OŅEDERRA, Lourdes

(Donostia, 1958)

"Literaturarekiko nire lehen harreman formal eta berariazkoa nire Filologia Hispanicazko ikasketak bukatu aurretik gertatu zen, Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro nobelaren epilogo izatera iritsiko zen lan hura egin nuenean. Saizarbitoria bera ere orduan ezagutu nuen: bera eta bere inguruko mugimendua, Oh! Euzkadi aldizkaria eta, batez ere, idatzi egin behar nuela sinestaraztea zor diot nik garaiari, giroari eta Ramoni. Oraindik ez nuen karrera bukatu Ere aldizkarirako, Andu Lertxundi jefe nuela, asteroko liburu erreseinak egiten hasi nintzenean ere.

Ez dakit ziur noiz gertatu zen, baina badakit, 1980an karrera bukatu eta Estatu Batuetara linguistikazko master bat egitera joan nintzenerako, garbi neukala ez nuela berriz literatura aztertuko, ikara sartuta neukan ordurako: literatura aztertuz gero, agortu egingo zitzaidala txikitatik etengabe gauzak hitzetan eta hitzak paperean jarrarazten zizkidan ez dakit-zer hori. Fonologiazko ikerketa-irakaskuntzari eman diot orduztik nire bizitzaren denbora profesionala baino zertxobait gehiago. Tarteka, honetaz eta hartaz (maiz gure oraingo honetaz, hizkuntzaz, egoeraz) Egunkarian eta Hikan artikulutxoak plazaratu ditut.

Baina zirrikituetatik beste zerbaitek ere ihes egiten dit eta horrekin serio lanean esertzen naizenean istorioak ateratzen dira. Horrela egin nuen, urte luzetan borrokan ...Eta sugeak emakumeari esan zion (1999) eleberria. Eta, horren arrakastatik ausartu nintzen "Anderson anderearen kutixia" ipuina (2000) argitaratzera, ausartzen naiz aldizkari zenbaitetik eskatzen dizkidaten kolaborazioak ere ematera.

Orain, fonologi lanak hizkuntzaren erritmoa aztertzera narama erremediorik gabe eta horrek lan profesionaletik aparte gorde nahi izan dudan literatura gertutik ukitzen du...".

Oņederra, Lourdes, "Biografia", in Olaziregi, M.J. (bil.) An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies-University of Nevada, Reno, 2004.


ŠMari Jose Olaziregi




Lourdes Oņederra Donostian jaio zen 1958an. Hizkuntzalaria da (Filologia Hispanikoan lizentziaduna eta Euskal Filologian doktore). Gazteizko EHUko Filologia Fakultatean egiten du lan Fonologiako irakasle gisa. Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro nobelari idatzitako epilogoaren zein Ere eta Oh, Euzkadi! aldizkarietan argitara emandako artikulu askoren egilea da. Euskaldunon Egunkariako zutabegile ere izana. Lourdes Oņederraren lehen nobela da Eta emakumeari sugeak esan zion (Erein, 1999) (Y la serpiente le dijo a la mujer, Bassarai, 2000; And the Serpent Said to the Woman, itz.: Kristin Addis, CBS, 2005) eta hainbat sari eskuratu zituen oso denbora gutxian: Kritika Saria 1999, Beterriko Liburua 1999, Zilarrezko Saria 2000 eta Euskadi Saria 2000. Horretaz gain, "Anderson anderearen gutizia" ipuina eman zuen argitara Gutiziak liburuan (Txalaparta, 2000).

Mendebaldeko testurik izugarrienetakoari egindako erreferentziak ematen dio hasiera Eta emakumeari sugeak esan zion eleberriari. Sagarra janez gero, Jainkoa bezalakoak izango zirela, jakituria guztiaren jabe, agindu omen zion sugeak Evari. Ezin horrelako promesa bati ezetz esan, eta ondorioak ezagunak zaizkigu: zigorra eta errua. Eta emakumezkoaren kasuan, gizonekiko mendekotasunean bizitzera kondenatuta egotea. Oņederraren eleberri honek gizonezkoen eta emakumezkoen arteko amildegiaz, bakardadeaz, bilaketa ororen alferrikakotasunaz edo gure bizitzari zentzua ematen dioten istorio nahiz kontsignen hutsaltasunaz hitz egiten digu.

Hogeita hamabost urteko protagonistak, Teresak, W-ra (Vienara) egiten duen bidaia fisikoa da emakumezko honen barne-bidaia irudikatzeko aitzakia narratiboa. Hasieratik bertatik aipatzen zaizkigun irudi eta erreferentzietan (The four seasonsen (1986) gizakiaren adinak margotu zituen Jaspers Johns margolaria, A. Vivaldi edo F. De André-ren kanta), badakigu heriotza beste helmugarik ez duen bidaia baten aurrean gaudela. Baina hori bakarrik ez, urtaroen kronologia ziklikoari eusten dion eleberri honetan, hasierako atalean jakinarazten zaizkigu istorioaren klabe guztiak, baita amaiera bera ere: Teresak 10 urte darama ezkonduta ("urte gehiegi aspertuta egoteko") eta bere nekea arindu nahian egindako bidaia honen ostean, neke eta bakardade handiagoa izango du.

Eta Vienan gaudenez, mende hasieran Habsburgotarren dekadentzia bizi izan zuen hirian, ulergarria da L. Wittgenstein aipatzea. Bera izan zen hainbat adierazpide artistikotara hedatzen ari ziren aire berritzaileak hizkuntzaren filosofiaren eremura eraman zituena. Txikitako Teresari Alegiako hiletetan izan zuen lehenengo ezusteak hizkuntzak errealitatearekin duen etena erakutsi bazion, heldutasuneko Teresak badaki etengabe traizio egiten dioten hitz horietan (maitasuna, adiskidetasuna, ilusioak...) babesa bilatzera kondenatuta dagoela. Horregatik, Becketten pertsonaien antzera, "kontatu, esan, hitz egin" beste irtenbiderik ez du, nahiz eta, badakien, hitzok, txikitatik bermatutako ilusioak, guztiz susmagarriak direla (L'Ere du soupįon deitu zion beste hark gure aro garaikideari). Hortik, testuak darabilen hizkuntza eta estilo neurtua, zehatza... M. Duras-en lanetan gertatu ohi den moduan, barrokotasun oro saihestuz bizikizun indartsuenak iradokitzen dizkigun hizkuntza narratiboa.

Horrela, elementu horiek guztiek antolatutako eleberri honek generoen arteko mugekin, paragrafoen kokaera eta antolaketarekin, jolasten du. Kontua ez da bakarrik pertsonaia nagusiaren baitan gertatzen den bilakaera narratzea, aldaketa hori deskribatzeko behar diren ohiko tresna narratiboak iraultzea baizik. Hauen artean, bigarren pertsonaren erabilera edo eleberriaren kronologia linealaren iraulketa aipatu beharko genituzke. Pertsonaien sentimendu ezkutuenak azaleratuz, sentsualtasun handiz marrazten dira usain (perfumearen limoi usaia), mugimendu (eskuena), ikusmen (duralexak) edo ukimenek eragindako zirrarak.

Alferrikakoa zaie eleberriko pertsonaia maskulinoei harengana hurbiltzen ahalegintzea, urruti, oso urruti baitago bera. Eta horixe da, hain justu, eleberri honen gune tematikoa osatzen duen funtsezko kontua: emakumezkoen eta gizonezkoen arteko urruntasuna, bizitzeko eta sentitzeko modu desberdintasuna, ezin ulertu erabatekoa. Hasieran datorren Dire Straitsen kantan dioen moduan ("when we make love you used to cry"), zerbaitegatik egiten dute negar emakumezkoek amodioa egiten dutenean. Segur aski, Teresak dioen bezala, gizonezkoen maitasuna elastikoa dela pentsatzen dutelako, ulertezinak, ukiezinak direla sumatzen dutelako. Nola adierazi kontua Belle de jour edo Le denier métro filmetako protagonistak hain ongi irudikatu ziguna oroitu gabe.

Lourdes Oņederraren ipuinetan, Anderson andrearen gutizia delakoan esaterako (ik. Mende berrirako ipuinak, Erein, 2005; ibid. Pintxos. Nuevos cuentos vascos, Lengua de Trapo, 2005, An Anthology of Basque Short Stories, CBS, 2004), begiradak desira adierazten du. Horregatik aipatzen da ipuinaren hasieran Doris Lessingen Love, again, Oņederraren narrazioak emakume edadetu baten desira duelako hizpide. Begiradak, perpaus labur eta etenak, erritmoa markatzen duten izen eta elementuen errepikapenak, deskribapen sentsualak... horiek dira egilearen idazkeraren osagaiak. Baina, batez ere, isiltasunarekin jolasten duen prosa neurtua, irakurlearen partehartzea bilatzen duten hutsune eta tarteak.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




Š Eta emakumeari sugeak esan zion: Erein