OLASAGARRE, Juanjo

(Arbizu, 1963)

Psikologian lizentziaduna da, eta irakaslea lanbidez. Poesia arloan egindako lanagatik ezaguna da Juanjo Olasagarre, nahiz eta bestelako generoak ere -nobelagintza zein antzerkia- jorratu izan dituen. Gaupasak (Susa) izenburupean kaleratu zuen estreinako poemategia, 1991n. Felipe Juaristiren arabera, «pasioaz, edo norberaren banitateaz, da Juanjo Olasagarraren liburua. Oso ondo adierazten du prozesu horren garapena. Gaua da. Ordu luze sakonak ari zaizkigu itxoiten. Ispilu aurrean jarri eta lehendabizi geure burua prestatzen dugu datorkigun borrokarako, oroimenaren bidez geure 'ni'-ari ematen diogu errepaso. Ondoren jantziak eta hatuak ditugu aukeratzen, eta zenbat eta jantziago, desioa piztuago ahoratu dugun zigarroarekin batera. Desioarekin eta 'ni'-arekin batera triangelua osatzen duen hirugarren pertsona agertzen da, 'zu' bat. Eta berriro oroimena, iraganean izan ginenaz. Eta berriro desioa norberaren gorputzaz haruntzagoko beste gorputz baten bila. Blues bat. Alkoba bat ortzemugan. Larrua. Desioaren ase-betetzea. Pasioaren inflesio punturik gorena. Banitatearen eztanda, gu bihurtzen 'ni' eta 'zu'. Eta goizaldean tristuraren ordez ezer ez, pozaren ordez ezer ez. Plazerraren ondoren pasio erraustua. Paradisurik ez. Dena dago kadukatua» (in Juaristi, Felipe. "Pasioaren lorea", Euskaldunon Egunkaria, 1991-12-21).

Bestelako planteamenduari heldu zion bere bigarren poemategiarekin, Bizi puskak-ekin (Susa, 1996) alegia. Edgar Lee Masters-en Spoon River Anthology-ren eraginpean gauzaturiko obra honetan, poetak sexu zein adin ezberdineko hogeitahiru pertsonaia hautatu, bakoitzari ahots bat eman, eta haien gogoeten harira osatzen ditu poemak. 'Trama' zein testuingurutan garatzen den ere poemategiaren sarreran zehazten zaigu: «Nafarroako mendialdeko herri bat. Bi mila biztanle inguru. Mendiak eta basoak ugari eta lur sailak larre; industrializazioak, berrogeita hamarreko hamarkadan iritsi zenean, biztanle gehienei soroak utzarazi eta lantegietara eraman baitzituen. Horrek, paisaiaz gainera, mentalitatea eta mundu-ikuskera aldarazi zuen. Laurogeiko hamarkadan ailegatu ziren (gazteen pozerako eta zaharragoen eskandalurako): Iraultza Sexuala, Beste Iraultza, Drogak eta Rock Radical Vasco hura». Iñaki Aldekoaren arabera, Bizi puskak-eko poemak «istorio gurutzatuak dira, zentzua eta batasuna ematen dien agertoki batean kokatuak, horren helburua poetarengan ere eragina duen esperientzia kolektiboa objektibizatzea delarik. Erantzun bat eskatu eta behar duten ahotsak dira, pertsonaien ikuspegi beti mugatua osatzera letorkeen erantzuna. Eta pertsonaiek, guztiak batera kontuan hartuta, unibertso poetikoaren 'ni' kolektiboa egituratzen dute» (in Aldekoa, Iñaki. "Historia de la literatura vasca", Erein, Donostia, 2004).

Bizi puskak-ek aurkezturiko 'freskoaren' jarraipena genuke Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eskainitako Joseba Jaka bekari esker egindako Puskak biziz (Susa, 2001). Baina bada alderik bi poemategien artean: lehenengoan azaldutako pertsonaia gehienak bigarrenean ere azaltzen baldin badira ere -hori bai, adinez nagusiago-, Bizi puskak-en agerturiko gaietako batzuk baztertu egiten ditu Olasagarrek bestelako kezkei toki egitearren. Jon Kortazar kritikariaren iritziz, Bizi puskak 1980ko egoeraren isla genuke, Puskak biziz 1990eko hamarkadari begira dagoen bitartean (ikus Kortazar, Jon. Montañas en la niebla. Poesía vasca de los años 90, DVD, Bartzelona, 2006).

Olasagarreren ibilbide poetikoa honela laburbildu du Koldo Izagirrek: «Lehenean, bere aurreneko liburuari dagokiona [Gaupasak], Sakanako errealitate gordinean kokatuagatik ahots propio indartsuz ageri da. Zanpaketarik gabe eta euskaltasun aurrerazale batean bizi nahi eta ezinaren eredu bihurtzen da eskualdea. Errealitate itogarriaren kronikaren eta sentimendu pertsonalen arteko nahaste bat eskaintzen du poetak: introspekzioa egiten saiatzen da, jakinik, alabaina, idazlea bera ere lurralde okupatua dela. Olasagarrek heldutasun handia erakutsi zuen kadentzia luzeko poemetan, inguruari erne ageri zen, 'nia'-ren eta 'gu'-aren arteko tenkaduran, esana hitzik birjinenez zorrozten zuela (...), baliabide estilistiko dotoreenetarikoak, barne-errima esaterako, zuhurki erabiliz. Eta dena konformismora lerratzen ez zen ezkortasun kritiko batean bustia.
»Juanjo Olasagarreren poesiaren bigarren zikloa bi liburutan banaturiko antzezpen handi batek osatzen du. Hartan, poetaren sentsibilitate anitza hainbat pertsonaiatan gauzatu da, eta haien arteko harremanak dira poesia sortzen dutenak, igurtziz bezala istripuz. Jubilatuak, dibortziatuak, langabetuak, maitale zapuztuak, lagun presoak, hiesdunak... nor bere arazoekin, nor bere psikologiarekin azaldu dizkigu Olasagarrek. Idazketa narratibo batean, apainduraz urri eta argitasunez aberats, poetaren ezkortasunak arrazoi objektiboak aurkitu ditu besteen oinazean. Pertsonaien gogoetek gutun estiloa hartzen dute maiz, monologoa gaindituz dialektika bilatzeko. Teknika honekin, bide, gurutzaketa eta elkartze ugariko obra sortu du, eskualde habitatu eta bizi bat eskaintzen digula, alegia, gizategi unibertsal bat. Gure poesian parekorik ez duen tragikomedia honek anti-Euskadi bat paratzen digu begi-bistan, bateko eta besteko erretorika ofizialek ezkutatzen duten euskal herri erreala» (in Izagirre, Koldo koord. Juanjo Olasagarre, XX. mendeko Poesia Kaierak, Susa, 2001).

Narratibari dagokionez, 1998an Mandelaren Afrika kronika liburua plazaratu zuen nafarrak Susa argitaletxearekin. Handik sei urtera, bere lehen nobelak ikusi zuen argia: Ezinezko maletak (Susa, 2004). Azken horrekin Espainiako Kritikaren saria jaso zuen. 1990. hamarkadaren bukaeran, Nafarroako Lekunberri-Aranaz herriko hiru lagunek -Harakin, Jexux Mari eta Fermin- ezustea izan dute albiste: behialako koadrilako laugarrena -Bazter- zendu berria da Londresen. Ezker abertzaleko iragan militante eta engaiatu baten ondotik, aspaldi barreiaturik daude lau lagunak, geografiaz, ideologiaz eta bizieraz. Erresuma Batuko hiribururaino elkarrekin bidaia eginda, hango ibilera eta ustekabeekin tartekatzen diren atzera begirakoek hezurmamitzen dute Ezinezko maletak. Aingeru Epaltzak azaldu bezala, «nobelaren gainean hegaldaka dabilen auzia sorlekuak gure bizia baldintzapetzeko eta trabatzeko duen ahalmena da» (in Epaltza, Aingeru. "Koadrila (ez) alegera", Nabarra, 2004-11).

Antzerkiari dagokionez, Hegazti errariak (Euskaltzaindia-BBK, 1996) lanarekin Toribio Altzaga Antzerki Lehiaketa irabazi zuen. Bestetik, W. H. Audenen poema antologia bat euskaratu du Olasagarrek (Auden, W. H. Poemak, Susa, 1994).


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:




© Juanjo Olasagarreren argazkia: diariovasco.com

© Bizi puskak: Susa

© Puskak biziz: Susa

© Ezinezko maletak: Susa