ROZAS, Ixiar

(Lasarte-Oria, 1972)

"Irakurzaletasunak idaztera eraman nauen arren, irakurle izaten hasi nintzenean ez nuen inondik ere idazle, hitz handi hori, bilakatuko nintzela imajinatu. Are gutxiago, Liliek hego-haizeari xuxurlatzen diotena, Bartzelonan sortutako ipuina, lehiaketa batean inoiz saritua izango zenik.

Letrekin eta bizitzarekin zerikusia izango zuelakoan aukeratu nuen Iruñean Kazetaritza ikastea. Bidean, ordea, benetako letrek eta bizitzak Bartzelonara begira jarri ninduten. Hiri horretan idatzi nuen Edo zu edo ni (2000), nire lehenengo eleberria, beka bati esker. Bartzelonan sortua da, halaber, Patio bat bi itsasoen artean poema-liburua (Ernestina Champourcin saria, 2001).

Euskal Herrira itzuli nintzenean gazteentzako Yako (2001) eta Izurderen bidaia (2001) idatzi nituen; helduentzat, berriz, Sartu, korrontea dabil (2001) ipuin liburua. Korrontea ipuinarekin, jarraian datorrena, hasten da liburua. Horretaz gain, hiru ipuin antologietan hartu dut parte. Tartean, telebistarako eta irratirako gidoiak idatzi ditut eta bi antzerki- lan, argitaragabeak biak. Argitaratu dudan azkeneko lana, gazteentzako Yako eta haizea da (2002).

Idazteaz gozatu irakurleak nik idatzitakoa osatzen goza dezan. Bizitza, existentzia, zalantzan jarri; beti ere, kanpora begira bizitzen derrigortzen digun gizarte honetan barrura begiratzeko beharrari eusten".

Rozas, Ixiar. "Biography" in Olaziregi, M.J. (bil.), An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies-University of Nevada, Reno, 2004.



©Estibalitz Ezkerra




Nafarroako Unibertsitatean Kazetaritza egin ostean, gidoigintzan masterra gauzatu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Horren ostean, zenbait urtez egunkarietan (El Diario Vasco, Egunkaria, Emakunde...) zutabegile eta telebistan gidoilari (Ander eta Konpainia, Teilatupean, Benta Berri, Compañeros, Hasiberriak...) aritu zen. 2003an, Dario Malventirekin batera, artea (zentzu zabalean ulertuta berau) eta gogoeta kritikoa uztartzea helburu zuen "Periferiak" egitasmoa martxan jarri zuen Livornon (Italia). Gerora, Rozasek eta Malventik "Periferiak" jardunaldien beste hiru edizio zuzendu dituzte, Bilbon eta Donostian.

Hainbat literatur sari irabazi ditu Rozasek, hala nola, 2001eko Donostia Hiria Korronteak (Kutxa, 2001) ipuinarekin zein Arabako Foru Aldundiak ematen duen Ernestina Champourcin Poesia Saria (2001) Patio bat bi itsasoen artean lanarekin.

Edo zu edo ni (Erein) nobela dugu Rozasek argitaraturiko estreinako lana. Javier Rojo literatur kritikariak idatzi bezala, egileak «emakume heldu bat, Graziana, hirurogei urte ingurukoa, aukeratu du protagonista gisa. Emakume bat zeina jabetuko den, nahi gabe, bere bitzitzaren hutsaltasunaz. Familiako gainerako kideen zerbitzuan aritu da uneoro eta haientzat, baina baita bere buruarentzat ere, argi dago zein rol betetzen duen, beti ere familian duen tokiak baldintzatuta. Emakume bat, azken batean, etxekoandre, emazte eta ama moduan definitzen dena. Herriko beste andre batzuekin batera Okabe delako toki batera egindako bidaiak, non antzina akelarreak jaso zituzten kobazuloak dauden, errotik aldatuko du bere ikuspegia. (...) Alde teknikoari dagokionez, azpimarratzekoa da narratzailearen eta narrazioaren artean ezarritako jokua, zeinaren gainean eraikita dagoen obraren diskurtsoa. Modu horretan, nobelak protagonista-narratzailearen ahotsean hainbat ahots aldakor biltzen ditu, hainbat entzuleri zuzenduak, batzuetan identifikatzen zailak direnak baina protagonistarengan fokalizatuak beti. Ahots narratzaile honek ekintza, gogoeta eta elkarrizketa bildu egiten ditu, baina baita fantasia eta onirismoa ere» (Rojo, Javier. "En torno a la narrativa de Ixiar Rozas", Quimera 234, 2003ko iraila, 33-34 orr.).

Mari Jose Olaziregi kritikariaren aburuz, «egitura nahiz estilo sendoan garatutako lana» dugu Edo zu edo ni. «Aitortu nahiz ez den amodioaz, bakardadearen beldurraz... edo eskuetatik ihes egiten duen bizitzaz hitz egiten zaigu eleberri honetan. Eta horretarako, errealitatea, ametsa eta fikzioa nahasten dira, argazki eta irudi aukeratuen inguruan, irakurleon begietara osatuz doan puzzlea antolatzeko. Ezin esan ohiko amodiozko istorioa denik, azken batean, amodioaz ez ezik gertutik asaldatzen gaituzten beldurrez ere hitz egiten baita bertan. Perpaus eta ahapaldi kalkulatuak, edo ezer soberan ez dagoen sentsazioa, dira Ixiar Rozasen lehenengo eleberri honen indarra bermatzen duten ezaugarriak. Horretaz guztiaz gain, eleberriak etengabe begitatzen dizkigun irudietan nabarmentzekoa da zinemaren eta poesiaren eragina. Egileak berak aitortu bezala, Grazianaren istorioa kontatzen digun nobela honetako protagonista perfilatzeko Percy Adlon-en Bagdad Café filman oinarritu zen» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru, Bilbo, 2002).

Bere bigarren narrazio lana, Sartu, korrontea dabil (Erein, 2001), nobela koral bat da, «narrazio independentez osaturiko bilduma ia», Rojok berak adierazi bezala. «Nobela honek hamaika pertsonaia aurkezten dizkigu, bakoitza bere istorioarekin, batak besteekin duen lotura minimoa izanda... Pertsonaia horiek guztiak arrotz zaien hiri batean daude, haren kaleetan galduta bezala baitabiltza. Hiri horrek, Parisek, nahiz eta beste edozein hiri izan zitekeen, desagertu eta ezezagun izateko aukera eskaintzen die pertsonaiei gainerako hiritarrekin nahastu eta beren nortasuna galtzeko aukera... Pertsonaien etorrera hirira trenez ematen dio hasiera nobelari, eta haietako batzuen itzulerak (geltokira, hiria uzteko asmoarekin) amaiera. Nobela honetan agertzen diren bizitza pusketak zabaldu eta itxi egiten den parentesi bat baino ez dira. Une jakin batean hirian topo egiten duten bizitza hauek beren bidea jarraituko dute behin nobela amaituta, akaso beste hiriren batean, akaso elkarren artean harremanetan jarrita edo bestelako unean uneko lokarriak bilatuta» (Rojo, Javier. Op. Cit.).

Negutegia (Pamiela, 2006) dugu Rozasek orain arte argitaraturiko azken prosa lana. XX. mende bukaeran nabarmendu ziren gaien (inmigrazioa, kapitalismoaren gehiegikeria eta aren ondorioak) gainean gogoeta egiten den obra hau Euskadi Literatura sarietan finalista izan zen, 2007an. «Odisea-ren irakurketa gaurkotu eta pertsonal bat bailitzan, irla baterako bidaian kokatu ditu Ixiar Rozasek bere azken eleberri gogoangarri honetako pertsonaia nagusiak. Helburu den irla ez da Itaka, ezpada Livornoko kostaldeko Gorgona kartzela-uhartea, eta bidea egiten dutenak bi pertsonaia dira: Emi jatorri turkiarreko berlindarra eta Dede Frantzian bizitako kataluniarra... Istorio txikien eta historia handien arteko oreka eta harremanak maiz aipatzen ditu Rozasen eleberriak, eta bertako narrazio atalek ere istorio txikien bidez historia nagusia eraikitzea dute xede. Hala, hiru pertsonaien jatorriak arakatuz, Europako XX. mendeko historian barneratzen da idazlea, eta jarrera etiko eta ideologiko jakin batetik omendu egiten ditu orduan galtzea eta sufritzea egokitu zitzaienak.

»Baina gaur egungo munduaren eta makropolitikaren (politika bere benetako esanahiarekin ulertuta) gaineko irakurketa poetikoa ere bada Negutegia. 2001ean globalizazioaren aurkako protestetan hildako Carlo Giulianiren hilketa batasun haritzat hartuta, Mendebalde globalizatuaren erretratu kritikoa egiten du Rozasek: lan baldintza kaxkarrak, etorkinen egoera prekarioa, metropoli garaikideko bakardadea...

»Poesiatik gertu dago eleberri honetako erregistroa eta tonua, eta ez soilik metaforen joritasunagatik edo idazkeraren lirismoagatik. Horrez gain, azaldu eta esplikatu bainoago iradoki egiten da, zertzelada solteak eman, irudi poetikoak sortu, eta horri esker lortzen du egileak puska solteak, itxuraz harremanik gabeak, hain era koherentean eta hunkigarrian aurkeztea» (Egaña, Ibon. "Gure munduaz", Berria, 2006-04-11).

Bestetik, Patio bat bi itsasoen artean poemategia argitaratu zuen egile lasartearrak 2001ean, Gasteizko Udalaren bitartez. «Bere txikitasunean (...) Patio bat bi itsasoen artean liburuan begiradari egiten zaion omenaldia da. Liburua zabaldu bezain pronto agertzen den Josep Plá-ren aipuak garbi uzten du non sartzen garen: ikuskeraren mundu batean, intimitatearen zirrikituetatik sartzen den mundu baten deskripzioan: "Mundu teatroa zabala eta desberdina agertzen da". Eta leihotik begiratzea dibertigarria bada Pláren iritziz, horixe egin du Rozasek. Burua leihotik atera eta mundu bat ikusi, eta mundu horren zeinuak idatzi. Lehen poemak ere azpimarratu du ideia hori: "murruek beti xurxulatzen didate istorio berri bat/ eta bat egiten dute/ zure ezpainek azalean izkiriatzen didatenarekin".

»Begirada eta idazkera. Ahotsak ongi erabiltzen dituela esan da Ixiar Rozasen estiloa definitzerakoan, hitza ongi moldatzen duela. Eta hemen nitasun baten hitza dugu, tonu oso hurbila, modernismoaren hiztegitik hurbil eta paralelismoz hornitzen den giroa. Hiriaren mapa marrazten du, Bartzelona multi-kulti batena, han dira etorkinak, han auzoko pertsonaiak, baina badago horren atzean zuka bati zuzenduriko diskurtso maitatia. Begiradak agintzen du eta pilaketek joko egin dute hitz jokoekin eta ingenioarekin.

»Dena dago tonu minor batean, dena doa tonu melankoliatsu batean. Pertsonaiak agertzen dira, eta pertsonaien argazki narratiboa eskaintzen zaigu poemarik poema, eten gabe mundu bat sortu arte. Eta hala dio idazleak: "paisajeak pilatuz noa/ baso jaioberriak/ lautada irmoak/ koadroak diruditen paisajeak/ izozturiko esperientziak/ bizipen iheskorrak". Mundu horretan ez dira falta nitasunaren garraztasunak. Bigarren zatian irakurraldi berriak agertzen zaizkigu (Prado, Bachmann, Lispector) baina munduak poema horrek adierazten duen modu horretan dirauela dirudi. Interesgarriak dira emakumeek idatzitako mundu baten agerpenak, emakume literaturaren aipamenak, han eta hemen, zeren Rozasek agertzen baitu emakumeen bizitzan diren ezpalarik gogorrenak "bonzo" poeman adibidez, emakume jipoituen inguruan idatzitako poeman, edo "ohiturak" berezian» (Jon Kortazar, "Patiora begira", Bilbao, 2002-04).

Rozasenak dira, halaber, haur eta gazte literaturako hainbat lan, hala nola, Yako protagonista duen saila: Yako (Erein, 2000), Yako eta haizea (Erein, 2001) eta Yako eta lurra (Erein, 2004). Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak emandako bekari esker, Gaur bakar bat/Una sola noche (Hiru, 2004) antzezlana idatzi zuen, absurdoaren literaturaren, eta bereziki, Becketten lan dramatikoen oihartzunak dakarzkigun pieza apokaliptikoa.





Idazleari buruzko informazio gehiago:




©Negutegia: Pamiela