SARRIONANDIA, Joseba

(Iurreta, 1958)




© Mari Jose Olaziregi




Joseba Sarrionandia Euskal Filologian Lizentziaduna da, kolaboratzaile izan da hainbat argitalpenetan, euskaltzain urgazle eta euskal literatura garaikidean eragin handia izan duen POTT aldizkariaren sortzaileetako bat. ETAko kide izateagatik kartzelan sartu zuten 1980an, eta 1985ean egin zuen ihes. Ohiko literatur generoez gain (poesia, narratiba, saiakera) esperimentazioa eta hibridotasuna bere egiten duten mugako lanak kausi ditzakegu bere ibilbide literarioan. Azken horien artean, Ni ez naiz hemengoa (1985) (gaztelaniaz: No soy de aquí, Hiru, Hondarribia, 1992, Bego Montorioren itzulpena; alemanieraz: Von nirgendwo und überall, Verlag Libertäre Assoziation, Hamburg. Ruth Baier-en itzulpena, 1995), Marginalia (1988), Ez gara geure baitakoak (1985), eta Han izanik hona naiz (1992) liburuak aipa genitzake. Beste lan batzuek Sarrionandia narratzaile bikaina dela oroitarazten digute, hala nola, Narrazioak (1983. Katalanez: Narracions, Ed. Portic, J. Daurella-ren itzulpena, 1986), Atabala eta euria (1986; Espainiako Kritika Saria) eta Ifar Aldeko orduak (1991). Irudi eta metafora iradokitzailez beteriko prosa poetikoan, fantasiarako eta iraganeko legendetarako zaletasuna erakusten du idazleak. Hor kausitzen ditu irakurleak, sirenak eta marinel zaharrak (Coleridge edo Melvillerekiko lilura azpimarratzen dutenak), ziklo Arturikoari gorazarre egiten dioten pertsonaiak: Ginebra, Galahad... geltoki bakartiak, Poeren unibertso literarioaren zantzuak eta literaturari buruzko hausnarketa, hots, metaliteratura. Bere narratiba lanen artean honako eleberriok ere gogora genitzake: Lagun Izoztua (2001; Espainiako Kritika Saria) eta Kolosala izango da (2003).

Esandakoaz gain, itzultzaile bikaina da Joseba Sarrionandia. Itzulitako lanen artean, esaterako, T. S. Elioten The Waste Land, T.S. Coleridgeren The Rime of the Ancient Mariner, edo Pessoaren O Marinheiro aipatu behar dira. Horiekin batera, Baudelaire, Melville, Rilke, Auden, Dylan Thomas, Pavese... eta besteren poemen itzulpenak bildu zituen Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985) liburuan. Hamahiru ate (1985) liburuan, berriz, hainbat egile unibertsalen ipuin ezagunak bildu zituen.

Ezin ahaztu Sarrionandiaren ibilbide poetikoa, euskal literaturaren historietan leku aipagarria eman diona. Izuen gordelekuetan barrena (1981), Marinel zaharrak (1987), Gartzelako poemak (1992) eta Hnuy illa nyha majh yahoo (1995) dira bere poema liburu ezagunak. Liburu horietako poema batzuk eta kantari ezagunentzako idatzitako kantuak Hau da ene ondasun guzia (1999) liburu eleanitzean bildu zituzten. Edonola ere, irakurleek Sarrionandiaren poema itzuliak hainbat antologiatan kausi ditzakete, hortxe daude, esaterako, Iñaki Aldekoak paratutako Antología de la poesía vasca (Visor, 1991); P. Hernándezek prestatutako: Poesía vasca contemporánea (Litoral, 1995), J.L. Gallero eta. & J.M. Parreñoren 8 poetas raros (Ardora, 1992) edo M.J. Olaziregiren Six Basque Poets (Arc, 2007) antologian.

Bidaia eta deserria dira Izuen gordelekuetan barrena (1981) liburuaren ardatz tematikoak. Liburuaren lehenengo poeman ikus daitekeen bezala (ikus "Bitakora kaiera"), bidaia hori Europako 7 hiri ezagunetan zehar egiten da eta bakoitzean poeta bat omentzen. Alabaina, deserria da bidaiaren amaiera zilegizko bakarra (ikus "Etxera itzuli"). Kavafis, Pessoa, Yeats, Dylan Thomas, Kafka... eta hainbat idazle ezagunen oihartzunak kausi ditzakegu erreferentzia eta aipuz betetako liburu honetan. Izan ere, liburuaren hitzaurrean esaten den bezala, literatura oro finean metaliteratura baita. Jainkoaren eta Autorearen heriotzaren ostean, besteren lanak baliatzea, besteren ahotsez jabetzea da modernitate osteko garaiotan egokitu zaiguna. Estilo aberastasuna, testuen musikaltasuna, erabilitako irudien ugaritasuna (zeintzuen artean labirintoarena edo marinel zaharrarena nabarmenduko genituzkeen)... azpimarratzea mereziko luketen ezaugarrietako batzuk dira.

Marinel zaharrak (1987) liburuak Izuen gordelekuetan barrena liburuko hainbat poema berreskuratzen zituen, kartzelan eta ihesaldian idatzitako beste batzuekin batera. Ahots ezkorra da nagusi bertan, eta aurreko liburuaren intertestualitate nabarmena baztertuz, literaturak ahal duenari buruzko eszeptizismoa da nagusi (ikus "Literatura eta iraultza"). Poetak dioen bezala, betiko kondenatua da presoa eta hainbat poetarekin, hala nola, Maiakovski edo Villon, ezaugarri hori partekatzen du.

Hnuy illa nyha majah yahoo. Poemak (1985-1995) (1995) izenburu esanguratsua darama Sarrionandiaren azken poema liburuak. Gulliverren Bidaiak liburuko perpaus bat parafraseatzen da bertan, "Zaindu zaitez lagun" esan nahi duen perpausa hain justu. Poetaren ibilbide literario guztian hain presente dagoen heriotzaren gaiaz bat, deserriarena da, ezbairik gabe, liburu honetan nabarmentzen dena. Gai desberdinetako poemak eta narrazioak jasotzen dituzten hamar ataletan dago egituratuta eta gai hauen artean: "heroiaren heriotzarena, deserria, marinel zaharra oroitzapen bezala, itxaropena eta oldartzea, haurtzaroa eta iraganeko herria, etorkizunekoa... amodioaren gaia ere azaltzen da" (ikus Lourdes Otaegi: "La poesía del siglo XX"). Liburuari hasiera ematen dion Elioten aipuak ("Time present and time past/ Are both perhaps present in time future", No. 1 of Four Quartets) denboraren eta aurrerapenaren ideia oro ezabatzen du. Ideia bera da, hain justu, liburuaren hastapenetako narrazioak nabarmendu nahi duena, hau da, iragana, oraina eta etorkizuna nahastuta daudelako ustea. Honekin batera, aipagarria da liburuak aurreko liburuetako poemak biltzen dituela oraingoan ere, eta hauek ez daudela hurrenkera kronologikoan antolatuta.

Deserria, haurtzaroa galdutako paradisu gisara (=utopia gisara), edo Lagun Izoztua (2001) bezalako eleberrietako heterotopiek osatzen dute Sarrionandiaren lanaren oinarrian dagoen espazioen corpusa. Hnuy illa nyha majah yahoo liburuan lehenengo pertsonan mintzo zaigu poeta eta deserria derrigorrezkoa dugula esango digu, ezinezkoa dela etxera itzultzea, behiala ezagutu genuen etxea eta herria dagoeneko ez direlako berberak. Ezinezko itzulera benetako poesian sinesten duen poetaren ahotan kontatua, horra liburuaren laburpena. Sarrionandiak dioskun modura, Auschwitzen ostean poesia idaztea posible da oraindik, posible ez ezik beharrezko ere bai, benetako poesia idazteke baitago.





Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Kolosala izango da: Txalaparta