URIBE, Kirmen

(Ondarroa, 1970)

Gabriel Arestiren Harri eta Herri zein Bernardo Atxagaren Etiopia lanekin batera, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) dugu euskal irakurleen artean arrakasta handien izan duen poemategia. Jon Kortazar literatur kritikariaren aburuz poetak darabilen mintzairan datza Bitartean heldu eskutik-en lorpenik handiena. «... Iragan milurtekoaren amaierako eta dagozkigunaren hasierako estetikek trazaturiko bide gurutzatuen aurrean, [Uribek] bide zuzena berreskuratzera datorren korronte estetikoarekin, Auden eta T. S. Eliot-en poetiken harrerarekin bat egin du, hots, bizitzari dagozkion eta gaurkotasuna duten arazoak berreskuratu ditu, nahiz eta une oro fikzionalitatea aldarrikatzen duen, eta postmodernitatearena baino gehiago garaikidetasunaren gaineko bestelako irakurketa proposatu du, poesia bat non argi eta garbi "gauzak esaten diren", hitz, irudi eta metaforen gehiegizko erabilera alde batera utzita... Hitz batean esanda: gertutasunaren poesia. Abangoardia eta sinbolismo zein konpromiso eta sorkuntzaren arteko jokuak hartu duen kale ilunari bilaturiko irteera genuke» (in Kortazar, Jon. Montañas en la niebla. Poesía vasca de los años 90, DVD, Bartzelona, 2006). Bitartean heldu eskutik-ekin Espainiako Kritika saria jaso zuen egileak, 2002an.

Zazpi ataletan banaturik poemategia, haietako bakoitzak biltzen dituen poemetan gai bat nagusitu ohi delarik. Horrela, poetak gogoeta egiten du gaur egungo gizartea, gizatasuna bera, mehatxatzen duten teknologiaren, aurrerapenaren edota perfekzio nahiaren gainean, baita esentziara bueltatzearen beharra planteatu. Poemetako batean esaten duen bezala, «gizakia ekarri munduaren neurrira». Iratxe Gutierrez Retolazaren aburuz, Uribek «apaltasunean bizitzeko eta beldurrez zein zalantzez beteriko giza kondizioa onartzeko beharrezkoa den adorea aldarrikatzen du: lehiaren eta perfekzioaren bilaketan datzan bizimoduari beharrezkoa zaion baino adore handiagoa» (in Gutierrez Retolaza, Iratxe. Mano miedosa, mano sincera, Zurgai, 2002ko uztaila, 125-127 orr.). Ildo horretan, poetak orainari heltzeko esaten digu, mementoa bizitzeko. «Dena den, azpimarratu egiten du iraganak orainaldiko bizipenetan izan dezakeen balioa. Horretarako, poemategiaren bigarren atalean umeei buruz mintzo da, iraganean utzitakoaz. Iraganari zuzenduriko begirada nostalgiko horretan korrika dabiltzan, bizirik dauden haurrak marrazten dizkigu. Horregatik, badirudi faltan sumatzen duela orduko bizipoza, haurtzaroaren bizitzeko gogoak. Hain zuzen, umeentzat denboraren iragaitea ez da hain adierazkorra, ez ditu beren jarrerak zuzentzen. Bestalde, denbora askatasunean bizitzearen, denbora askatasunez sentitzearen aldeko apustua antzematen dugu», zehazten du Gutierrez Retolazak (in Gutierrez Retolaza, Iratxe. Op. cit.). Haurtzaroarekin batera jaioterriak ere pisu handia du poetaren kosmobisioan, eta handik eta hemendik azaltzen dira kostaldeari, hazten ikusi zuen Ondarroari zuzenduriko keinuak.

Gizakia munduaren neurrira ekartzeko nahiak, ezinbestean, gizabanakoen arteko harremanean sakontzera bultzatzen du poeta eta zera ondorioztatzen du: hitza ez dela bitartekorik egokiena edo, behintzat, ez eraginkorrena norberaren sentimenduak besteari helarazteko. Horren aurrean, «keinuen balioa azpimarratzen du: gorputz komunikazioaren garrantzia. Horrela, "Bisita" poeman aurkitzen ditugu poemategiko lerrorik adierazkorrenak: Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,/ ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,/ maitasun keinu bat besterik ez», azaldu du Gutierrez Retolazak. Poemaren testuinguruan hitz horiek duten garrantziaz aparte —droga menpeko batek senideei zuzenduriko eskaria da—, Kortazarrek gogora dakarrenez «tómame la mano, Meli» izan ziren Gabriel Aresti poetak ahoskatu zituen azken hitzak. Hots, naufragoak kostaldera iristen lagunduko dion ohola nola, halaxe behar du gizakiak zailtasunei, kasu honetan heriotzari aurre egiten lagunduko dion euskarria-eskua.

Bere poetikaren inguruan, ondokoa dio Uribek berak: «Niri bilatzea gustatzen zait, itsasoan ibiltzea. Kontua, begirada propioa izatea da. Nik uste, denok dugula begirada propioa. Txuma Murugarrenek esan zidan literaturan inportanteena begirada dela, ikuspegi propioa izatea. Guk biok gauza bera ikus dezakegu, baina idazten hasiz gero, desberdin idatziko genuke, seguru. Horixe da kontua: nork bere ikuspegi propioa izatea, munduaren kezkei buruz gogoeta artistikoa egiteko. Horixe da poesia. Gogoan dut Lobo Antunesek ere berealdiko inportantzia ematen ziola horri: "norberak beste inork ez du norberaren ahotsa, eta ahots hori ona da, bakarra delako"».

Kirmen Uribek Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasketak burutu ondoren, Literatura Konparatua ikastaroa egin zuen Italian. Itzultzaile eta interprete gisa egin du lan baita gidoilaritzan aritu ere, ETBko Sautrela literatura saioan besteak beste. Egile eklektikoa dugu Ondarrokoa; gaztetatik izan du musikarekin harreman estua eta hainbat musika talderentzat— Mikel Urdangarin, Piztiak, TTLT, Bide Ertzean, Sagarroi eta beste— letrak idatzi ditu.

Korrika 12-rako Bar Puerto. Bazterreko ahotsak ikuskizuna antolatu zuen Mikel Urdangarin eta Josu Eizagirreren laguntzarekin, zeinak poesia, bideoa, musika eta testigantzak biltzen zituen. Gerora izen bereko diskoa kaleratu zuen. Handik bi urtera, New Yorken eskani zituen errezitaldi batzuen harira, Zaharregia, txikiegia agian saioa prestatu zen, eta ondoren disko-liburu gisa kaleratu zuen. Mikel Valverde ilustratzaileak zein Mikel Urdangarinek, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek parte hartu zuten egitasmoan.

Poesia ez ezik, saiakera eta Haur eta Gazte literatura jorratu ditu Uribek. Lehenengoaren barruan kokatu beharko genituzke Lizardi eta erotismoa, Jon Elordirekin batera eginikoa eta Alberdaniak argitaraturikoa, zein Zazpi saio, zazpi leiho (argitaragabea) lanak. Aipatu saioengatik Becerro de Bengoa saiakera saria jaso zuen egileak, 1995ean eta 2000 urtean, hurrenez hurren. Haur eta Gazte literaturari dagokionez, Amerikako Estatu Batuetara joandako Garmendia pistolariaren abenturen berri ematen digute orain arte idatziriko hiru lanek: Garmendia eta zaldun beltza (Elkar), Garmendia errege (Elkar), eta Fannyren sekretua (Elkar). Bestetik, Uribek sinatu du Kukubiltxo antzerki taldearentzat Ekidazu. Lehoiek ez dakite bibolina jotzen antzezlanaren gidoia.


Idazleari buruz informazio gehiago ondoko helbideetan:

© Argazkia: euskalkultura.com