URRETABIZKAIA, Arantxa

(Donostia, 1947)




© Mari Jose Olaziregi

Transcript aldizkarian argitaratua, 2005.




Idazlearen hastapenak Lur argitaletxearekin daude lotuta. Historian lizentziaduna da eta kazetari lanetan aritzen da. 2001ean, Rikardo Arregi Saria lortu zuen bere kazetari lanengatik.

Poesia nahiz narratiba arloko lanak eman ditu argitara. Lehenengoen artean, San Pedro bezperaren ondokoak (1972) eta Maitasunaren magalean (1982) aipatuko genituzke. San Pedro bezperakoen ondorenak liburuan, adoleszentziaren amaiera kontatzen ahalegindu zen, sentsualtasun eta musikaltasun handiko poemen bidez. Narratiba-lanen artean, berriz, Zergatik Panpox (1979); Saturno (1987) eta Koaderno gorria (1998) eleberriak aipatuko genituzke, batetik, eta Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983) ipuin liburua nahiz Aurten aldatuko da nire bizitza (1992) gazteentzako narrazioa, bestetik. Urretabizkaiak egindakoak dira, halaber, Albaniaren konkista filmaren testua (1983) eta Lauaxeta (1987) filmarena.

Zergatik, Panpox (1979) eleberri laburra da autorearen lanik ezagunena eta kritikaren aldetik laudorio gehien hartu zituena. Era erakargarrian antolatutako eleberri liriko zoragarria da, barne bakarrizketa luze batek osatzen duena. Ama baten eta amultsuki «Panpox» esaten dion 7 urteko bere semearen bizitzako egun bateko gorabeherak kontatzen dira bertan. Emakume bakarra da protagonista, senarrak bost urte lehenago utzi zuenetik haurra bakarrik hazi behar izan duen ama. Gure ustez, Zergatik, Panpoxen unibertso literarioa hurbil dago 1970eko hamarkadan, Frantziako «desberdintasunaren feminismoa» deitu ohi zaion mugimenduaren barruan, sortu ziren obretatik.

Lehen eleberri honetako prosa lirikoak ez zuen jarraipenik izan autorearen ondoko lanean, 1987an argitaratutako Saturno eleberria poetika errealistara hurbiltzen baitzen. Marinel alkoholiko baten eta Maite izeneko gaixozainaren arteko maitasun istorioa kontatzen da Saturnon. Era tradizionalean idatzia da, katramila formal handirik gabea.

Urretabizkaiaren azken eleberria, Koaderno gorria (1998), gaur egungo emakumezko idazle askok sarri erabilitako genero autobiografikoan sartzen da. Eleberri honetatik hartu dugu aldizkari honetarako lagina. Gure ustez, autorearen eleberri handinahiena da, eta tonu liriko lortua duena. Amatasuna da nobelaren gunea eta maiuskulaz izendatzen den Amaren jardunak harilkatzen du narrazioaren unibertso osoa. Izenburuan iradokitzen den moduan, protagonista honek koaderno gorri batean idatzitakoak bideratzen du nobelaren eduki tematiko nagusia. Nobela bi planotan dago antolatuta. Batetik, Amaren aginduz, Caracasera haurrei koadernoa eramatera joan den Laura Garateren gertakariak kontatzen zaizkigu. Bestetik, Amak koaderno gorri batean seme-alabei idazten dien gutun luzea. Gutun hau seme-alabei zuzendua den heinean, beraiek dira testu barneko hartzaileak, hots, narratarioak, eta era berean, oroimenaren mekanismoa martxan jartzen dutenak. Urretabizkaiaren Koaderno gorria emakumezkoen ahots eta memorian sakontzen duen nobelagintzaren tradizioan sartu beharko genuke Guztiarekin ere, amatasunaren alderdi fisikoaz nahiz psikologikoaz haratago joaten ahalegintzen da nobela hau, eta amatasunaren alderdi soziala edo politikoa ere azaleratzen. Protagonistarentzat, konpromiso politikoa amatasunarekin uztartu ezineko ahalegina izan zen eta horixe dugu, hain justu, nobelan behin eta berriro azpimarratzen zaiguna. Bere amatasunaren gunerik garrantzitsuenak (haurdunaldia, erditzea, gaixoaldiak...) gertakari politikoekin daude lotuta (amnistiaren aldeko kanpainarekin, itxialdi eta manifestazioekin), pertsonaiak aukeratutako konpromisoarekin. Modu honetan, trebezia handiz, konpromiso politikoa eta amatasuna uztartzea eragotzi dioten emakume baten aitormena eskaini digu Urretabizkaiak.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: Susa (Literaturaren zubitegia)

© Zergatik panpox: Erein

© Koaderno gorria: Erein