TXILLARDEGI (Jose Luis Alvarez Enparantza)

(Donostia, 1929-2012)

Ingeniari ikasketak egin zituen Bilbon, eta Linguistikakoak Parisen. 1976 eta 1981 urte bitartean Euskal Fonologia irakatsi zuen EUGT-n, eta 1982an Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen klaseak ematen. Gaur egun, erakunde horretako katedratiko emeritoa da.

Filosofia existentzialistaren eraginak markatu du Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren ibilbide literarioa, lehen nobelatik bertatik. Estreinako eleberri hori dugu Leturiaren egunkari ezkutua-n (Euskal Idazlanak, 1957; Elkar, ), ezezagun batek transkribaturiko egunkariaren berri ematen diguna. Egunkari horren egilea da Leturia, zeinak orrietara eramango duen Mirenekin izandako maitasun harremana. Harreman hori, eleberrian agertzen diren harreman pertsonal guztiak bezalaxe, porrot egitera kondenatuta dago hasiera-hasieratik. Historiaren amaiera ezin dramatikoagoa da: Miren gaitz batek jota hiltzen da eta Leturiak bere buruaz beste egiten du. Absolutura iristeko bidea zelakoan Maitasunean ipinitako itxaropena zapuztu egiten zaio protagonistari. Mari Jose Olaziregiren arabera, nobelaren muina «hautatu beharrak gizakiarengan sortzen duen larridura existentziala» genuke. «Izan ere, euskal eleberrigintzako lehen heroi gatazkatsuaren aurrean gaude (ikus Otegi, Karlos. Pertsonaia euskal nobelagintzan, Mensajero, Bilbo, 1976), bere haragian existentzia ororen kontingentzia, absurdua sufritzen duen pertsonaiaren aurrean. La nausée (1938) eleberrian A. Roquetinek bezala, Leturiak giza existentziaren zentzurik eza islatzen du bere egunkarian, baita gogoeta egin ere existentzialismoaren gai nagusien inguruan: bakardadea, heriotza, hautatu beharra... eta Jainkoaren existentziaren inguruko eztabaida, Leturiak ukatzen ez duen existentzia. Unamunoren aipamenak joera existentzialista ez ateoaren aurrean gaudela iradokitzen digu» (in Olaziregi, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia, Labayru- Zornotzako Udala, Bilbo, 2002).

Bien bitartean, denboraren iragate geldiezinarekiko obsesioak kondenatuko du Peru Leartzako (Itxaropena, 1960; Elkar, 1987) nobelako protagonista. «Heideggerrek baieztatutakoaren haritik, istorioan Peru ezin da bere existentziaren jabe izan jakin baitaki bere bizitza finitasunak markatuta dagoela (...). Lanean larri dabil, handik irtetean ere ez du zoriontsu izatea lortzen, eta eroetxe batean sartzen dute» (in Olaziregi, Mari Jose. Op. Cit.).

Peru Leartzako argitaratu eta handik zortzi urtera ikusi zuen argia Elsa Scheelen (Kriseilu, 1968; Elkar, 1985) nobelak. Liburuak Elsaren ibilbide sentimentalaren berri ematen digu: Luc mutil lagunarekin hautsi ostean, Pierre Munier apaizaren konpainian bere bakardadeari aurre egiten saiatu emakumea. «Bruselan kokatua den eleberri honek ere aurreko eleberrien oinarri modernoa dauka, eta idatzia izan zen garaiaren isla da: marxismo-leninismoaren inguruko eztabaida politikoez hitz egiten da, Vietnameko gerraren aipamenak egiten dira, M. Luther Kingenak... eta, batez ere, eztabaida erlijiosoez eta sekularizazioaz hitz egiten zaigu (sekularizazioaren arazoa Munierrek Elsa ezagutu ondoren izandako duda erlijiosoetan islatzen da)» (in Olaziregi, M. J. Op. Cit.).

Gizaki absolutuaren xerkan jarraitu zuen Txillardegik hurrengo lanean, Haizeaz bestaldetik (Egilearen edizioa, 1979) nobela poetikoan, Exkixu (Elkar, 1995) nobela errealistak bere konpromiso ideologikoaren berri eman zuen bitartean. Putzu-n (Elkar, 1999), berriz, iraganeko kontuei heldu zien, gerra karlistei alegia. Putzu izeneko pertsonaia karlista sartu eta Karlos Setimoren aldeko boluntarioekin biltzen da, gerra egiteko. «Aurreko nobeletan hasitako ibilbidea alde batera utzi gabe, honetan ere pertsonaia nagusiaren bilakaera psikologikoaren kontakizuna egiten du autoreak, eta haren bizipen eta larridura izugarrienen partaide egiten gaitu» (in Olaziregi, M. J. Op. Cit.).

Labartzari agur (Elkar, 2005) lanean hamazazpi urte gartzelan igaro ostean, Labartzara, jaioterrira itzultzen den Antton Ihartzegarairen berri ematen zaigu. Atera eta lehen gauza memorian hainbatetan berrikusitako lekuak bisitatzea izango du helburu Ihartzegaraik, baina talka nabarmena gertatuko da bere usteen –jaioterriaz zuen ikuspegiaren– eta errealitatearen artean. Lehengo lekuak bisitatzearekin batera galdera berriak egiten dizkio bere buruari. Etengabe ari da galderak egiten. Bizitzaren eta heriotzaren eta abarren gaineko galderak. Hemen Txillardegiren ohiko kezkak agertzen dira, kezka existentzialistak.

Hizkuntzalaritzaz eta Fonologiaz hainbat liburu idatzi ditu egileak: Hizkuntza eta pentsakera (Gero, 1972), Euskara batua zertan den (Jakin, 1974), Fonologiaren matematikuntza (UEU, 1979), Euskal fonologia (Ediciones Vascas, 1980), Euskal azentuaz (Elkar, 1985), Elebidun gizartearen azterketa matematikoa (UEU, 1984). Saiakeran ere aritua da, horren adibide dira Huntaz eta Hartaz (Goiztiri, 1965; Elkar, 1983), Oinarri bila (Irakur saila, 1977), Euskal Herritik erdal herrietara (Egilearen edizioa, 1978), Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981 (Elkar, 1984), Euskal Herria helburu (Txalaparta, 1995) eta Euskararen aldeko borrokan (Elkar, 2004).

Idazleari buruzko informazio gehiago Interneten:

© Argazkia: erabili.com