ORMAZABAL, Joxantonio

(Zegama, 1948-2010)

Magisteritza ikasi eta urte batzuetan irakasle hasi zen, Zarautz eta Tolosako ikastoletan. 1981 urteaz geroztik Elkarlanean argitaletxean egiten du lan, Haur eta Gazte literatur bildumen arloan zehazki: Euskal Herriko antzinako tradizio lanak biltzen ditu eta kanpoko haur literatura itzulpenak egiten -ehundik gora ipuin itzuli ditu, Teo pertsonaia nagusia daukaten 30 bat liburu horien artean-; horrez gain, testu liburuen moldaketan ere parte hartu izan du.

Hamabi urtetik beherako haurrei zuzenduriko literatura jorratu du, batik bat, Joxean Ormazabalek, eta hogeitik gora izenburu argitaratuak ditu. Bere lehendabiziko argitalpena, Kaskarintxo (Elkar), Mariasun Landarekin batera osatu zuen 1982an. Bakarkako estreinako lana urte bete geroago etorri zen, argitaletxe beraren eskutik: Margolin. Tximeleta baten istorioa azaltzen zaigu bertan, «nola harrapatu nahi duten etxe batean eta ihesean bere kolorea galtzen duen, ehiztarien eskuetan erortzen denean, eskolako haurrek nola margotzen duten, eta abar. Margolin tximeleta bati buruzko istorioa izanik, askatasunaz, horren balioaz eta edertasunaz idatzitako ipuina dugu» (in Etxaniz Erle, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura, Pamiela, 2005).

Ormazabalen testuetan gaur egungo gizarte egoerarekin harreman estua duten gaiak aurki daitezke, esaterako askatasuna -Kaiolatik mendira (Elkar, 1986)-, pobrezia eta bazterketa, ijito bat protagonista duen Kittano (Elkar, 1995) ipuinean antzeman daitekeen bezala, aiton-amonen eta iloben arteko harremana -Aitona parapentean (Elkar, 2004)-, edo ekologismoa. Azken horri heltzen dio Txoria zezenaren adar gainean (Elkar, 1999) liburuak, nahiz eta hori ez den istorioan jorratzen den gai bakarra. Animalien kontrako indarkeria ere azaltzen zaigu obra horretan: liburuan zezenketen berri izan duen txori batek zain daukaten patua jakinarazten die zelaiko itxituran dabiltzan zezen batzuei. Bestetik, Haur eta Gazte Literaturarako ezegokitzat jo izan diren gaiak, heriotza adibidez, naturaltasun osoz agertzen ditu egileak Amona bizikletan (Elkar, 2000) bezalako lanetan.

Zenbait lanetan oso presente du euskal kultura eta tradizioa, halaxe erakusten dute Euskal Herriko bi pertsonaia ezagunei eskainitako Pernando Amezketarra (Elkar, 1994) eta Lazkao Txiki (Elkar, 1995) liburuek, zein euskal ipuin herrikoiak -Joxe Migel Barandiaranek jasotako ahozko kontakizunetan oinarrituak- biltzen dituen Ttartalo-k (Elkar, 2001).

Ormazabalen beste narratiba lanetako batzuk ditugu: Patxibusa (Elkar, 1985; Elkar, 1998), Auto, asto, tren (Elkar, 1986), Honela bizi naiz (Elkar, 1986), Kiriko eta bere sendia (Elkar, 1989), Maripertxenta (Elkar, 1993), Azenario erraldoia (Elkar, 1998), Haizemari (Elkar, 1998), Nola ibili munduan, ohetik jaiki gabe (Elkar, 1998), Olentzeroren oparia (Elkar, 1998), Saturna (Elkar, 1999), Bi indar txiki inauterietan (Elkar, 2000), Ehunzango kaskarina (Elkar, 2000), Gorritxo eta Beltxiko (Elkar, 2000), Helikopteroa ikastolan (Elkar, 2000), Koxmeren gezurrak (Elkar, 2000), Irri eta barre (Elkar, 2001), Josebiñe (Elkar, 2001), Kotti (Elkar, 2001), Antonio Bolas (Elkar, 2002), Amaren titi-xorroak (Elkar, 2006).

Poesia ere landu du egileak. 1994an Hitzak jostailu argitaratu zuen Elkarren. «Bertan oso nabarmenak dira herri literaturaren eraginak: erritmo oso markatuak, dekorazio elementuak, zozketa-kantak, eta beste. Naturaren elementuek eta denboraren gurpilak garrantzia daukate, baina bestelako poema narratiboak ere badira, istorio txikiak, batzuk gaur eguneko kontuen ingurukoak...» (in Etxaniz Erle, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura, Pamiela, 2005). Gerora osatu zituen ipuinak, olerkiak, bertsoak zein igarkizunak biltzen zituzten Zipriztin (Elkar, 1996) eta Txoko txiki txukuna (Elkar, 1998). Bihotza zubi-n (Elkar, 2001), berriz, ipuinak eta poemak jaso zituen. «Poemak ipuinen antzekoak dira, eta ipuinak poemen modukoak, poetikotasuna, bihotza bultzagile, prosaren zubitik haratago baitoa. Egileak bertsotan idatzitakoa hitz lauz jarriz gero horra hor ipuina: "Ez dago gauza ederragorik, ez dago lan politagorik, bihotz batetik besteraino, ni nagoen lekutik zu zauden lekuraino, letrazko harriekin maitasunezko zubiak eraikitzea baino". Zer gehiago erants dakioke halako maitasun baieztapenari? Nork eman dezake bihotz gehiagorik?» (in Juaristi, Felipe. "Bihotzetik bihotzera", Diario Vasco, 2001)

Bien bitartean, Hiztegi jolastia (Elkar, 2002) lanean alfabetoaren inguruko poemak osatu zituen, Elena Odriozolak egindako ilustrazioek lagunduta, haurrak letrak modu dibertigarri batean ikas zitzaten.

Bestalde, Ormazabalek esaera zahar, igarkizun zein txiste liburuak argitaratu ditu: Esaera zaharrak (Elkar, 1990), Igarkizunak (Elkar, 1990), Txisteak (Elkar, 1990), Esaera zaharrak eta txiste berriak (Elkar, 1994).


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:




© Joxantonio Ormazabalen argazkia: Galtzagorri

© Kaskarintxo: Elkar

© Amaren titi-xorroak: Elkar

© Bihotza zubi: Elkar