Arregi Diaz de Heredia, Rikardo. "Bizia lo", El periódico de Álava, 2003-10-12).


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Interneten:

© Jokin Muñozen argazkia: noticiasdealava.com

© Hausturak: Alberdania

© Joan zaretenean: Alberdania

© Bizia lo: Alberdania