URKIXO, Joanes

(Galdakao, 1955)

Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. Gaztaroan denetariko lanak egin zituen: bulegari, leiho-garbitzaile, egunkari-banatzaile, gaztelerazko eta euskarazko irakasle zein film itzultzaile. Gaur egun, zinema eta telebista gidoilari gisa lan egiten du.

1978-80 urte bitartean Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde eta Joseba Sarrionandiaren Pott bandarekin kolaboratu zuen, eta 1983an Ttu-ttua literatur aldizkaria sortu zuen Laura Mintegirekin batera.

Eta beharbada ispilu beltz bat (BAK, 1981) antzezlana dugu Joanes Urkixok argitaraturiko lehen lana. Handik bederatzi urtera bere estreinako eta, oraingoz, azken poemategia kaleratu zuen: Berbak legezko aiztoak (Susa). Bertan, «hogeitahiru poema urbano. Urbeak eskaini dezakeen iruditeriaz horniturik: Alkohola, likido hori baita tabernetan arrakalatzen den bidaiariaren ahazteko makina, hortxe baitu bizitzaren azken bidea. Eta alkoholarekin erretzen da oroitzapena. Eta ezereza egiten denean ferekatzeko gorputza da bilatzen. Eta ezpainak galtzen dira beste ezpainen laberintuetan. Eta goiza agertzen denean argiak ekartzen du norberaren miseriaren ispilua, bertan begiratu eta ohartzeko betiko deserria dela hiria. Eta ez da falta Philip Marlowe, antiheroea, aholkurik ematen ez duena, aholkurik ez baitago desertuan. Norbera dago bakarrik aurrean duenaren kontra. Eta bataila horretan irabazle ateratzeko esperantza gutxi. »Horixe da poemario honen laburpena. Hiriaren gaueko erretratoa. Ezaguna egiten da, erretrato hori R&R-ak bihurtu baitu tipiko. Eta gogoratzen naiz Bruce Springsteenen edo Tom Waitsen kantu batzuekin. Eta nola ez, Etiopiaz gogoratzen naiz beti. Eta badakit haruntzago badirela beste mundu batzuk. Adibidez, Arabia, Siria, India, Txina, eta urrutira joan nahi izanez gero Japoi ere aurki daiteke. Edo sorterrira bueltatu nahi izanez gero hurrean ikus daiteke Praga. Oso polita da Joanes Urkijok Pragari eskaintzen dion poema» (in Juaristi, Felipe. "Etiopiatik haruntzago bada mundurik", Argia, 1991-01-27).

Dena den, Haur eta Gazte Literatura jorratu du, batik bat, egileak. Haurrentzat sei liburu idatziak ditu: Patxi Trumoik letrak ikasi nahi ditu (Erein, 1985), Patxi eta txoriaren bahiketa (Erein, 1986), Argitxo iratxoa (Ikastolen Federakundea, 2003), Argitxo eta Olentzero (Ikastolen Federakundea, 2003), Argitxo San Juanetan (Ikastolen Federakundea, 2003), eta Argitxo Santa Agedan (Ikastolen Federakundea, 2003). Gazteentzat, berriz, abenturaz beteriko lanak osatu ditu, horren adibide genuke Shangai Tom espazioko zaindari (Elkar, 1992) zientzia-fikziozko eleberria. Galaxiako bazter urrun batean, planeta galdu bat inbaditzen dute indar ezezagunek, eta dagoeneko hirugarren aldia da gauza bera gertatzen dela. Izarrarteko agintariek ez dakite zer gertatzen den, ez zer egin, eta konponbide bakarra ikusten dute: Shangai Tom, espazioko zaindaria, gazte ausarta eta bideojolasetan txapelduna. Shangairen lana izango da Dalgon III planetan ezkutuan sartu, erresistentzi taldeak bilatu eta haiekin batera askapen borroka antolatzea. Rober Garay-k ilustraturiko Bihotz ausarta-n (Zubia-Alfaguara, 1996), berriz, hamalau urte betetzera doan Urtziren gorabeherak azaltzen zaizkigu. Azkenaldian mutikoaren egoera ez da batere samurra. Hutsune handia nabaritzen du bere barruan eta ez daki nola bete. Aitaren errietak eguneroko ohitura bihurtu dira. Azterketetan ustelak ateratzen hasi da eta munduko neska zoragarrienaz maitemindurik dago, baina hark ez dio jaramonik egiten. Arazo hauei guztiei aurre egiteko, Urtzik bihotz ausarta duela erakutsi beharko du.

Zeruak erori zirenekoa (Ibaizabal, 1998) liburuarekin zientzia-fikzioari heldu zion berriz Urkixok, eta haren ostean etorri zen argitalpena, Thule (Elkar, 1998), Joseba Jaka literatur bekari esker osatu zuen. Veneziako portuan, XIV. mende amaieran, euskal marinel bi topatuko ditugu: Juan Olanokoa, bermeotarra, eta Iñigo Bertendonakoa, bilbotarra, piraten eraso batean euren barkua galdu eta berri baten bila. Niccolo eta Antonio Zeno merkatari veneziarrak ezagutuko dituzte, eta hauekin batera abiatu Europako Ipar Itsasoetan barrena, salerosketan jarduteaz batera helburu sekretu batekin: Thule uharte mitiko eta misteriotsua deskubritzea. Bidaian zehar mila arazo izango dituzte: itsasoko ekaitzak eta piztiak, espioiak eta sabotaiak, Asua pirata bizkaitar zitala... «Abentura nobela honen ezaugarririk nabarienak hauetxek lirateke: ekintza etengabea, lurralde ezagun eta exotikoen arteko uztarketa zaindua, deskribapenen presentzia neurtua... Hori guztia oso ongi kontatua dago eta XIV. mendekoak diruditen -itsas- hitz estrainioak primeran txertatuak daude testuinguru argigarrietan. Itsas hiztegia ere landua dago eta koherenteki emana, eta begien bistakoa da bizkaierarekiko keinua. Hori guztia kontua harturik, ondorio hau atera genezake: abentura nobela on baten aurrean gaude eta irakurle gazteak atseginez egingo du aurrera olatuen arteko abentura hauetan barrena» (in Sagastume, Laura. Behinola, 1. zkia, 1999ko azaroa). Bien bitartean, Lur izeneko oihana-k (Zubia-Alfaguara, 2000) gizakien gehiegikeriek lurrari zer nolako arazoak ekar ditzaketen azalarazten du, ekologismoaren aldeko apustu garbia eginez. Haren ondoren idatziriko Gerlari zuria (Elkar, 2002) lanak Argitaletxe Elkartuek antolatzen duten Apirila Saria jaso zuen 2002an. Gerlari zuria abenturazko eleberria da zeinak, Irlandako nahiz Euskal Herriko leiendak uztartuz, Fionn gerlari gaztearen historia kontatzen digun: ezpata magiko batek bera hautatuko du irlandarren errege, baina klanen arteko borrokak eta bere txoriburukeriak hondamendia ekarriko die bai berari bai irlandarrei; horren ondoren deserrirako bidea hartuko du, eta horrela iritsiko da Urdaibaiko itsasadarrera, non abentura berriak izango dituen zain.

Bere azken argitalpena Nerabeak eta beste munstro batzuk (Aizkorri, 2005) dugu.

Helduentzako bi ipuin bildumaren egile ere bada Urkixo: Elur gainean (Erein, 1984) eta Lurra deika (Erein, 1991).




Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:

Euskal Idazleen Elkartea

Literaturaren Zubitegia

Galtzagorri Elkartea

Susa argitaletxea

Elkar argitaletxea




© Argazkia: ibaizabal.com