MUÑOZ, Joxean

(Donostia, 1957)

Arte Garaikidearen Historian lizentziaduna da, eta gidoilari zein zinemagile gisa--marrazkigintza jorratu du batik bat--lan egin du. 2006ko udaberrian, Donostiako tabako fabrika zaharrak jasoko duen Arte Garaikideko Zentroko zuzendari izendatu zuten.

Muñozek 1984an argitaratu zuen lehen poemategia: Parentesiak (etabar) (Hordago). Lan honen harira hurrengoa idatzi du Koldo Izagirre idazle eta poetak: «Muñozen parentesiak posibilitate berrien aukera dira, testuaren bestelako interpretazio baterako iradokizunak, ez autore orojakilearen deiak. Egilea parentesi artean kokatzen baldin bada, ez da oihalostetik dena kontrolatu nahi duelako, idatzi duenari bizi autonomoa sortu zaiolako baizik. Begiramen handia dio poesiari, bitartekaritza baino ez du egin nahi» (in Izagirre, Koldo koord. Joxean Muñoz, XX. Mendeko Poesia Kaierak, Susa, 2001).

Orijinaltasun handiko liburua izan arren, Parentesiak (etabar)-ek oihartzun eskasa eduki zuen, eta hori salatzera zetorren Jose Luis Otamendi poetak 1991ean idatziriko artikulu bat, poemategiaren balioa goraipatzearekin batera. Otamendiren arabera, Muñozen obra «bristadak botatzen dituzteneko bitxia da. Meritu handiak ditu: ametsak zutika daudeneko parajeak ageri dira (geometria minimoak), gramatika misteriotsu eta asaldagarriak zaunka dagi letra nagien itzalpetik, irudi eder eta landu hainbatek latigoz jo ninduen, berriro poesiaz pentsatzeko, ederraren drama eraikitzen beste ekinaldi bat (seguruena intentona esango banu hobe). Euskal poesia "gaztearen" baitan poema gutxi eman dituen sentsibilitate baten fruitu ikusten dut Parentesiak (etabar). Baditu, tartean, mirarizko pasarteak, umoreak pintto jarritako lirismoa. Tabernakuloetan elkarri muturra puskatzerainoko eztabaida daitezkeen hitz perenneak daude ibernatuta. Ez zait iruditzen mugarria denik. Oroitarria, demarria...?» (in Otamendi, Jose Luis. "Oso oihartzun gutxi izandako liburua", Euskaldunon Egunkaria, 1991-01-12).

Zortzi urte itxaron behar izan genituen harik eta gipuzkoarrak bigarren lana kaleratu zuen arte: Begien bizkar (Susa, 1992). Felipe Juaristiren esanetan, poemategi «labur bezain trinkoa» da. «Trinkotasuna sakontasunaren sinonimoa da. Gaiaren aldetik, sentimenduaren aldetik (ez baitzaigu ahaztu behar poesia, izatekotan, sentimenduen hustuketa ere badela), jakintza aldetik, Jose Luis Otamendi poetak sarrera gisakoan dioen modura "ez da konbentzionala Muñozi darion lirikotasuna". Seguraski ez da konbentzionala lirikoa delako Muñoz» (in Juaristi, Felipe. "Joxean Muñozen bisita", Euskaldunon Egunkaria, 1992-05-01).

Izagirreren aburuz, Muñozen poesiak badu esperimentaletik, «ez ordea errazkeriatik edo espantutik. Testuaren konposizio grafikoak ez du ia garrantzirik hemen, eskaintzen zaizkigun elementuen hautaketa arduratuan oinarritzen da Muñozen ausardia estetikoa. Bere kollageak ez dira kaligramak, errealitatearen uneak baizik. Garrantzi handia du beraz poesia honetan ikuspuntuak. Irakurketa interpretatibo batera behartzen gaitu autoreak, baina ez irudien ilunean edo gakoen zailean zorabiatu nahi gintuzkeelako, Muñozen poesia ezin gardenagoa da proposamen plastikoetan, hautu zehatz baina nahitara eztabaidagarri baten emaitza denez. Horrela, ikuspuntua aldatu egiten da poema barruan» (in Izagirre, Koldo koord. Op. Cit.).

1997an Urgulleko arima herratua kontakizuna idatzi zuen Inazio Mujika Iraolarekin batera, Donostiako udalak argitaraturikoa. Ordutik hona haur eta gazteei zuzenduriko zenbait lan plazaratu ditu, hala nola Zubiko zirkoa (Ibaizabal, 1997), Akeita gol (Tarttalo-Irusoin, 2001), Balearekin kantuan (Ttarttalo-Irusoin, 2001), Dimitri eta itsas txakurrak (Ttarttalo-Irusoin, 2001), Dimitri eta sorgina (Ttarttalo-Irusoin, 2001), Perla zuria (Ttarttalo-Irusoin, 2002) eta Urrezko zuhaitza (Ttarttalo-Irusoin, 2002).

Ikus-entzunezkoen alorrean, Tortolika eta tron-bon zein Karramarro uhartea marrazki bizidunetako film luzeen gidoian eta zuzendaritzan parte hartu zuen, Txabi Basterretxearekin batera. Bestetik, zenbait erakusketen komisario izan da.


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Interneten:

© Joxean Muñozen argazkia: Literaturaren zubitegia

© XX. mendeko poesia kaierak. Joxean Muñoz: Susa