SAIZARBITORIA, Ramon

(Donostia, 1944)




© Mari Jose Olaziregi

Transcript aldizkarian argitaratua, 2005.




Bere ibilbide profesionalarengatik I. Sustatu Saria (Eusko Jaurlaritza, 1994) lortu zuen soziologo honen eleberriek kontamolde eta poetika guztiz berritzaileak ekarri zizkion garaiko euskal eleberrigintzari. Horretaz gain, Lur eta Kriselu argitaletxeetako kidea izan zen, Ustela eta Oh! Euzkadi aldizkarien sortzaileetakoa, eta kolaborazio ugari kaleratu ditu hainbat komunikabideetan.

Poesia eta saiakera lan aipagarriak argitaratu baditu ere (bereziki, Aberriaren alde (aberriaren kontra) izeneko saioa 1999an), bere eleberrigiengatik da goraipatua Saizarbitoria euskal literaturan. Hastapenetako eleberrietan, Egunero hasten delako (1969), Ehun metro (1976) eta Ene Jesus (1976), Saizarbitoriak bilaketa gisara zekusan nobelagintza, hau da, esperimentatzeko eta gauza berriak esaten saiatzeko ahalegin gisara. Nouveau Roman-en planteamenduetatik hurbil zegoen abiapuntu literario honetan, istorioek baino garrantzi handiagoa zuen eurak adierazteko moduak. Aipatutako hiru eleberri horietan dagoen bilakaera zinez da aipagarria, teknikoki guztiek erakusten duten trebeziaz bat, idazketari berari buruzko hausnarketa bilakatzen delako hirugarren nobelaren, Ene Jesus metanobelaren gai garrantzitsuena.

1970eko hamarkadan ezagun egin zuten eleberriekin isiltasunaren mugetaraino iritsi bazen Saizarbitoria, 1990eko hamarkadan argitara eman dituen eleberrietan posmodernitateak bere egin zuen abiapuntua izan du akuilu: iragana deuseztatzen ahalegintzeak isiltasunera eramaten gaituenez, eskura daukagun irtenbide bakarra iragan hori berriro bisitatzea da. Horretarako, iragana berreskuratzeko, oroimena izango du eskura eleberrigileak. 1995ean argitaratutako Hamaika pauso eleberria nobela generazional moduan kataloga daiteke, hau da, belaunaldi bat erretratatzen saiatzen den nobela gisara. Francok hil aurretik fusilatu zituen Angel eta Otaegi ETAkideetako baten, Otaegiren, agoniatik abiatuz 70-80 hamarkadetako giro politiko asaldatua margotzen da eleberrian. Azken buruan, heriotzaren aurreko lazturak eta bakardade izugarriak laburbiltzen du nobelaren hari tematikoa, eta horretarako, protagonistaren drama izugarria adierazteko, heriotzaren gaineko erreferentzia intertestual eta metanarratiboz beteta dago liburua. 1995eko Kritika Saria eskuratu zuen eleberri horrekin, eta baita 1996ko Bihotz bi. Gerrako kronikak eleberriarekin ere. Tituluaren dualtasun inplizituak iradokitzen digu nobela hau gizakiaren sentimendurik bizienen inguruan eraiki dela: maitasuna eta gorrotoa, eta, Hamaika pauson gertatzen zen era berean, hasiera-hasieratik jakinarazten zaigu nobelaren amaiera tragikoa: engainatu egin duela jakin ondoren, narratzaile-protagonistak hil egiten du bere emaztea, leihotik jaurtiz. Nobelan, senarrak emaztearekiko harremanaren gainbeheraren une funtsezkoak kontatzen ditu. Denbora kronologikoa hankaz gora jartzen da, berriro ere, protagonista nagusiaren denbora psikologikoan murgiltzen gaituzten errepika eta prolepsien bidez (flash-forward). Narratzaileak dioen moduan, «istorioaren narrazioa istorioa bera baino erakargarriagoa da», eta horregatik errepikatzen dira behin eta askotan, zehatz eta obsesiboki, eszena gatazkatsu berak.

Irakuleria gazteentzat idatzitako Kandisky-ren Tradizioa (2001) arrakastatsuarekin batera, Gorde nazazu lurpean (Erein, 2000) liburua da, oraingoz, Saizarbitoriaren azkena. Liburuaren harrera bikainaren adibide ditugu orain artean lortutako sariak: Kritika Saria, eta Euskadi Saria, besteak beste. Gorde nazazu lurpean liburuak bost narrazio luze biltzen ditu eta gauza bat dute guztiek komunean: gorpuak hilobietatik atera egiten direla arrazoi desberdinak direla medio. Bilduma horretako narrazio luzeenetik, Rossetti-ren obsesioa eleberritik, hautatu dugu zati bat hiru hizkuntzatan aldizkari honetan eskaintzeko. Bertan topatuko du irakurleak Juan Martin protagonista, Dante Gabriel Rossetti margolariaren antzera, bere artelanarekin obsesionatuko den pertsonaia bakartia. Obsesio horrek bi emakumeekin duen harremana eragotziko du. Ironia, umorea, Arteari eta Psikoanalisiari egindako erreferentzia intertestualak, eleberri bikain honen osagarriak dira.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: clubdelectura.uned.es

© Kandinskyren tradizioa: Erein

© Ehun metro: Erein