TXILIKU (Jesus Mari Olaizola)

(Zarautz, 1951)

Ingeniaritza Tekniko ikasketak egin zituen, inoiz aritu ez bada ere ikasitako langintzan, kimikari gisa, alegia. Irakasle-ikasketak ere egin zituen eta zenbait urtez irakaskuntzan jardundakoa da. Aspaldi honetan, dena dela, eskolarako liburuak prestatzen ditu, zientziaren arlokoak batez ere.

Haur eta Gazte Literatura du berezko esparru Jesus Mari Olaizola Txiliku-k. Zozoa eta biok (Elkar, 1982) liburuaz geroztik hogei lanetik gora argitaratu ditu, denetariko gaiak jorratuz. Guztietan «Txilikuk estilo zuzen, erraza eta arrunta darabil. Bere asmoa ez da haurra deskribapen luzeekin aspertzea, entretenitzea baino. Haren ustez, haurrak ez dio liburuari ihes egin behar» (in Calleja, Seve. Haur literatura euskaraz, Labayru, 1994).

Bere lehen argitalpenen artean dago euskal haur eta literaturako estreinako zientzia fikziozko eleberria: 2061: antzinako kronikak (Elkar, 1990). Izenburuak aipatu datan kokatzen dira istorioko gazte protagonistak. Libururik ez da bere garaian, beraz, liburua zer den ikertu beharko dute. «2061: antzinako kronikak etorkizunetik oraina adierazteko modu horren bidez, geroko gizartea eta oraingoa konparatzen ditu. Txiliku gizartean, eboluzioan, modernidadearen aldaketetan eta etorkizuneko asmakizunetan oinarritzen da zientzia fikziozko nobela hori egiteko» (in Etxaniz Erle, Xabier. Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia, Pamiela, 1997).

Bien bitartean, errealismo kritikoan barna abiatu zen Katixa eta Kroko (Elkar, 1992) osatzeko. «Bost urteko neskatila batek irudi liburutik ihes egin duen krokodilo bati leporatzen dizkio etxeko bihurrikeria guztiak, apurtzen diren gauzak, liburuetako zimurrak, liburuen ertzetako hozkadak, eta abar. Katixari animismoa lagungarria gertatuko zaio bere garapenean, kontzientzia edo ekintzen jabetzaz ohartu ahala, krokodiloa harrapatzeko asmoa sendoagoa izango da» (in Etxaniz Erle, Xabier. Op. cit.). Katixa eta Kroko-ren jarraipena dugu Katixa, Kroko eta Kokoroko (Elkar, 1997).

Abenturarentzat ere tokirik bada Txilikuren literatur sorkuntzan. Hain zuzen, Indianoa (Elkar, 1993) «gure herriko errealitatetik abiatuz eginiko abenturazko nobela klasikoa dugu, XIX. mendeko nobela argumentuari kasu eginez; kontaketa, berriz, Mila gau eta bat gehiago ezagunaren antzekoa dugu» (in Etxaniz Erle, Xabier. Op. cit.). Maitasuna -Agure jakagorria (Elkar, 1995)-, ekologismoa -Hiru lagun (Elkar, 1995)-, aiton-amonen eta iloben arteko harremana -Kikik koko nahi du (Elkar, 2000)- zein mitologia -Amona Blasi eta herensuge-kumea (Elkar, 2002), Jokin Galtzagorri (Elkar, 2004)- dira bere lanetan aurki daitezkeen beste gaietako batzuk.

Orain arte argitaratu duen azken obrarekin, Osaba Bin Floren (Elkar, 2004), Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen, 2004an. Funtsean, Euskaldunon Egunkaria-n argitaratzen hasi eta, haren itxieraren ostean, Berria-n kaleratzen jarraitu zituen osaba Bin Floren-en kontakizunak biltzen ditu liburuak. Kontamoldeak Mila eta bat gau gehiago liburua dakar gogora, izan ere, Txilikuren lanean bata besteari kateaturik azaltzen zaizkigu osaba Bin Floren-ek kontatzen dituen istorioak.

Egilearenak ditugu ondoko narratiba lanak ere: Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon (Elkar, 1984), Papartxuri eta Biboteluxe (Elkar, 1985), Muxi eta Puxi (Elkar, 1987), Zazpi gelako hodeietako etxea (Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zarauzko udala, 1987), Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa (Elkar, 1989), Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan (Elkar, 1991), Etxerako bidea (Elkar, 1995), Albahaka lurrina (Elkar, 1996), Oihaneko mutikoa / The boy from the jungle (Baigorri, 2000), Arreba txiki bat dut, eta zer? (Elkar, 2002), Horazio eta jaguarra (Elkar, 2002), Alfonbra berria (Elkar,2006).

Bestetik, ahozko literatura eta folklorea aztertzen dituzten bi lan egin ditu Txilikuk: Lau titiriti, bi tatarata... (Errenteriako Udala, 1995) eta Axa mixa zilarra (Elkar, 2000). Lehenengoarekin Koldo Mitxelena Saria irabazi zuen Txilikuk 1994an. Obran horretan «igarkizun tradizionaletik abiatuz (Azkuek eta Vinsonek jasotakoetatik) haien deskribapenak, sailkapena, osatzeko erak ikusi ahal izango ditu, ondoren igarkizun berriak sortu ahal izateko» (in Etxaniz Erle, Xabier. Op. cit.). Axa mixa zilarra (Elkar, 2000), berriz, «folkloretik jasotako elementu ugari biltzen dituen liburu ederra da: igarkizunak, kantak, hitz-jokoak, aho-korapiloak, jolasak, jolaserako formulak, bitxikeriak... Egiturari dagokionez, urteko egunak beste atal ditu, baina lehenbizi egun bakoitiak aurkezten ditu ("Bakoitien txokoa"), eta gero bikoitiak ("Bikoitien txokoa"), eta bi sekzioen arteko joan-etorriak ezartzen ditu, batez ere igarkizunen erantzunak aurkitzeko» (in Etxaniz Erle, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. Op. cit.).
«Obra hau ez da irakurleak bat-batean hasi eta bukatu arte esku artean izaten duen liburu horietakoa, ez; noizean behin dastatzeko plater gozoa da obra hau. Orain igarkizun batzuk, gero galdera bati erantzun ("ba al dakizu zer erantzuten zaion zer?" galdetzen duenari?, edo ba al dakizu zer esaten zaion gaiztakeria handiren bat egiten duenari?, esaterako), apur bat beranduago ipuin laburra irakurri eta igarkizun batekin amai daitekeen jatordu literarioa eskaintzen zaio orrialde hauetara hurbiltzen denari» (Etxaniz Erle, Xabier. Behinola, 3. zkia, 2000ko azaroa).

Helduentzat ere idatzi izan du egileak, horren adibide ditugu Hontzaren orduak (Elkar, 1999) ipuin bilduma eta 101 gau (Elkar, 2000) liburua. Azken horretan, izenburuak berak adierazten duen bezala, ehun eta bat gauetan jasotako idazkiak aurkituko ditugu. «Badute batzuk ipuin tankera; beste batzuek aforismoarena duten bezalaxe; eta badira hirugarren batzuk saio laburtzat jo daitezkeenak. Gaiak ugariak dira, bizitzakoak bezala. Badute zerikusirik egunerokotasunarekin, ez bizitza intimotzat joa bera, baizik eta memoriadun ekintzatzat hartua, alegia egiten dugun guztia, lehenxeago ala geroxeago. Gure oroimenak ateratzen baitu kanpora, eguras dadin. Egiten duguna pentsamendu baita, edo irakurketa, edo... ez dakit, beti ari gara zerbait egiten, eta hori geratzen da gure barnean gorderik altxor bat balitz bezala. Euskararen inguruko kontuak ugariak dira, baita animalia txikiei buruzkoak ere, zehatzak horiek, entomologo batenak baitirudite. Erraz irakurtzen dira eta neurri batean probetxuzkoak ere badira testuok» (in Juaristi, Felipe. "Probetxuzko jakituria", Diario Vasco, 2000-11-04).

2006an Bizitza eredugarriak liburua argitaratu zuen Elkarrekin. Bertan, umore eta ironia dosi handiak erabilita, oinarri erreala izanagatik ere, fikziotik ere asko duten hogeitabost biografia laburbilduta azaltzen ditu egileak. «Aspalditik datorren eta bizirik dirauen tradizioa da eredu gisa aurkezten diren bizitzena, eta horien aurrean prebentzioz jokatu behar dela uste dut. Liburu hau idaztean, hori izan da nire asmoetako bat. Horregatik, nik irakurleari gomendatuko nioke arretaz irakurtzeko biografia hauek. Liburuko edozein pasartetan ezkutuko txantxaren bat egon daiteke», adierazi du egileak (in Zabala, Juan Luis. «Prebentzioz jokatu behar da eredu gisa aurkezten diren bizitzen aurrean», Berria, 2006-10-12).


Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:




© Txilikuren argazkia: elkarlanean.com

© Katixa eta Kroko: Elkar

© Osaba Bin Floren: Elkar

© Axa mixa zilarra: Elkar

© Bizitza eredugarriak: Elkar